Maiatza infernu, ekain-uztailak zeru

Etxeko kasta

Bolada harroan da. Ondo harroan. Etxe ondoraino etorri zaizkigu bere arboladiak, ahuakatediak. Ahuakatea gero eta sukalde gehiagotan ikusiko duzu eta osasuntsua dela entzungo duzu barra-barra. Bere izenak dioen bezala, Persea americana, Ameriketatik dator, zehazki Mesoamerika deitzen den lurraldekoa dela diote. Ba omen dira bost bat mila urte etxekotu zutela bertakoek; eta euskaldunok duela zenbat urte ikusten dugu ba fruta dendetan? Egun, bera gabeko fruta erakusleihorik ez duzu topatuko.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko abuztuaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Egia da denda leihoetatik sukalde jakin batzuetara, gero sukalde askotara eta hortik lurrera, zelai onenetarako urratsak urte gutxian eman dituela ahuakateak. Duela berrogeita hamar urte inguru kiwiak (Actinidia deliciosa) egin zuen bidearen antzekoa, ez berbera; kiwiarena idi-uztarriaren abiadurakoa izan zen eta ahuakatearena supersonikoa da.

Era askotara da azkarra ahuakateondoa. Jaiotzen, adibidez: nork ez du etxean ahuakatearen hezurra uretan jarri eta landare berri baten sorrera ikuskizunaz gozatu? Etxe guztietako giroak egokiak zaizkio! Hazi ere airean hazten da, bizitzeko aparteko grina balu bezala, batez ere lurrean landatu ondoren. Ugaltzeko ere ez du galbanarik, lau-sei urterako uzta nabarmena ematen hasten da.

Salmenta prezioa ere ez du motza, begiratu hurrena dendan. Horri helduta nekazari asko ari da ahuakateondoa landatzen, isurialde atlantikoan eta batez ere itsas inguruan. Sagardo sagarrak (Malus domestica) edo antzeko besteek baino dezentez etekin hobea emango duen itxaropenarekin.

Fruta arboletan, bi gauza kontuan izan behar dira, nahi eta nahi ez, baldin eta urtera egindako lanaz damutu nahi ez baduzu: zein mentuoin eta zein barietate aukeratu. Mentuoinek hemen izango duten jokabideaz eta gobernuaz ez dugu jakintza zipitzik ere, eta horrek saioak eta saioak egitera behartzen gaitu. Barietateak beste sagardotegiko bukoia dira. Gurearen antzeko klimatan eta bestelakoetan barietateek duten jokaera ezaguna da, eta batez ere bi baldintzei begiratzen zaie: urtebitasuna, hau da, bai-urtea eta ez-urtea izatearen portaerari; eta fruituen heldutasun garaiari.

Hemen, batez ere, hiru barietateren aldeko apustua egin da: Bacon, Hass eta Fuerte. Hass da dendetan maizena topatuko duzuna: azala iluna eta zimurtsua du. Bacon batez ere Hass barietatekoak polinizatzeko erabiltzen da. Fuertek azal leun, bigun eta zuritzen oso erraza du. Gure etxean hori dugu eta oso emalea da eta gozo-gozoa, nire ahosabaiak dioenez, onena.

Fuerte barietatea Kaliforniatik dator. Erdialdeko Amerikatik ahuakate barietate dezente sartua zen bertan; jendeak, baita ere, hazitik sortutako txertakak lantzen zituen barietate berrien bila. 1913an ikaragarrizko izoztea izan zen Kalifornian, eta ahuakateondo batek soilik eraman ahal izan zituen ondo samar izozte haren kalteak. Hortik datorkio izena: Fuerte ("Indartsu"). Zuhaitz hartatik datoz, txertatzearen txertatzez, munduan egun bizi diren milioika eta milioika Fuerte ahuakateondo.

Aurten etxean jaten ari garen ahuakate guztien hezurrak ereiten ditut, simaurpilaren aldamenean eta hurrengo urtean den-denak etxeko Fuertearen begiekin txertatzeko asmoa dut… Betor ahuakatedi berria.

Pagatza, bizitza, sutza
2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana. (+)
Harroputzetik artaputzera
2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-27 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-20 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
Akainen eta eulien erasoak
2025-07-14 | Jakoba Errekondo
Ekainak akainak ekarri ditu: uda iritsi da. Udaberriko egun beroetan hasten dira akainak ehizean, udako ehizaldi nagusirako hankak prestatzen. Garo arruntaren (Pteridium aquilinum) garomenetan izaten... (+)
gora