Maiatza euritsu, ekhaina errautsu, orduan da laboraria urgullutsu.

“Etxeko lursailari bizia emateko sortu genuen baratze pedagogiko kolaboratiboa”

Donibane Lohitzune eta Bidarte artean hazitako hiru anai-arreben proiektua da Ereinez Hazi. Berenice, Tristan eta Virgile Bruniau gazteek utzia zegoen etxeko lursailari bizitza emateko asmoz abiatu zuten egitasmoa. “Duela hiru urte jarri genuen martxan proiektua. Orduan, ez zegoen ezer lursailean, eta pixkanaka prestatzen ari gara, pedagogiarako gunea sortzeko asmoz”, azaldu du Berenice Bruniauk. Baratzeak topatzea hain erraza ez den inguru paregabean dago kokatua proiektua, hain zuzen, Erromardi eta Lafitenea hondartzen artean, Lapurdiko kostaldean.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2023ko irailaren 25a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Etxeko baratzetik harago, hiruetako inork ez zuen harreman handiegirik nekazaritzarekin proiektua abiatu aurretik. Ikasketei lotuta, baina, Paristik hurbil lurraren espekulazioaren aurka borrokan ari ziren nekazarien mugimendua ezagutu zuen Bruniauk, eta gaiarekiko interesa piztu zitzaion. “Zuzenbide ikasketak egin ditut nik, baina ikasketa bukaerako lanean lurra lantzeko eta elikadurarako eskubidea landu nituen”, azaldu du. Lana amaitzearekin batera, diru laguntza batekin egin zuen topo Bruniauk, ingurumenarekin lotutako ekimenak bultzatzen dituzten elkarteei zuzendutakoa. Horrela bururatu zitzaion ordu arte utzia zuten etxeko lursailean baratze proiektua martxan jartzea.

2.200 metro koadro inguruko lursaila modu kolektiboan lantzen dute proiektuko kideek gaur egun. “Guztira 60 bat lagunek hartzen dute parte baratze kolaboratiboan, baina asko aldatzen da asteburuaren arabera. Lan saio batzuetan 30 lagun elkartzen gara, eta beste batzuetan, bost”, dio. Fruta arbolak ere badituzte lursailean: sagarrondoak, gereziondoak, udareondoak, mertxikondoak eta beste. “Ekoizten duguna ez dugu saltzen, hona lanera datorren jendeak etxera daramatza barazkiak, guztia partekatzen dugu”.

Permakulturan hezten

Permakulturaren printzipioen arabera egiten dute lan Ereinez Hazi proiektuan. Lursaila maldan dago, eta guztia eskuz egiten dute, mekanizaziorik gabe: “Pedagogia lana egitea da proiektuaren helburuetako bat”. Baratzea lantzera hurbiltzen diren kideekin ez ezik, haur eta gaztetxoekin ere lanketa egitea da haien asmoa: “Ikastetxeetako haurrekin saioak egin izan ditugu. Proiektua aurkeztera joan izan naiz ni haiengana, eta gero, haiek datoz lursailera”. Jolasen bidez lurraren eta nekazaritzaren inguruan ikasten dute haurrek, eta landaketak ere egiten dituzte haiekin.

Publiko zabalarentzat bestelako tailerrak ere eskaini izan dituzte gunean: sukaldaritzari, haziei, sendabelarrei eta lurraren ongarriei buruzkoak, besteak beste. “Bizia duen gune bat egitea da asmoa, partekatzeko eta trukerako espazio bizi bat”.

Udaberriko festa, agroekologia ospatzeko
2025-05-05 | Garazi Zabaleta
Maiatzaren 10ean egun osoko festa berezia antolatu dute Zestoako Amilibia baserrian. Agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren alde, Gipuzkoako Biolur elkarteak abiatutako proiektua da Amillubi, eta udaberriko... (+)
Alpeetako hegoaldetik Nafarroa Beherera, abeltzaintza estentsibo eta dibertsifikatuarekin
2025-04-28 | Garazi Zabaleta
Proventza eskualdean, Alpeen hegoaldean abiatu zuten Lili Saint-Laurent euskaldunak eta Mathias Guibert proventzarrak abeltzaintza proiektua duela hamar urte pasatxo. “Ardi, ahuntz, behi, txerri eta pottokekin... (+)
Konbutxa eta hartzituak bizibide
2025-04-14 | Garazi Zabaleta
2021 inguruan hasi zen Itziar Presa Blasco gernikarra konbutxaren munduan murgiltzen. “Magisteritza ikasi nuen nik, eta hezkuntzan aritu nintzen urteetan lanean, baina semeak jaio zirenean... (+)
Pilotako esparatrapu hondakinetatik papera
2025-04-13 | Garazi Zabaleta
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko kimika industrialeko ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte... (+)
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak
2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan... (+)
gora