Asteroko buletina
Baratzea autobiografia forma bat da

“Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat”

Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko gara, Ehigeren azken podcasta aitzakia hartuta.

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2024ko azaroaren 20a
Begiraleen baldintzetan "ez da adierazten ez euskara maila gutxieneko bat, ez formakuntza maila gutxieneko bat; edonor etorri daiteke gure jantokietara lan egitera".

“Umeak ez ditugu 13:00etan amatatzen eta 15:00etan pizten, jantoki orduen tarte horretan ere hezten ari dira, eta elikatzen ere ikasten da”, dio Bilboko Zamakola eskolako jantokiaren arduradunak, Irati Lucas-ek, podcastean. Hain justu, jaten ari diren haur eta nerabeentzat begiraleek dute edozein tutorek bezainbesteko hezitzaile rola, “eta hezitzaile zaren momentutik formakuntza bat behar duzu, baina gaur egun eskola publikoetako jantokietako begiraleek ez dute halakorik, eta euren lan hitzarmenaren arabera, ‘bijilanteak’ dira”, azaldu du Erandioko Altzaga eskolako jantokiaren arduradunak, Nerea Olaziregik.

Ildo horretan, ikasturte honetan bere eskolan martxan jarri nahi duten proiektu interesgarri bat aipatu du Irati Lucasek, jantoki hezigarria helburu: jantoki orduetan, baita haurrak patioan jolasean ari diren tarte horretan ‘bijilante’ dauden begiraleei “formazio potente bat” emango diete, ikastetxeko filosofia transmititzeko eta filosofia horrek jantokiaren tartea ere zipriztindu dezan.

Jantoki orduetan, baita haurrak patioan jolasean ari diren tarte horretan ‘bijilante’ dauden begiraleei "formazio potente bat" emango diete, ikastetxeko filosofia transmititzeko

Ausolan enpresarentzat ikastetxe batean begirale lanetan aritu den langile bati galdetu diogu, eta esan digu on-line ikastaroa jaso zuela (alergien aurrean nola jokatu, larrialdiren bat egonez gero zer egin…) eta janari kopuruak ere zehaztuta dituztela, adinaren arabera. Hortik aurrera, ezer gutxi. Eskolako jantokia benetan baldin bada elikaduran hezteko lekua, umeek zer, zenbat, nola… jan irizpiderik jasotzen al dute begiraleek? “Ez dago irizpide finkaturik, lankide zaharragoek komentatzen zidaten, adibidez, egunero ikasle bera baldin bada jaten ez duena, apur bat insisitzeko eta halakoak, baina janari pila bat botatzen da jangelan”.

Pentsa, euskaraz ez dakiten begiraleak ere izan ditzakete haur eta gazteek eskolako jantokian, Eusko Jaurlaritzak azpikontrataturiko enpresak jartzen baititu langileak, eta “langile horien profila zehazten duen baldintzetan ez da adierazten ez euskara maila gutxieneko bat, ez formakuntza maila gutxieneko bat; edonor etorri daiteke gure jantokietara lan egitera”. Hala azaldu du Irati Lucasek; euren eskolan, esaterako, euskaraz ez dakien langile bat dute jangelan. Euskaraz ez dakienik ere izan dute Nerea Olaziregiren ikastetxean: “Langileek gainera ez dute aurretik elkarrizketa bakar bat ere izaten kontratatu dituen enpresarekin, ez dute begiratzen zein maila duen, ezta euskaraz dakien ere”.

Podcasteko bi solaskideen hitzetan, eurek ere ez dute jaso jantokiko ardura eramatearen bueltako formaziorik. Beraien ardura da, legeak dioenez, otordu zerbitzuak antolatzea, menuen jarraipena egitea, jasangarritasun irizpideei jarraipena egitea, praktika onak bultzatzea… “eta askoz gauza gehiago”. Baina elikadurari lotutako ardura horiei dagokienez, esku-hartze oso mugatua dutela dio Olaziregik, Jaurlaritzaren eta zerbitzua emateko Jaurlaritzak azpikontratatutako enpresa pribatuaren arteko bitartekari direla: “Ekartzen duten janaria ustelduta badago, kopuruak egokiak ez badira… esku hartu dezakegu, baina produktuen jatorrian, menuaren egituraketan… ezin dugu eragin”. Lucasen esanetan ere, “araudiak oso autonomia gutxi uzten digu bai arduradunoi, bai sukaldariei, finkatuta dagoen errezetatik ezin garelako irten, ezin ditugu esaterako inguruko produktuak exijitu, ezin dugu menuaren gainean erabaki”.

"Badira jantokiak zeintzuetan umeek askotan ez duten jan nahi, ezin du izan ume batek esatea arraina ez zaiola gustatzen, jantokian izan duen esperientziagatik"

Olaziregik goitik behera aldatuko luke eredua, “geletatik kanpo aukera handiak ematen dituen espazio garrantzitsua delako, nahiz eta hezkuntza proiektutik nahiko kanpo geratu ohi den jantokia. Oso bakarrik sentitzen naiz, eta ahal dudan neurrian zirrikituak bilatzen ditut, beste eragile batzuekin saretuz eta abar, bestelako jantoki eredu baten bidean. Jantokiek ezin dute negozio izan, eta enpresa baten esku uzten ditugun momentutik, hala da”. Lucasen hitzetan, “badira jantokiak zeintzuetan umeek askotan ez duten jan nahi, ezin du izan ume batek esatea arraina ez zaiola gustatzen, jantokian izan duen esperientziagatik; jantokiko janariak izan behar du kalitate onekoa, goxoa, jateko gogoa ematen duena… eta hori beti ez da gertatzen”.

Ikas-komunitatea biltzeko eta jantokietan eragiteko balio dezaketen jantoki batzordeak ere aldarrikatu dituzte podcastean. Olaziregiren eskolan ez dago jantoki batzorderik; “horretan gabiltza”. Lucasenean, familiek, zuzendaritza taldeak eta jantokiko arduradunak bakarrik ez, jantokiko langileek ere osatzen dute batzordea, bertan parte hartzera gonbidatzea erabaki zutelako. “Bi hilero biltzen gara gutxi gorabehera, eta iaz enpresa aldatu genuenez bilera nahiko informatiboak izan ziren, baina izan behar du espazio bat kezkak eta arazoak bildu, aztertu eta plan bat garatzeko”.

Nerea Olaziregi eta Irati Lucas, guraso elkarteen federazioak duen podcastean. EHIGE
Valentziako presidentearen aurkako salaketa jarri dute, eta haren dimisioa eskatu
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa... (+)
Zaintza beharrean, kontrola lehenesten duen arkitektura dugu eskoletan
Ikastetxetako patioen eraldaketak ugaritzen ari diren arren, oraindik eraikin zaharkituak eta azpiegitura zurrunak dira nagusi hezkuntzan (barruko nahiz kanpoko espazioetan), gustura ikasi, mugitu eta harremanak... (+)
Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak
Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko... (+)
Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen
Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta... (+)
Zergatik ez gara arreta mantentzeko gai?
Langileen %80ak ez du ordubete irauten arreta galdu gabe eta %20 inguru hamar minuturo distraitzen da. Kontzentratzeko gaitasun falta ez da soilik mugikorren eta estimulu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora