Asteroko buletina
Bagil argia, urte guziko argia.

ELBko laborariek Baionako portua blokeatu dute

Aste osoan Frantziako Estatuko laborariak egiten ari diren mobilizazioen testuinguruan egin dute ekintza, merkatu librearen baldintzek Ipar Euskal Herriko laborariei duin bizitzeko ezartzen dizkieten zailtasunak salatzeko. 6:00etatik ari dira blokeatzen Baionako portua.


2024ko urtarrilaren 26a
ELBko laborariak Baionako portua blokeatzen. (Argazkia: Euskal Irratiak)

“Laborariak Baionako portua blokatzen ari dira, merkatu libreak eragiten duen lehia desleialaren salatzeko! Nazioarteko akordioek laborariak prekarizatzen dituzte!”. Hori da Baionako portuaren blokeoa aurrera daramaten ELBko nekazariek sare sozialetan zabaldu duten mezua. Baionako beste hiru industriagunetan ere mobilizazioak bideratzen ari dira sindikatuko hainbat talde.

Azken egunotan, estatu mailako FDSEA eta Jeunes Agriculteurs (Nekazari gazteak) sindikatuetako nekazariek Frantziako Estatuko hainbat autobide eta errepide moztu dituzte, eta laborarien arazoak lehen lerrora atera dira. Ipar Euskal Herrian ere A-63ko autobideko hainbat gunetara eraman dituzte protestak eta, ondorioz, azken egunetan hilera handiak sortu dituzte.

Egoera konplexuaren analisi desberdinak dituzte nekazari munduko hainbat sektorek, eta FDSEA eta Nekazari Gazteen sindikatuek, adibidez, Europar Batasunetik “inposatzen zaizkien” arau gero eta zorrotzagoak salatzen dituzte. Ustiaketa handiak oinarri dituen nekazaritza eredua da sindikatu horien zutabeetakoa eta hiru aldarrikapen nagusiren bueltan ari antolatzen beren mobilizazioa: “laborarien duintasuna berreskuratu, bizitza duina bideratzeko errenta berreskuratu eta gehiegizko arauen arintzea”.

Frantziako sindikatu txiki ugari biltzen dituen –tartean ELB, Euskal Laborarien Batasuna– Confederation Paysanne sindikatuak oso bestelako ikuspegia du arazoei buruz, baina bat egin du protestekin “laborari ororendako lansari duina eta merkataritza-librearekin hausteko" eskatuta.

ELBren ustez, idortea dela eta, espekulazioa, eritasunak... "laborariak ez dira sekulan krisiez babesturik. Baina ez dira
krisiak bakarrik, sistema osoak ditu etxaldeak ahultzen! Orain duela 70 urte plantan ezarri ziren logikekin hausteko tenorea da. Dinamika horiekin gure etxaldeak enpresekin ordezkatu nahi dituzte, gure jakintzak prozedurekin, eta laborariak teknologia berriekin".

Confederation Paysannerekin bat eginda bi aldarrikapen nagusi plazaratzen dituzte ELBtik. Bat, lege bat laborantza produktuak ekoizpen kostuen azpitik saltzea debekatzeko. Eta bi, Europar Batasuneko Mercosur merkataritza-askatasun akordioa bertan behera uztea, "negoziaketan diren nazioarteko akordioei buruzko moratoria bat eta indarrean diren akordioen berrikuspen
bat merkatu-libreko politika horrek sortzen duen lehia desleiala aztertzeko".

FDSEA eta Nekazari Gazteek jakinarazi dutenez, 14:00etatik aurrera Paris inguruetan bost hesi eraikiko dituzte protesta estatuko hiriburura eramateko. Oraingoz Frantziako Gobernua tentuz ari da protestarekiko eta, oro har, ez die erantzun protestei segurtasun indarren bidez.

Argazkia: ELB
"Errenta duina nekazarientzat", horra ELBko laborarien aldarria Baionako portuan. (Argazkia: ELB)

Irulegiko Irratiak sare sozialetan zabaldutako bideoan ikus liteke laborariak portura sartzen ari diren unea:

Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak
Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak. (+)
Energia berriztagarria Aragoitik Gatikaraino eramateko linea elektrikoen zama
Energia berriztagarria sortzeko proiektuek aurrera egin ahala, horien elektrizitatea garraiatzeko linea proiektuak ere azaleratzen ari dira. Horietako batzuk, adibidez, Nafarroa, Araba eta Bizkaia zeharkatzen dituzte. (+)
Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik
Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da. (+)
Milaka pertsonak egin zuten bat Iruñean nekazarien protestarekin
Nafarroako Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren arabera, 8.500 pertsona bildu ziren Otsailaren 6ko (O6) Mugimenduak ostegun arratsaldean Iruñean deitutako manifestazioan. (+)
Negoziazio berrien atarian, traktoreen protestak itzuli dira Iruñerrira
Traktoreak Nafarroako errepideetara itzuli dira asteazken eta ostegunean, bereziki Iruñerrian. Ostegun honetan, halaber, Otsailak 6 (O6) mugimenduko nekazariek –Whatsappez biltzen hasi zirenak– manifestazioa egingo dute... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora