Maiatzean elorria lore, artoa lurrean.

Egur errautsa? Baratzera!

Garai batean erreturak edo erraloak nonahi egiten zituzten, soroetan eta baratzeetan edo luberria sortu behar zenean landareak kendu eta errez. Horrela “garbitzeaz” gain, errautsa sortzen zuten gero lur sail hori ongarritzeko. Gaur egun sukaldean edo urrutira gabe sortzen da egur errauts gehiena. Sukaldean bertan makina bat erabilera du errautsitako egur horrek. Baina gaur lurrean edo landareetan dituen erabilbideak jorratuko ditugu.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2022ko urtarrilaren 28a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hasteko aipatutako ongarri lana. Errautsak ez du ez nitrogenorik ezta karbonorik ere, baina egurrak zituen mineral ugaritan aberatsa da. Gomendio orokorra da 100 metro koadroko 20 litro errauts zabaltzea. Lurraren azidotasuna baretzen du eta hori landare gehienentzat ona da; kontuz, lur azidozaleak diren landareei ez eman, adibidez patatari (Solanum tuberosum) edo ahabiari (Vaccinium myrtillus). Errauts horrek asko lagunduko die kaltzio eskasia sufritzen duten landareei: tomateari (Solanum lycopersicum), adibidez. Luar pilan ere tarteka errauts geruza txiki bat jartzeak luarrari ontzen lagunduko dio, baita errautsarekin nahastuta joan daitezkeen erabat erregabeko ikaztutako zatitxoek ere.

Bare eta barraskiloen haginkadetatik babestu nahi diren landareak errauts pilatxo batekin inguratzen dira. Bustitzen denero, berritu egin beharko da. Landareen gainera ere zabaldu daiteke, gero erraz garbitzen baita; lehorra badago, busti ondoren eman errautsa. Horrela, harrak, kakalardo arkakusoak, zorriak eta abar uxatuko dira, edo ez dira hurbilduko. Berdin oiloen zorriak uxatzeko, errauts bainuak hartzeko toki bat jarri beraien lumaera.

Izotza baldin badator, landare hozberak errauts pixka batekin estali. Hura den hostoetan izotza sortzea zailagoa da, tenperaturak gehiago jaitsi beharko luke.

Putzurik baldin baduzu eta ditxosozko alga berde itogarri horiek atzeratu nahi badituzu eta gainontzeko landareak indartu, tarteka koilarakada bat errauts nahasi 4.000 litroko.

Saguak dabiltzan tokietatik uxatzeko ere errautsa jartzen da. Baita txindurritegietan ere, sarreran mordoxka bat jarri eta alde egiten dute.

Perretxikurik sortu nahi baduzu lastotan edo birrindutako kartoian, horiek esterilizatzeko errauts-uretan bustitzen dira. Errautsak beste perretxikoak atzeratzen ditu, eta guk hazteko jarri nahi ditugunei bidea eta bazka garbi-garbia utzi. 

Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
gora