Apirilaren azkenean, hostoa haritzaren gainean.

Ekoizleen arteko aliantzei esker dibertsifikatzen joan den etxaldea

Kasedako (Nafarroa) San Isidro del Pinar kontzejuan bizi dira Kiko eta Pablo Fernandez Salinas anaiak, eta bertan dago Bardea Etxaldea. “Iruñetik etorri ginen hona duela 28 bat urte, hiritik eta fabrikako lanetik ihesi, landa eremuaren bila”, azaldu du Kikok. Olioa eta mahatsa eredu konbentzionalean ekoizten hasi ziren, baina hurbileko upategi ekologiko batek bultzatuta –edo kutsatuta–, ekoizpen ekologikoan pixkanaka murgiltzen hasi ziren bi anaiak: “Duela 18 urte mahastiak pasatu genituen ekologikora, ondoren olibondoak, gero almendrak… niretzat ez zuen zentzurik goizean sail batean herbizida botatzen aritzeak, gero arratsaldean sail ekologikoan garbi aritzeko”, kontatu du Kikok.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2023ko uztailaren 24a
Kiko eta Pablo Fernandez Salinas anaiak, Bardea etxaldeko kideak.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hainbat produktu ekoizten dituzte egun Fernandez anaiek Bardeetatik gora dituzten lursailetan: lekaleak –txitxirioak eta dilistak, batik bat–, mahatsa, olibak, almendrak eta zereala. “18 bat hektarea olibondo ditugu, eta urtean 20.000 olio litro inguru ekoizten ditugu”, azaldu du. Cascantera daramate oliba, nahi baino urrunago egonda ere, hura baita ekologikoan lan egiten duen errota hurbilena. Mahatsa ardoa egiteko erabiltzen dute, baina duela gutxi arte gehien-gehiena inguruko upategiei saltzen zioten. Upategi txikien elkarlanetik sortutako Biba Ardoak egitasmoari esker, ordea, saltzeko ardoa ekoizten ere hasi ziren duela lau bat urte. “Lehenago ez zegoen ekoizleekin justua zen horrelako beste egiturarik Nafarroan”.

Lekaleak ekoizten hasteko erabakian ere, proiektu kooperatibo batek izan zuen zerikusirik: “Lehen, bazkarako zereala ekoizten genuen, baina pertsonek kontsumitzeko lekaleak ere egiten hastea pentsatzen ari ginen momentuan, Hazialdeko kooperatiba sortu zen, eta horrek behar genuen bultzada eman zigun”. Lekaleak ekoizten dituzten Nafarroako ekoizle ekologikoek abiatu zuten egitasmoa, eta Kikok nabarmendu duenez, labore horiek garbitzeko eta ontziratzeko beharrezko tresneria eskuratzeko bidea elkarlanean egin izana oinarrizkoa izan da.

Azken berrikuntza, almendrak

Nafarroaren zati handienean bezala, Kaseda inguruan ere zerealaren monolaborantza nagusi da, eta gutxiengoa dira ekologikorako hautua egiten dutenak. “Europa osoko joera orokorra da: ekoizpenen tamaina gero eta handiagoa izan, makineria pisutsuarekin lan egin… gutxi batzuk gara salbuespena”.

Ekoizpen txikiak bezala, zuhaiztiak ere pixkanaka desagertzen ari direla gehitu du nekazariak. Bardean, baina, badituzte almendrak 15 hektarea ingurko lursailean, eta hurbileko ekoizle gehiagorenak ere biltzen dituzte: “Hori da merkaturatzen hasi garen azken produktua, almendra ekologikoa”. Fruituen oskola kentzeko tokirik ez dago hurbilean, eta kanpora bidali beharrak amorratu egiten ditu. “Ez du zentzurik almendrak biltzeak, horiek zuritzeko Murtziara bidali beharra baditugu. Pentsatu beharko dugu honetan ere ekoizleon arteko sistemaren bat…”.

Marmelada eta kontserbak, Artiedako Arterra Bizimodu proiektuaren barruan
2026-03-30 | Garazi Zabaleta
Artiedako (Nafarroa) Arterra Bizimodu proiektu kolektiboko kide dira Ione Andia Celaya eta Lorena Mompel Sanchez, Gukalde Kontserbak egitasmoa abiatu dutenak. 2024ko udan hasi ziren kontserbak... (+)
Landareak, gorputza eta gogoa zaintzeko
2026-03-23 | Garazi Zabaleta
Ana Velez hernaniarraren (Gipuzkoa) proiektua da Akna Atelier, garai batean ‘Koloreztatu’ izeneko egitasmoaren segida dena, nolabait. “2017 inguruan hasi nintzen olio birtziklatuarekin xaboiak egiten, etxean”,... (+)
“Baratzegintzarako lurra xerkatzea izan da zailena, baina azkenean lortu genuen”
2026-03-16 | Garazi Zabaleta
Behauzeko (Nafarroa Beherea) Isakenia etxaldean hazia da Amaia Elichiry laboraria, eta umetatik izan du laborari munduarekin lotura estua. “Gurasoak ahuntz hazleak ziren, laborantza biologikoan, eta... (+)
Baratzegintza agroekologikoa, garapen pertsonal eta sozialerako
2026-03-09 | Garazi Zabaleta
Iruñeko Aranzadi parkean, Arga ibaiaren ondoko baratze gunean du proiektua Elkarkide fundazioak. Zentro okupazional gisa funtzionatzen du baratzeak, eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonek egiten dute... (+)
Haragi-zirkuitu propioa sortzeko proiektua martxan
2026-03-02 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe prozesuaren baitan, herriko haragi-zirkuitu propioa martxan jartzeko lanean aritu dira azken urteetan Elikadura Mahaitik. Labore Oarsoko kideek, herriko ekoizleek eta udal eta landa... (+)
gora