Intxaur urte, elur urte

Negoziazio berrien atarian, traktoreen protestak itzuli dira Iruñerrira

Traktoreak Nafarroako errepideetara itzuli dira asteazken eta ostegunean, bereziki Iruñerrian. Ostegun honetan, halaber, Otsailak 6 (O6) mugimenduko nekazariek –Whatsappez biltzen hasi zirenak– manifestazioa egingo dute Iruñean 18:00etan Antoniuti parketik abiatuta. Sindikatuek ez dute zehaztu bertan izango diren edo ez.


2024ko otsailaren 15a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Iruñerriko hainbat sarrera-irteeretan aritu dira atzera-aurrea traktoreak azken egunetan, baita Nafarroako beste toki batzuetan ere, hala nola Tafallan, Estellerrian eta Erriberan. Nekazari eta abeltzainak joan den ostiralean bildu ziren Nafarroako Gobernuko ordezkariekin, eta ostiral honetan ostera ere bilduko dira.

UAGN, UCAN elikadura kooperatiba, EHNE, Alinar elikadura industriako elkartea eta O6 plataformako nekazariak izan ziren bileran. Joan den ostiralean jarrera ona ikusi zuten gobernuko ordezkarietan, baina nekazarien ordezkariek aipatu zutenez, gaiak airean gelditu ziren eta gehiago zehaztu beharra dago.

Borondate oneko keinu gisa traktoreak hiriburutik aterako zituztela jakinarazi zuten orduan, baina neurri zehatzagoak ikusi ezean, hiriburura eta errepideetara itzuliko zirela berretsi zuten. Eta egunotan itzuli dira, osteguneko manifestazioari indarra emateko, batetik, eta biharko bilerari begira ere presioa mantentzeko, bestetik.

Neurri zehatzen konplexutasuna

Zergen eremua da agian Nafarroako Gobernuak neurri zehatzak har ditzakeen esparruetakoa, baina ez azkar eta ez denean. Foru Gobernuak bultza ditzake landa eta laborantza munduari mesede egiteko neurri fiskalak, baina José María Aierdi kontseilariak gogorarazi duenez, legeak aldatu behar dira horretarako, eta hori Foru Legebiltzarrak egin behar du.

Espainiako Estatuko nekazariek dituzten neurri fiskalekin parekatzea eskatzen zuten ostiraleko bileran. Oraingoz, adostu dute aldaketa horiek bultzatuko dituztela legebiltzarrean eta 2025ean indarrean sartuko direla, 2024ko urteari atzeraeraginezko indarrarekin.

Edozein modutan, BEZari buruzko eskaerak ere badituzte nekazariek eta hori Espainiako Gobernuaren eskumenekoa da. Burokrazia arintzea da nekazarien beste eskari sendoetako bat, baina hori Bruselan negoziatu behar da. Horregatik, Aierdik jakinarazi du ostiraleko bileran ezbaian dituzten neurrien gaineko ahalik eta adostasun handiena lortu beharko luketela, datorren astelehenean erkidegoek eta Espainiako Gobernuak egingo duten bilerara eramateko.

Mahatsaren uzta berdea edo ureztatzearen handitzea

Beste hainbat neurri zehatzei buruz ere jardungo dute, eta batzuetan neurriak hartuko ahal izango dituzte, baina beste batzuetan gaiak korapilatsuak izateaz gain, mamia ez dago inongo gobernuren eskuetan. Adibidez, mahatsaren uzta berdean urrats gehiago ematea eskatzen dute laborariek. Horrek esan nahi du, uztaren zati bat ez biltzea eta horren truke diru-laguntza bat jasotzea. Diru-laguntza handiagoak eta modu eraginkorragoan jasotzea eskatzen dute nekazariek. Esparru horretan, adibidez, negozia daitezke urrats gehiago.

Baina urarekin zerikusirik dutenak konplexuagoak dira. Nafarroako Ubidearen Bigarren Zatiaren eraikuntza azkartzea eskatzen dute –aurten hasiko ei dira lanak–, eta ureztatze planak berrikustea, baina egin ondoren ere, inongo gobernuk ezin du erabaki ubide horrek ur aski izango duen hala ez. Agroekologiaren eta ingurumenaren zaintzaren ikuspegitik, adibidez, ez da ongi ikusten –are gutxiago ur eskasia dagoen garai hauetan– lehorrekoak izan ohi diren uzta eremuetan ur kopuru handia behar duten uztak bultzatzea, artoa adibidez.

Hor dira, halaber, malgutzeko samurrak ez diren ingurumen eta osasun arauak. O6 mugimenduko nekazariek eskatzen dute Europako instituzioek –izan Bruselakoak izan erkidegoetakoak– malgutu ditzatela arau horiek, bestela ezin direlako lehiatu inportatuko produktuekin, haiek euren lurraldeetan ez dutelako halako kontrol zorrotzik.

Konplexutasun handiko gaiak daude negoziazio mahaian, eta badira adostasun handiak nekazarien artean, baina baita desberdintasun sakonak ere. ARGIAko azken zenbakian gaiaren gakoetako batzuk azaleratu ditugu Jenofa Berhokoirigoinen eskutik, eta bertan zehazten denez, arazo horiek guztiek oinarri bera dute: “Bigarren Mundu Gerraren biharamunean abiaturiko nekazaritza eredu produktiboa”.

Nafarroako Legebiltzarrak urtebeteko moratoria onartu du biometanizazio proiektuetan
UPN, PSN eta PPNk sostengatu dute proposamena, eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo Zurekinek aurka egin dute, ez moratoriaren aurka daudelako, horiek hasieran bi... (+)
Herrietako plataformek biometanizazio planten moratoria eskatu diote Nafarroako Legebiltzarrari
Biometanizazio planten gaia pil-pilean dago azken asteetan Nafarroan. Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia… eta beste dozena bat lekutan eraiki nahi dira horrelako plantak. Egoerak eskuetatik... (+)
Sakana Bizirik sortu da eta salatu du Cementos Portlanden egin nahi den erraustegia
Sakana Bizirik plataforma berria aurkeztu dute ostegun honetan Altsasun, besteak beste, Olaztiko Cementos Portland Valderrivas (CPV) lantegian abiarazi nahi den erraustegiari aurka egiteko. (+)
5.000 eta 10.000 euro arteko zigorrak Aroztegiko zazpi auzipetuentzat
Iruñeko Hirugarren Zigor Auzitegiak 5.850 eta 9.450 euro arteko zigorrak ezarri dizkie Baztango Aroztegiko zazpi auzipetuei, derrigortze edo bortxa delituagatik. Baztertu egin du, ordea, talde... (+)
Basozainei argazkiak manipulatzea leporatu diete Valle de Odietako akusatuek
Valle de Odietako epaiketa epaiaren zain geratu da ostiral honetan Iruñeko Justizia Jauregian akusatuek deklaratu eta akusazioek eta defentsak haien ondorioak azaldu eta gero. Ez... (+)
gora