Maiatz iluna eta bagil argia, urte guztiko ogia

Mendiko suteak eta basozaintza

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lanbidean urteak daramatzagun basozainok, gogoan ditugu 1989. urtean Euskal Herria bortizki kolpatu zuten mendiko sute handiak. Urtarriletik luze zetorren lehorte latza udazkenean lehertu zen haize bortitzen bultzadaz. Dozenaka sutek beltzez jantzi zuten lurraldea, bereziki Euskal Herriko isurialde kantauriarra. Hondamendi ekologiko hartan, mendiaz gain, baserriak kiskali eta ehunka abere hil ziren, basa fauna ez aipatzearren.

Egun hauetan, eta Iberiar Penintsulako mendebaldetik etorri zaizkigun kontrolik gabeko mega-suteen irudien aurrean, batzuei gogoa 1989. urte hartara joan zaigu, gurean halako egoera bat errepikatu baitaiteke. Baina, aurre egiteko prest al gaude? Zenbait agintari politikoren diskurtsoak entzunda ematen du Euskal Herria (Gipuzkoa, bereziki), oasi modukoa dela. Errealitatea, zoritxarrez, oso bestelakoa da. Larrialdi klimatikoaren eta mendiko suteen aurrean Gipuzkoa ez da salbuespen bat. Horren adibide garbia, 2021eko otsailean Bidasoaldean gertatutako mendiko sute handia dugu. Hura abisu garbia izan zen, tamalez aintzat hartu ez dena.

Egun hauetan ikusi dugu suteek ohikoak ez diren portaerak izan dituztela. Pirokumuluak osatu, tokiko haizeteak eratu edota suzko zurrunbiloak sortu dira, sua ziztu bizian zabaldu, eta sastrakak, zuhaiztiak, zelaiak, larreak, bordak, etxeak eta herrixkak kiskali dira. Itzalketarako bitartekoak euren ahalmenetatik gaindi geratu dira eta tamalez hildakoak ere izan dira.

Ezin da ahaztu basozainok ingurumena eta landa eremua babesteko lehen defentsa-lerro berdea garela. Zoritxarrez, egun, agintariek nahi izan dutelako, lerro hori oso mehea da

Irudietan zuzenean bizitzen ari garen egoera latz hauen aurrean, orain eta etorkizunera begira, administrazio publikoak prestaturik egon behar du. Ezin da ahaztu basozainok ingurumena eta landa eremua babesteko lehen defentsa-lerro berdea garela. Zoritxarrez, egun, agintariek nahi izan dutelako, lerro hori oso mehea da. Ezin dugu ahaztu basozainok suaren prozesu guztian dugula ardura: prebentzioa, zaintza, itzaltze-lana, ikerketa eta mendiaren lehengoratzea.

Ingurumenaren eta Ondare Naturalaren defentsak lehentasuna izan beharko luke eta gure politikarientzat hala balitz, Gipuzkoako Basozaintza beste egora batean legoke. Aitzitik, aspalditik eta maiz aldarrikatu arren, errealitatea oso bestelakoa da. Oso basozain gutxi gara, formakuntza eta baliabide gabezia handiak ditugu. Horri gehitu behar zaizkio legez dagozkigun arduren aurrean gure lana modu egokian bete ahal izateko aurkitu izan ohi ditugun trabak. Pribatizazioaren bidean, Lurralde Oreka Berdeko Departamendua ahultzera eraman duten erabaki politikoen ondorio zuzena eta egoera orokorraren isla baino ez da.

Hala eta guztiz ere, gure iritzia ez da gehiegitan kontuan hartzen. Administrazioa betiko mantretan kateatua ikusten dugu. Itxuraz, Gipuzkoa uharte bat dela eta hemen landa eremua ezin hobe kudeatzen dela, hemengo basogintzari esker mendia oso ondo zainduta dagoela… baina baieztapen horiek ez dituzte edozein momentuan etor daitezkeen baso sute handiak geratuko.

Azaldu berri dugunaren adibide garbiak ditugu duela gutxi Gipuzkoako Batzar Nagusietan basogintzari buruzko ponentziaren ondorioak. Aldundiko arduradun politikoek aurretik idatzitako gidoiaren parte zirela zirudien, basogintza industrialaren interesekin zeharo lerrokatuta. Irakurketa zabalagoa egiteko aukera galdu zen. Bioaniztasunaren galera, aldaketa klimatikoaren ondorioen irakurketa, aurreko baso-politika okerren aitortza, besteak beste, zuhaitzen gaitzen hedapena ekarri duena, non gelditu dira? Baso naturalen beharra eta gelditzen zaigunaren zaintza edo zuhaitz-landaketa produktiboen jasangarritasuna antolatzeko aukera ez dira jaso. Basogintza industrialeko landaketa monoespezifikoak ezin dira denen aurretik ezarri, interes pribatuak, interes orokor eta publikoen gainetik. Horrek mendiko sute masiboen arriskua areagotu besterik ez du egiten.

Politika horiek ondorio larriak ekar ditzakete, eta azken urteetan arrisku sasoian euria egoera arintzera etorri bada ere, nork daki aurrerantzean salbatuko gaituen eta 1989an bizitakoa errepikatuko ez den, Galizan, Leonen edo Asturiasen oraingo honetan gertatu den bezala.

GBEP-Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionala

Basozainen ustez, euren aurkako artzainen salaketak funtsik gabekoak dira
Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak azken urteetan artzainen eta, EHNE eta Enba sindikatuen aldetik basozainek jaso dituzten kritikei erantzun diete ondoko idazkia medio. Bertan, besteak beste,... (+)
Pedrógão Grandeko suteaz
Gipuzkoan lan egiten duten basozainen kolektiboek elkarte bat osatu dute berriki eta egunotan albiste den Portugalgo sutearen harira beren ikuspuntua plazaratu nahi izan dute. (+)
gora