Asteroko buletina
Baratzezaintzak eta sukaldaritzak hainbeste jakintza barneratzen dituzte. Matematika, kimika, irakurketa, historia…

Basoa berritzen duen langilea

Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki basoetan bizi da, baina gure herri eta hirietako parkeetan ere bada.

Egoitz Alkorta Miranda
Egoitz Alkorta Miranda

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko martxoaren 11
Argazkia: Aitor Montes Arrondo / CC
Urtxintxa (Sciurus vulgaris)

Taldea: Ornoduna / Ugaztuna.

Neurria: Gorputza 20-30 cm eta isatsa 14-25 cm artean.

Non bizi da? Basoetan eta hiriko parkeetan.

Zer jaten du? Haziak eta fruituak gehienbat.

Babes maila: Ez dago babestuta.

Oso erraz identifikatzen den tamaina ertaineko ugaztuna da. Ilaje arre-gorrizta du, azpialde txuriarekin. Neguan, ile gehiagorekin, kolore ilunagoa hartzen du eta udan argitu egiten da. Neguan, belarri puntetan ilea tente-tente edukitzen du, udan galdu egiten duena. Isats luze-luzea, ile harro-harroarekin. Lau hatzamar eskuetan eta aldiz, bost behatz hanketan. Atzeko hankak aurrekoak baino askoz luzeagoak ditu, jauzika aldaxkatik aldaxkarat ibiltzeko.

Iberiar penintsulatik hasi, eta Txina, Korea eta Japongo basoetaraino, banaketa oso zabala du katagorriak. Euskaldunek esan izan dute garai batean katagorri batek Euskal Herria puntatik puntara zeharkatu zezakeela lurrera jaitsi ere egin gabe, gure lurra basoz betea zegoelako. Egia ote? Ezin jakin! Garbi dagoena da gaur egungo urtxintxa abenturazaleenak ere ezingo lukeela hori egin, asfaltorik zapaldu gabe.

Bakarrik ibili zalea da, jeneralean egunez. Gaua arbolen goikaldean, adaburuetan egiten dituen habia esferikoetan pasatzen du. Zuhaitzetako zuloetan ere egiten ditu gordelekuak, landaretzaz goxatuta. Besteek egindako lana baliatuz, okil beltzak egin eta erabiltzen ez dituen zuloak ere gustuko ditu urtxintxa kuriosoak. Beste hegazti batzuek egindako habiak ere erabili ohi ditu.

Jateko garaian, hazi eta fruituak ditu kuttunenak: ezkurrak, intxaurrak, hurrak, pinaziak, pagatxak, masustak... baina onddoak, intsektuen larbak eta karakolak ere jaten ditu. Parean tokatuz gero edo besterik ezean, txori txikien habietako arrautzei edo txitoei ere ez die muzin egingo. Dagoenera moldatzen da urtxintxa, ez da batere mokofina.

Zuhaitzetan oso gustura dabilen arren, maiz jaisten da enborrean barrena buruz behera azkar batean, lurreko jakiak biltzeko. Hori bai, beti erne ibili beharra dauka, bai lurrean baita zuhaitzetan ere. Izan ere, aztore, hontza, lepahori, azeri, basakatu eta bestelako piztiak beti ibiltzen dira katagorriaren haragi goxoa dastatzeko gogoz.

Udazkenean lana franko egiten du, haziak bildu eta bildu, neguan janari eskasia dagoenerako. Zuhaitzetako zuloetan eta lurpean gordetzen ditu haziak eta pixkanaka-pixkanaka hauek janaz pasatzen du negu gogorra. Ahaztuta edo bizirautea lortu ez duelako, lurpean geratzen dira ezkurrak eta bestelako hazi asko eta asko. Esan liteke, nahi gabe, katagorria basozainaren lanak egiten aritzen dela, basoa berritzen. Horrekin, funtzio oso garrantzitsua betetzen du baso ekosisteman.

Isatsa timoi moduan erabiliz orekari eusteko, ez sinisteko moduko akrobaziak egiten ditu katagorriak. Hortxe ibiltzen da abiada bizian, sekulako jauziak eginez arbola batetik bestera pasatzeko. Hain gora, hain trebe, zer nolako inbidia. Nik ere nahi nuke izan urtxintxa bezala!

Mundu mailako lapurra
Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti... (+)
Kalte baino onura gehiago
Euskal Herrian bi sator espezie ditugu, sator itsu iberiarra (Talpa occidentalis), hedapena Bizkaia eta Araba mendebaldera mugaturik duena, eta Akitaniako satorra (Talpa aquitania), zabalduena eta... (+)
Hiltzaile ederra
Horrela izendatu zuen Félix Rodríguez de la Fuente naturalista ezagunak. Izen ezinhobea ehiztari dotore honentzat, sekulako abilidadea baitu bere harrapakinak akabatzeko. (+)
Defentsa guztiak ez dira onak
Mendebaldean kirikiño, erdialdean triku, eta ekialdean sagarroi. Euskal Herri osoan aurki dezakegun animalia sinpatikoa. Ugaztun txiki hau oso ezaguna da gure artean, baita maitatua ere. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora