Nolako zura halako ezpala

Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla osasunerako eta bereziki arnasketa sistemarako.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko maiatzaren 06a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azkonita erlezaintza proiektuko kide da Balerdi eta bere erlauntzak darabiltzate jarduera berrian. Atxaga, berriz, erlezaina izan ez arren, aspalditik dabil erlezaintzako produktuen munduan sartuta. Berak izan zuen Katalunian eta beste zenbait tokitan martxan zegoen jarduera berezi horren berri, eta Euskal Herrira ekartzea bururatu zitzaion.

Kataluniako esperientziatik ikasten

Sabadellen antzeko beste proiektu bat martxan zegoela jakin zuen Atxagak, eta hor hasi zen dena. “Hango kideari deitu nion zuzenean, eta bere instalakuntzara bisitan joan nintzen jarduera nola zen ezagutzeko”, azaldu du. Eredu hura Gipuzkoara ekartzeko lanean hasi zen segidan, eta orduan jarri zen aspalditik ezagutzen zuen Balerdirekin harremanetan. “Apiterapia egiteko baimenak eskatu behar izan ditugu, eta niretzat ere berria da hau guztia, orain arte eztia, erregina-jelea eta horrelakoak ekoiztera mugatzen bainintzen”, dio Balerdik.

Katalunian ez ezik, Europako ekialdeko herrietan jarduera nahiko ohikoak omen dira erlauntzako airea arnastea eta erleen sauna. Dena dela, Kataluniako esperientzia izan dute oinarri Balerdik eta Atxagak: “Hark bere esperientzia kontatu digu, eta horren arabera, asmarekin edo bestelako arazoekin joan den jendeari on egin dio, beraz, probatzea da kontua”. Jardueraren berri emateko zabaldu duten mezuan nabarmendu dutenez, onurak dakartza alor hauetan: sasoiko alergiak, sistema immunitarioa, biriketako gaitasuna, estresa, insomnioa, antsietatea eta parkinsona. “Kataluniako Unibertsitateko ikerketa baten arabera, kanpoan arnas dezakegun kalitate oneneko airea baino hamar aldiz hobea da pertsonentzat erlauntzakoa”, dio Atxagak.

Etxolatxoak ikaztegietan

Bi zerbitzu eskaintzen dituzte Ikaztegietako lursailean jarri dituzten etxoletan. Lehen etxolan bost erlauntza daude, eta horietako bakoitzak erauzgailu bat du maskarila txiki batekin, bezeroak erlauntzako airea arnas dezan. Ordu erdiko jarduera da hori. Bigarrenak, berriz, "Erleen sauna" bezala izendatu dutenak, horrela funtzionatzen du: sei erlauntza jarri dituzte etxola batean goitik irekita; gelan bi litera daude, eta horietako bakoitzaren azpian daude erlauntzak, sare batekin itxita. Erlauntza 35 gradutan egon ohi da, beroa sortzen du. Ordubeteko saioa da hori. “Atmosfera berezia sortzen da, soinua eta erleen bibrazioa… hori guztia sentitzen du etzanda dagoenak”, azaldu du Balerdik.

Erlezainak nabarmendu du, dena den, ez dela egun batetik bestera arazoa konponduko duen jarduera miragarri bat, jarraipena behar duela. Baina, dioenez, onena jendeak zuzenean probatzea eta on egiten dion edo ez erabakitzea da. “Probatu egin beharra dago, eta on egiten badio, bada, aurrera”.

Informazio gehiago jasotzeko edo proiektuko kideekin harremanetan jartzeko, bi telefono eman dituzte:

618 25 49 71 eta 639 18 78 09.

“Baratzetik bizitzea erronka da, batez ere jendearen kontsumo ohiturengatik”
2025-07-14 | Garazi Zabaleta
Marurin kokatutako proiektua da Mustai Ortua, Gorka Areitio Elorduik eta Marcela Pava Gomezek bultzatua. Diseinu grafikoko ikasketak egin zituen Areitiok eta horretan ari zen lanean,... (+)
Ahabi ekologikoak Anbotopetik
2025-07-07 | Garazi Zabaleta
Aramaioko Beñat Ibarguren Arrizabalaga da Larrinbarri ahabi ekologikoak ekoizteko proiektuaren bultzatzailea, eta 2012tik ari da Anbotopeko bere lursailetan fruitu gorri landareak eredu ekologikoan lantzen. “Lagun... (+)
30 urte eta gero zer?
2025-07-06 | Garazi Zabaleta
1994an altxatu zituzten lehen haize errotak Nafarroan, Erreniegako parke eolikoan, Iruñetik gertu. Segidan etorri ziren beste asko: Arizko parkea Leitzan eta Berueten, Izkokoa Irunberri inguruan,... (+)
Auzolan praktikak herriko nekazari eta abeltzainekin
2025-06-30 | Garazi Zabaleta
Burujabetzan sakontzeko egitasmoa da Oiartzun Burujabe proiektua, udalaren, herriko ehun ekonomikoaren eta herritarren artean bultzatu dutena. “Oiartzungo herritarrek bertako baliabideak eta produktuak, bertan ekoizten dena... (+)
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak
2025-06-23 | Garazi Zabaleta
David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean,... (+)
gora