Urrilleko lanetan, agudo zopetan.

Durangoko Azoka, bagoaz

Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko azaroaren 18a
Durangoko Azokan Bizi Baratzearen postuan egongo diren egileak, elkarrekin eta bakoitza bere argitalpena eskuan. Ezkerretik eskuinera: Jakoba Errekondo, Marc Badal, Miguel Arribas "Kelo, Garbiñe Larrea eta Josebe Blanco.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lasai, erraz aurkituko gaituzue-eta: jendetzaren artean gora begiratu, eta urrutira ikusiko duzue kanaberak sabaian dituen postua. Eta, literatura bezala, konbentzituta gaude nekazaritza iraunkorra eta haziak ere ondare kultural garrantzitsu direla gurean. Horregatik, liburuekin batera, Alkartasuna kooperatibako letxugekin eta Aleka elkarteko haziekin ere beteko duzue poltsa gure postuan. Noski, idazleekin zuzeneko harremana izateko aukera ezin hobea ere bada Durangokoa.

Haziak eta Kosmetikoak nobedade

Jakingo duzue honezkero, Haziak liburua argitaratu berri dutela Marc Badalek eta Miguel Arribas Kelok. Norbere haziak ekoizten hasteko gida argigarri bezain mardula da Aleka eta Haziera elkarteko kideek idatzi eta Dani Blancok haziei egin dizkien makro argazki ederrekin osatu dutena.

Garbiñe Larreak hirugarren liburua argitaratu du aurtengoan: Kosmetikoak sendabelarrekin. Xaboiak eta gelak, hortzetako pasta, xanpua, kremak, ukenduak, baltsamoak, desodoranteak… horiek eta gehiago egiten ikasteko gida da Larrearen azken lana, “zure bizitzatik 100 substantzia toxiko oraintxe kentzeko liburua”.

Aurtengo uzta osatzeko, eta urteroko legez, Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak argitaratu duten 2025eko Ilargia eta Landareak agenda ere eskuragarri izanen duzue. Eta 2025eko Ilargiaren Egutegia eskuratu nahi duenak, urtero bezala, izango du aukera.

Baina, nobedadeez gain, aurreko urteetako lanak ere eramanen ditugu Durangora: Josebe Blancoren Hausnarrean, Jakoba Errekondoren Bizi Baratzea eta Etxeko Landareak, Garbiñe Larrearen Sendabelar baratzea eta Sendabelarrek dakitena... Norberarentzat edo oparitarako, aukera zabala.



Liburu aurkezpenak
Ilargia eta Landareak 2025eko agenda: Abenduaren 6an, 17:00etan, Arte eta Historia Museoan.

Haziak liburua: Abenduaren 6an, 17:30ean, Arte eta Historia Museoan.

Kosmetikoak Sendabelarrekin liburua: Abenduaren 7an, 17:00etan, Talaia Areto Nagusian.

Ilargiaren egutegia 2025: Abenduaren 7an, 17:30ean, Talaia Areto Nagusian.

Egileekin aurrez aurreko harremana

Liburuen egileak ere Durangoko postuan izanen dira haien lanak sinatzen. Sinadurarena, idazleekin aurrez aurreko harremanak bultzatzeko aitzakia bat da. Egileei zalantzak galdetzeko, proposamenak egiteko, edo, besterik gabe, haiekin elkarrizketa bat izateko aukera ederra izanen da azokan.

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea egunero egonen dira postuan; Kelo Arribas ostiralean eta larunbatean; Marc Badal ostiralean; eta Josebe Blanco larunbatean.

Lurra eta landareak gustuko badituzue, bada, hurbildu zaitezte Bizi Baratzearen postura.

Alpeetako hegoaldetik Nafarroa Beherera, abeltzaintza estentsibo eta dibertsifikatuarekin
2025-04-28 | Garazi Zabaleta
Proventza eskualdean, Alpeen hegoaldean abiatu zuten Lili Saint-Laurent euskaldunak eta Mathias Guibert proventzarrak abeltzaintza proiektua duela hamar urte pasatxo. “Ardi, ahuntz, behi, txerri eta pottokekin... (+)
Konbutxa eta hartzituak bizibide
2025-04-14 | Garazi Zabaleta
2021 inguruan hasi zen Itziar Presa Blasco gernikarra konbutxaren munduan murgiltzen. “Magisteritza ikasi nuen nik, eta hezkuntzan aritu nintzen urteetan lanean, baina semeak jaio zirenean... (+)
Pilotako esparatrapu hondakinetatik papera
2025-04-13 | Garazi Zabaleta
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Institutuko kimika industrialeko ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak... (+)
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak
2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan... (+)
“Errekauek” eta “enkarguk” etxean jasotzeko proiektua Azpeitian eta Azkoitian
2025-03-31 | Garazi Zabaleta
Duela lau urte abiatu zuten Azpeitian Enkarguk proiektua, Udalaren, Urkome Landa Garapen Elkartearen eta Azpeitiako eta Gipuzkoako merkatari txikien elkarteen artean. “Orain proiektua bigarren fasera... (+)
gora