Hauteskunde usainpean bada ere, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Trantsizio Energetikorako Legearen inguruan. Prentsaurreko bateratuan aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean.
Trantsizio Energetikorako eta Aldaketa Klimatikoaren Legea adostasun zabalarekin onartuko du Eusko Legebiltzarrak, izan ere, Jaurlaritza sostengatzen duten EAJ eta PSE-EEz gain, EH Bildu ere batu egingo da akordiora, beste bi alderdiek berak aurkeztutako zuzenketak onartu dituztelako.
Legearen hainbat gako
Helburu nagusia hauxe da: 2050erako klima neutraltasuna lortzea. Horretarako, hainbat jarduera plan aurreikusi dituzte akordioan.
Jarduketa plan orokor gisa, ondorengo bi hauek dira xedeak: 2030erako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizten den energiaren %32 berriztagarria izatea, eta, epe berean, emisio kutsagarriak %45 murriztea.
Energia sektoreko enpresei dagokienez, bestalde, orain arte ez bezala, araudi itxiagoa izango dute. Energia berriztagarrien parkeak –haize errotak zein eguzki plakak, ez dago diferentziarik– eraikitzen dituzten enpresek, betiere 5 megawatt baino gehiago sortzeko ahalmena dutenean, kanon bat ordaindu beharko dute 2025etik aurrera, instalazioak eragindako ingurumen kalteak eta bestelako kalte materialak konpontzera bideratzeko.
2030erako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzitako energiaren %32 berriztagarria izatea aurreikusi dute
Enpresa horiek, gainera, ekimen pribatuko edo publikokoak izan, behartuta egongo dira instalazioaren eraginpeko udalerriei %20ko jabetza edo gehiago eskaintzera.
Dena den, oraindik egiteke dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak zehaztuko lituzke etorkizuneko balizko parke elektrikoen kokapenak eta nolakotasunak, Trantsizio Energetikoaren legea oinarri izanda.
Gobernantzan, azkenik, badira zenbait puntu azpimarragarri. Lehenik eta behin, Legebiltzarrak Jaurlaritzari exijituko dio energia fosiletan egiten dituen inbertsioak egiteari uztea 2030erako. Eta horrez gain, Jaurlaritzak izango ditu beste bi zeregin: batetik, finantzaketa alorrean, aurrekontu orokorraren gutxienez %2,5 klima aldaketaren aldeko ekintzetara bideratzea; eta bestetik, Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa sortzea, batzorde zientifiko bat izango duena.
Adostasun zabala
Ia urtebeteko tramitazioa egin du arauak Legebiltzarrean, eta eragileen ekarpenak jasotzeaz gain, oposizioko alderdiek zuzenketa asko aurkeztu dizkiote egitasmoari; osoko zuzenketarik ez, dena den.
EH Bilduk aurkeztutako zuzenketatako bat izan da kanonaren baldintza legean txertatzea, baita Jaurlaritzari erregai fosilen desinbertsio plan bat finkatzea ere. Zentzu horretan, beraz, pozik agertu da Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea, nahiz ez den EH Bilduk nahiko lukeen lege bat: "Legea hobetu dugu; lege ona da".
Prentsaurreko bateratua eskaini dute akordioa erdietsi duten hiru alderdiek, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk. Hirurak ados etorri dira esanez "beharrezkoa" den legea dela, eta lortu dutela, hauteskunde usain gero eta fuerteago baten gainetik, "herritarren interesak aurretik" jartzea.
Arantxa Tapia Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuak berretsi ditu hitz horiek Radio Euskadiri eginiko adierazpenetan. Hauteskundeei begirada kenduta, begirada altxatuta, eta posizio "maximalistak" utzita, elkarlanean eginiko legea dela esan du Tapiak. "Trantsizio energetikorako markoa ezarriko duen aurrekaria", adierazi du.
Akordioarekin oso kritiko mintzatu da, bestalde, Elkarrekin Podemos-IU. "Korporazio energetikoentzat" ona den akordioa dela seinalatu dute koalizio moretik, eta EH Bilduri zuzenduta, zera adierazi: Petronorren eta Jaurlaritzaren esparru ideologikoa erosi duela, eta Euskadiko instalazio eoliko eta eguzki instalazio handien eredua "blindatzea" ekarriko duela legeak.
Urkulluk eginda utzi nahi zuen legea
Trantsizio Energetikorako legea eginda eta ahal bazen adostasun zabalenarekin onartuta utzi nahi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeetara joan aurretik. "Lan handia dago egiteko" zioenean, lege horri buruz ari zen maila batean, baita beste zeregin batzuei buruz ere.
Beraz, behin garrantzia berezia duen legea aurkeztuta, gertuago suma daitezke Legebiltzarrerako hauteskundeak. Oraindik, Urkullu lehendakariak ez du jakinarazi noiz izango diren, baina pasa den astean kontatu genuen moduan, oposizioak azaldu ditu bere usteak. EH Bilduren ustetan, apirilaren 21a izan daiteke "segur aski".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545