Abuztuaren erditik aurrera eguna moztu eta euliak zorroztu

Herritarren nahiari “entzungor”, Eibarko jaietan sokamuturra egingo dute

Eibarko Udalak atzera bota du herritarrek aurkeztutako sokamuturraren aurkako mozioa. EAJk aurkeztutako mozioa onartu dute, datorren urteetarako sokamuturraren inguruko eztabaida herritarren eta alderdien artean eztabaidatzeko. Eibarko Sokamuturra Ez taldeak salatu du erabakia "herrian tauromakia sustatzeko estrategiaren parte" dela.


2026ko ekainaren 19a
Sokamuturraren aurkako elkarretaratzea, asteartean, Eibarko Untzaga plazan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hamar urteren ostean, berriro egongo da sokamuturra Eibarko sanjoanetan. Egun gutxi falta dira jaietarako, eta tentsioa nabari da herrian, udalak sokamuturrari eutsiko diola iragarri ostean. Ekainaren 21ean, 24an eta 25ean egingo da, Untzaga plazan. Herrian zeresana eman du albisteak; hainbat eragile batu eta udalari eskatu diote bertan behera uzteko jarduera. Eibarko Sokamuturra Ez taldeak deituta, berrehundik gora herritar elkartu dira astearteko elkarretaratzean eta ostegun arratsaldean beste elkarretaratze bat egin dute.

Udalak asteartean iragarri zuen sokamuturra jaietako egitarauan egongo dela. Bada, animalien aldeko kolektiboek, Elkarrekin Ahal Dugu, EH Bildu eta EAJren babesarekin, bertan behera uzteko mozioa aurkeztu zuten. Ostegun arratsaldeko ezohiko osoko bilkuran udalak atzera bota du sokamuturraren aurkako eskaria, eta eutsi egin dio bereari. Mozioa Elkarrekin Ahal Dugu-k babestu du soilik; EH Bildu abstenitu egin da, eta EAJ eta PSE-EEk aurka bozkatu dute. 

Sokamuturra bertan behera uzteko mozioa atzera bota badute ere, saioan EAJk aurkeztutako beste mozio bat onartu dute: elkarrizketarako tarte bat zabalduko dute, herritarren eta alderdien artean erabakitzeko datorren urteetan sokamuturra egin edo ez.

"Gutxi batzuen interesen alde"

1.000 sinadura inguru bildu ditu Eibarko Sokamuturra Ez taldeak sokamuturra bertan behera uzteko eskatzeko. "Eibarren ez dugu animalien aurkako tratu txarrik onartzen. Ez dugu bigantxen sufrimenduan oinarritutako jaialdirik nahi. Argi eta garbi diogu: ezetza ematen diogu gure jaietan sokamuturra egiteari".

Adierazi dute udalak erabakia "behar bezalako adostasun sozial eta politikorik gabe" hartu duela, eta herrian tauromakia sustatzeko estrategiaren parte dela: "Ez dugu uste erabaki hau gertakari bakan bat denik. Duela urtebete, adibidez, udalak herriko zezenzaleen Pedrucho elkarteari lokal bat laga zion, eta hau beste urrats bat da bide horretan".

Taldeak Jon Iraola Eibarko alkateari (PSE-EE) galdegin dio erabakiaren zergatiaz, eta hark erantzun du "gazteek eskatu duten zerbait" dela. Taldeak zera adierazi du: "Gaur arte ez du azaldu zein gaztek eskatu duen hori, ez eta zer espaziotan edo zer bidetatik egin duten eskaera hori. Udal batek gutxi batzuen nahiak lehenetsi behar al ditu? Guk badakigu mila eibartar daudela sokamuturra ospatzearen aurka".

Sokamuturra goizeko zortzietan egingo dute; hain justu, haurren txokolate janarekin batera. "Zer balio transmititu nahi dizkiegu haurrei eta gazteei? Animaliei sufrimendua eragitea zilegi dela gutxi batzuen aisialdirako? Sokamuturra eta txokolate jana ordu eta leku berean eginez gero, haurrek animalien sufrimendua normalizatuko dute". 

Udalari sokamuturra bertan behera uzteko eskatu diote, eta eragile gehiago batu zaizkie eskaerara, tartean: Marcan Huella, Katubeltz, Oinatz, Biziraun, AIA Aska Itzank Animaliyak, Zaunk, Matraka Eibarko talde feminista, Gipuzkoa Antitaurina, Animalien Babeserako Euskal Federazioa, ANDA Animaliak Defendatzeko Espainiako Elkartea, Tauromakiaren Kontrako Sarea eta Eurogroup for Animals.

 

gora