Aldatz gorrie, aldatz berrie

Erlezaintza, afiziotik ofiziora

Haizea Belarra nafarra ari da buru-belarri Berako Erlanki erlezaintza proiektuan, baina Mikel Lertxundi bikotekideak ere garrantzia handia du, beraren bidez hasi baitzen Belarra erlezaintzaren munduan pixkanaka sartzen: “2015ean hasi zen bikotekidea erleekin, ni orduan sukaldaritzako irakasle lanetan ari nintzen”. 2017an haurdun gelditu zenean, ordea, lana uztea erabaki zuen, eta denbora gehiago libre zuela-eta, Lertxundik afizio zuen jardun horretan laguntzen hasi zen. “Poliki-poliki hasi nintzen, baina geroz eta denbora gehiago eskaintzen nion… eta, azkenean, Mikelen afizioa bihurtu zen nire ofizio!”.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2023ko ekainaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Modu profesionalean ez bazen ere, erleekin bazuten harremanik lehenagotik Lertxundiren etxean. “Mikelen gurasoek betidanik izan dituzte polinizaziorako erleak baratzean, baina horiek ez ziren eztia ekoizteko helburuarekin jarriak, baratzearen onurari begirakoak baizik”. Bestalde, osaba batek ere bazituen erleak eta eztia ekoizten zuen. Istripu baten ondorioz utzi egin behar izan zuen, eta erreleboa Lertxundik hartu zion. “Erleak eman zizkion osabak, eta baita erlategiak eta material guztia ere”, azaldu du Belarrak.

Horrela sartu zen erlezaintzaren mundura Lertxundi, osabaren, gurasoen eta bikotekidearen beraren laguntzarekin. Eta horrela pasatu zen, gerora, Belarra proiektuaren ardura hartzera. “Ni, oraindik, ikasteko prozesuan ari naiz. Mikel da nire irakaslea, hasi zenean ikastaro eta formakuntza ugari jaso baitzituen”, dio. Erbel erle beltzaren aldeko elkartearekin badute harremana, eta bere garaian Lertxundi bertan aritu zen lanean. “Erle beltzarekin ari gara lanean, bai, bertako erlearekin. Nola bestela?”, galdetu du Belarrak.

Erlezaintza, kontzientzia hartzeko bide

Lau ezti mota ekoizten dituzte Erlankin, udaberriko bi eta udako beste bi. Baina ez hori bakarrik: lore-hautsa, propolia eta animaliak bizirik ere saltzen dituzte, paketetan edo nukleotan. “Aurten erregina-jelearekin hasteko asmoa dugu, baina ikusiko da, erditzeko gutti falta zait-eta”, dio erlezainak. Produktu horiek guztiak hurbileko denda txikietan eta azoketan saltzen dituzte batik bat, eta etxean bertan ere bai.

Belarrak nabarmendu duenez, urteotako ikasketa prozesuak erlezaintzan sakontzeko ez ezik, kontzientzia hartzeko ere balio izan dio: “Hau ez da erlezaintza bakarra, anitz ikasten da gure inguruaz ere, naturak duen garrantziaz ohartzeko bide bat da”. Barroa gaixotasuna, liztor asiarra eta beste hainbat zailtasun medio, erlezain izatea geroz eta zailagoa dela dio, baina bestetik, sumatzen du jendea pixkanaka kontzientzia hartzen eta hurbileko eta kalitatez ekoitzitako elikagaiak baloratzen. “Kontua ez da eztia kontsumitzea soilik, da ohartzea horretarako erleak beharrezkoak direla, naturak aitzinera egiteko beharrezkoak diren bezala”.

Zuberoako artzainen Azkorria gasnategi kolektiboak urteurren festa egingo du urriaren 17an
2026-10-14 | Garazi Zabaleta
Aurten hogei urte betetzen ditu Azkorria kooperatibak. Hori ospatzeko, urriaren 17an Muskildin festa egingo dute. Hitzordua 09:00etan da, Azkorria dendaren atarian: ekoizleen merkatua egingo dute... (+)
“Hamar urteotan baratzean egindako lanak agendan idatzi dituenak sekulako altxorra du”
2026-10-12 | Garazi Zabaleta
Duela hamar urte argitaratu zuten lehen Ilargia eta Landareak agenda Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak, ARGIAk bultzatuta. Hamar urte beranduago, eta ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak... (+)
Frantses lorategi apaina eta lorategi basati askeagoa, elkarren lagun
2026-10-05 | Garazi Zabaleta
Kanbon (Lapurdi) kokatua den eraikin ederra da Belle Époque garaiko Arnagako jauregia, gaur egun Herriko Etxearena dena eta museo bihurtua dutena. Klima astearen seigarren edizioa... (+)
Ogia, bizitzako proiektu Etxalarren
2026-09-28 | Garazi Zabaleta
Duela hamaika urte, 2015eko irailean bukatu zituzten Etxalarko (Nafarroa) Maira okindegiko obradorearen lanak, eta ogia egiteari ekin zioten Aloña Gonzalez Bereauk eta Ander Amundarain Hernandezek.... (+)
Artzaintza eta naturopatia Ezkion: ingurumena, osasuna eta elikadura, eskutik
2026-09-21 | Garazi Zabaleta
Naturopatiarekin eta sendabelarrekin lotutako Mimogoxo proiektua zuen martxan Eztizen Agirresarobe Pinedak duela zenbait urtetik, eta Beñat Idiakez Amenabar bikotekideak artzaintza ikasketak egin eta ardiak jartzea... (+)
gora