San Migel maiatzeko, gure soroa laiatzeko.

Eskola inguruetako aire kutsadurarik handiena Donostiako hiru ikastetxetan eta Bilboko bitan atzeman dute

Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira nitrogeno dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren arabera. Gainerako ikastetxeek ere emaitza txarrak utzi dituzte. Arrazoi nagusia: eskola inguruetako trafiko handia.

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2025eko apirilaren 29a
Donostiako Ategorrieta kaleko trafiko handia da hainbat eskola ingurutako aire kutsaduraren eragile nagusia.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hirugarren urtea da Ekologistak Martxan elkarteak airea neurtzen duena ikastetxe eta osasun zentro inguruetan, airearen kutsadurak haur eta gazteengan duen eragina aztertze aldera. Espainiako Estatuko hamalau hirigunetako 174 hezkuntza-ingurune ikertu dituzte, Hego Euskal Herrian zehazki 48, batez ere trafiko ugari dutenak, eta emaitza garbia da: horietako bakar batek ere ez du lortu Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen duen aire kutsadura maila ez gainditzea. OMEren arabera, urtean batez beste nitrogeno dioxidoaren 10 mikrogramo metro kubikoko gainditzea ez da onargarria, eta guztiek gainditu dute muga hori.

Legalki, 40 mikrogramo metro kubikoko karbono dioxidoa da muga, eta muga hori ere Donostian neurtutako bederatzi ikastetxeetatik hiruk eta Bilbon azterturiko hamaseietatik bik gainditu dute. Iazko urrian, zuzentarau berria onartu du Europar Batasunak, 2030erako bete beharko dena: 20 mikrogramora jaitsi du muga onargarria. Bada, muga hori Bilbon eta Donostian neurturiko gainerako ikastetxe guztiek gainditu dute: Bilbon, Basurto Eskolak (Autonomia kalekoak eta Zankoetakoak), Iparragirre Ikastolak, Indautxuko Eskolak (Autonomia eta Manuel Allendekoak), Jesuitak ikastetxeak, Pureza de Mariak, Miguel de Unamunok, Mujikak, Kontxa Haurreskolak, Deustuko Ikastolak, Nuestra Señora del Pilarrek, Botikazarrek, Atxuriko eskolak eta Cervantesek. Donostian, Zurriola Lehen Hezkuntzak, Zuhaiztik (Ategorrietan, Presentacion Marian eta Biterin), Jesuitak ikastetxeak eta Zurriola BHIk.

Barakaldo eta Tutera dira Euskal Herrian neurturiko beste bi hiriak. Barakaldon neurturiko bederatzi ikastetxe inguruetatik zazpik gainditu dute 20 mikrogramoko muga, eta gainerakoek gainditu dute OMEk gomendatzen duen muga. Tuteran, hamalautik sei dira 20 mikrogramoko muga gainditzen dutenak eta gainerakoek gainditu dute OMEren muga.

Aire kutsadura, bereziki kaltegarria haur eta nerabeengan

Ekologistak Martxanek gogoratu du nitrogeno dioxidoak, ingurumenarentzat kaltegarria izateaz gain, arnasbideak narritatzen dituela, eta bronkitis akutua edo kronikoa eragin dezakeela, denboraren eta esposizio-mailaren arabera. “Kutsadurak eskola-adineko gazteei eragiten die bereziki; izan ere, beren ezaugarri fisikoak eta garapena direla eta, egunean helduek baino askoz gehiagotan hartzen dute arnasa, eta beraz, beren gorputzak, proportzionalki, kutsatzaile gehiago jasotzen ditu”, ohartarazi du. Ez dugu ahaztu behar haur eta gazteek ordu asko igarotzen dituztela eskolan.

Aipatu bezala, trafiko handiko errepideak dira aukeratutako eskola inguruetako asko, eta igarotzen diren autoek, gainera, sarri ez dituzte betetzen horietan ezarritako abiadura mugak. Horri gehitu behar zaio guraso asko autoan doazela ikastetxera, seme-alabak eramatera eta hartzera, eta ondorioz, ordu jakin batzuetan trafikoa areagotzen da. Mugikortasun eredua “goitik behera” aldatu behar dela iritzi dio Ekologistak Martxan taldeak, kalitatezko garraio publikoa eta bizikletentzako bide egokiak behar direla, besteak beste, eskolara oinez edo bizikletaz modu seguruan joateko.

Eskola inguruak benetan oinezkoentzat izan daitezela eta neurketaren emaitza txarrak oso kontuan har ditzatela eskatu die udalei talde ekologistak.

"Berrikuntza egiteak prozesuan gorabehera asko dakar batzuetan, eta hala behar du"
Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan... (+)
Ikastetxeek sukalde propioa izatetik harago, funtsa eskola-jantokien kudeaketa eredua dela adierazi du EHIGEk
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duelarik hainbat ikastetxe eta zonaldetan sukaldeak jarriko dituztela, EHIGE gurasoen federazioak dio gaur egun catering-enpresen esku dauden eskola-jantokietako eredua bera... (+)
Donostiako Udala vs. Ekologistak Martxan: nork du arrazoi?
Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi ostean Donostiako Ategorrieta hiribide inguruan airearen kutsadura maila oso handia dela, udaletik zalantzan jarri dute erabilitako metodologia eta adierazi dute errepide... (+)
Hernaniko natur eremuen sarea osatu dute ikasleek eurek
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta... (+)
Eredu inspiratzaileak martxan jartzera animatu ditu Antzuolako ikasleak Fenando Valladares biologoak
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin... (+)
gora