Astelehenero 8:00etan zure epostan
EAEko ikastetxeetan 28 sukalde in situ eta zonaldekako hamasei eraikiko dituztela dio Hezkuntza Sailaren azken azpiegitura planak. Sukaldeen mapa eguneratua argitaratu du EHIGEk: dagoeneko sukaldea daukaten EAEko ikastetxe publikoak, sukaldea egitea onartua dutenak eta sukaldea eskatu baina oraindik erantzun egokirik ez dutenak. “Sukaldeak dira elikadura osasungarriagoa lortzeko lehen urratsa”.
1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.
EAEko ikastetxe publikoetako sukaldeen mapa: daukatenak, izango dutenak eta eskatu dutenak.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak iragarritako 2025-2030 aldirako azpiegitura planean jasotako iragarpenak erantzuten dio handitu baino egiten ez den eskariari: “Argi dugu sukaldeak eraikitzea dela elikadura osasuntsuagoa eta iraunkorragoa lortzeko lehen urratsa”, dio EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak.
35 ikastetxe "erantzun egokirik gabe"
Azken datuak jasota, EAEko sukaldeen mapa eguneratu du EHIGEk: batetik, bildu ditu dagoeneko sukaldea daukaten ikastetxe publikoak; bestetik, sukaldea egitea onartua dutenak (tartean, aipaturiko azpiegitura planean agertzen direnak), eta zerrendan agertuz gero, martxan jartzeko oharra egin die guraso elkarteak; azkenik, mapan ageri dira eskola kontseiluaren bidez sukaldea eskatu bai, baina oraindik “erantzun egokirik jaso ez duten ikastetxeak”. Maparen arabera, 35 dira eskaera egin eta erantzunaren zain jarraitzen duten ikastetxeak.
Gainerako ikastetxeei ere deia luzatu die EHIGEk, Hezkuntza Sailari eskola-jantokirako sukaldea eska diezaioten, behin eskola kontseiluak onartuta. “Ikastetxean sukaldea izateak abantaila asko ditu: menuak elikagai freskoekin, sasoikoekin, lokalekin, jasangarriekin eta kalitatezkoekin egitea errazten du; xahuketa nabarmen murriztea bermatzen du eta tresna pedagogiko garrantzitsua izan daiteke”, adierazia du guraso elkarteak ‘Ikastetxerik ez, sukalderik gabe’ kanpainaren baitan.
Eskola-elikaduraren gaineko erabakimena eskola-komunitatearena izatea nahi du EHIGEk, ez catering enpresa handiena
Sukaldea bai… baina kudeaketa ere bai
Dena den, EHIGEren aldarrikapena –eta ikastetxe askorena– ez da sukalde propioa izatera mugatzen, aspalditik eskatzen diote Hezkuntza Sailari eskola-jantokien kudeaketa deszentralizatua ahalbidetuko duen araudia argitara dezala. Gaur egun, ikastetxe publiko guztietako jantokiak catering-enpresa handien bidez kudeatzen dira –salbu eta proiektu pilotu gisa ari diren lau eskolatan– eta eskola-elikaduraren gaineko erabakimena eskola-komunitatearena izatea nahi du EHIGEk, ez enpresa handiena.
Gogora dezagun 2019an Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek onartu zutela Eusko Jaurlaritzari eskatzea kudeaketa eredu deszentralizatuak azter zitzala, lau hilabeteko epean, gero araudia berritzeko. Bada, sei urteren ostean, zain jarraitzen dutela kritikatu dute guraso elkartetik: eskola-jantokiei dagokionez, “ikastetxeek ez dute erabakitzeko gaitasunik, eta catering-enpresa handiek aukeratzen dituzte kudeatu nahi dituzten loteak”.
Kudeaketa eredu zentralizatu hori zaharkitua geratu dela argi du EHIGEk. Behin baino gehiagotan izan dira albiste eskoletako jangelak eta hauek hornitzen dituzten catering enpresak, janarian zomorro edo antzekoren bat agertu delako, edo guraso elkarteek salatu dutelako kalitate oso eskaseko menuak zerbitzatzen dituztela.
Berriki, eskola-jantokien inguruko ikerketa plazaratu du EHUk, Bizkaiko hamar eskolatan 11-12 urteko haurrei banatutako 1.000 menu aztertuta. Ondorioztatu dute haurrei zerbitzatzen dieten janaria ez dela erabat doitzen elikadura-gomendioetara, eta azpimarratu dute umeek jan gabe platerean uzten duenak garrantzi handia duela bai beren elikaduran bai jasangarritasunean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545