Asteroko buletina
Kurriloak igaro, eguraldi txarra.

Catering enpresarik gabe lan egin nahi duten eskola-jantokiak, lau urte Jaurlaritzaren zain

Eskola-jangeletako elikaduraren kalitatea kritikatu du guraso elkarte ugarik, eta gaiaz galdetu dio EH Bilduk Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. Catering enpresen inguruko intzidentziak helarazi zaizkienean, auditoretza-kontrolak egin dituztela erantzun du Hezkuntza Sailak. EH Bildutik gogoratu dute 2019an Legebiltzarrean adosturikoa: catering enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzako bestelako eredu bat arautzea behingoz, baina “Hezkuntza Sailak esku-frenoa jarria du jangelen kontu honetan”.

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2023ko apirilaren 18a

Bizkaiko 83 guraso elkartek adierazi ostean jangela zerbitzuarekin janariari loturiko gorabeherak eta kexak izan dituztela, gaia Eusko Legebiltzarrera eraman du Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza idazkariak. Bildarratzi galdetu dio EAEko eskola publikoetako jangeletako menua egokia dela uste duen Hezkuntza Sailak, jangeletako menuen inguruan kexarik jaso ote duten eta horiek konpontzeko zer egin duten.

Erantzuna: menuak berrikusiak eta onartuak izango direla bermatzea duela lehentasun Hezkuntza Sailak, “menu egokiak, anitzak eta bazkaltiarrentzat orekatuak” izango direla ziurtatzea, eta horretarako “Giza Nutrizioan eta Dietetikan prestakuntza egiaztatua eta espezifikoa duten pertsonak integratutako laguntza teknikoa du Hezkuntza Sailak”. Jasotako kexen inguruan, menuak catering enpresek aldez aurretik abisatu gabe aldatzearekin eta zerbitzatutako kopuruarekin lotuta egon dira eta “intzidentzia horiek konpontzeko, Sailak eskaera egin die catering-enpresei eta jarraipena egin du auditoretza-kontrolen bidez, intzidentzia horiek behar bezala konponduko direla bermatzeko”.

"Agortutako eredua da, menuen kalitatea gero eta txaragoa da, gestioa gero eta jasangaitzagoa, eta enpresen lukroa du atzean"

"Hezkuntza Sailak ez du aldaketarik egin nahi"

Afera honek guztiak errealitatea utzi du agerian, Ikoitz Arreseren esanetan: “Agortutako eredua da, menuen kalitatea gero eta txarragoa da, gestioa gero eta jasangaitzagoa, eta enpresen lukroa du atzean”. Indarrean den 2000. urteko legearen arabera, ordea, sare publikoko ikastetxeek catering-enpresekin egin behar dute lan. Duela lau urte, 2019an, Legebiltzarrean adostu zuten lege hori aldatzea eta besteak beste bi puntu inportante martxan jartzea: batetik, hala nahi duten ikastetxeek sukalde propioa izatea (berriki egin du eskaera hainbat ikastetxek); bestetik, ikastetxeek aukeratzea catering bidez funtzionatzen jarraitu nahi duten ala sukalde propioa baliatu eta bestelako eredu bat abiatu nahi duten.

Catering enpresetatik kanpo funtzionatuko duen eredua arautzea Hezkuntza Sailaren esku geratu zen, baina ez da ordutik aurrerapausorik eman, eta gaur-gaurkoz berdin jarraitzen dute eskolek, catering-enpresekin baino ezin dute lan egin. “Eta sukaldea ikastetxean bertan jartzea ofizialki eskatu duten ikastetxe batzuetan ere, obrak atzeratu besterik ez dira egiten. Ondorioztatzen duguna da Hezkuntza Sailak ez duela aldaketarik egin nahi arlo honetan”, salatu du Arresek.

Lau proiektu pilotu martxan

2016an, lau eskola publikotan proiektu pilotua jarri zuen martxan Jaurlaritzak, bestelako jangela eredu bat bultzatuz, baina lau urterako proiektua zena luzatu eta luzatu ari dela eta beraz, sare publikoan lau ikastetxe horiek eta Larrabetzuko eskola (zeinak sistematik kanpo garatu duen jangela proiektua) izan ezik, gainerako guztiek catering enpresekin jardun beharra dutela gogoratu du Arresek. Proiektu pilotuan ari diren eskoletan, “emaitzak oso positiboak dira, zero kilometroko elikagaiekin menuen kalitatea hobetu delako, gestioa parte-hartzaileagoa eta komunitarioagoa delako, eta kudeaketa erabat positibo baloratu dutelako ikastetxeek”, kontatu digu Arresek. Hori guztia aintzat hartuta, 2019an adostutakoa martxan jartzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari, bereziki bi puntu: “Nahi duen ikastetxe orori sukaldea lehenbailehen eraikitzea, eta catering enpresa bitartez ez den bestelako eredu osagarri bat arautzea, sektoreko agenteekin inplikatuta”.

"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"
Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin?... (+)
Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek
Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri... (+)
Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan
Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek... (+)
Zergatik moztu ditu Jaurlaritzak hogei zuhaitz baino gehiago Barakaldoko institutuan?
20 zuhaitz osasuntsu baino gehiago moztu zituzten Barakaldoko Gurutzeta institutuan, urtarrila hasieran; Jaurlaritzarena da eskumena, baina ez zuen mozketa burutzeko lizentziarik eskatu, udalak adierazi duenez.... (+)
Elikadura nahasmenduak, buruko osasunaren erronka nagusietakoa
Haur eta nerabeen artean (bereziki 12 eta 21 urteen artean), elikadura nahasmenduak lehentasunezko gaitz mental bilakatu dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Pandemian nabarmen egin zuten... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora