Asteroko buletina
Eguna joan eta eguna etorri, baratzean lan egiten nuenean hainbeste idea on inoiz ez dut izan

Borraja jarri eta jan

"Nai dezu katillu bat borraja loriak?”, idatzi zuen 1906 eta 1908 artean Baserritarra aldizkarian argitaratzen zituen artikuluetako batean Biktoriano Iraola Aristigietak. Borraja (Borago officinalis) sendabelar sonatua izan da: eztula baretzeko, diuretiko, bihotz-suspergarri, izerdiarazle…

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko irailaren 08a
Argazkia: Jakoba Errekondo / ARGIA-CC-BY-SA

Biktorianok aipatzen dituen loreak gero etorriko dira, neguaren amaiera aldera, baina katilukada horren errezeta jaso, orduan loreak bildu eta behar dituzunean erabiltzeko. Pio Font i Quer farmazialari doktore ezagunak bere Plantas medicinales, el Dioscorides renovado (Sendabelarrak, Dioskorides berritua) liburu sonatu eta sendabelarzaleen biblian honela egitea aholkatzen du izerdiarazteko formula: infusioa prestatu behar da, oso beroa eta ugari. Litro erdi bat ur irakin eta ontza erdi bat (hamabost bat gramo) borraja lore erantsi. Estali eta pixka bat hozten utzi. Ahalik eta beroen hartu, nahi bada gozatuta, ondo babestu eta bilduta egonik.

Baionan argitaratzen zen Almanaka Berria-n, 1885ean, hau argitaratu zen: “Eztula denean edan behar da: murruin, lau lore edo malbabizkuaren tizana”. Jean Elizalde Salaberri apaizak Baionan argitaratzen zen Gure Herria-n idazten zituen “Azkaine gure sorterria” artikulu sortako batean honela dio: “Eztularen kontra ez omen da morroin tizana baino hoberik”. “Murruin” eta “morroin” ere esaten zaio borrajari; baita ere borrai, murrun, porroin, burbuilu, latzura eta asun-aza behintzat.

Izen gehienak borraiarekin lot daitezke, baina burbuilu (burruilu) ez dakit non arraiotik etor daitekeen. “Latzura” eta “asun-aza” bere ezaugarri nagusietako batekin lot daitezke: azala iletxo tentez josia du, latz antzekoak, zorrotzak, ez zauriak egiteko adinakoak, baina bai nabarmenak. Azal guztian ditu: enborrean, hostoetan eta baita loreen oinean ere. Laztasun horren ondorioz ote da “latzura”, edo “laztura”? Eta asunarekiko (Urtica dioica) konparazioa iletxoetatik etorriko zaio, noski. “Asun-aza” izen osatua azaren (Brassica spp.) tankera bertsuan hostoak ere jaten zaizkiolako ote? Jan, batez ere Nafarroa hegoaldean jan izan bada ere, egun denera zabaldua dago. Hostoa bera baino estimatuagoa da hostoaren txortena; finagoa omen. Ba jendea zoratu egiten da txorten horiei iletxoak kentzen. Nik ez dut lan hori hartzen; hari zakartxoren bat badu bai, kendu eta kitto. Begira: hostoak kendu (barazkiekin nahasita edo baratxuriarekin erregosita baliatuko dituzu gero), txortena ondo garbitu eta ur irakinetan egosi, bakoitzak nahi adina. Iletxoek ere elikagaiak dituzte eta denak barrura.

Orain landatzen da borraja, kanpoko baratzean bezala negutegian. Azkar hazten den barazkia da eta loretara garatu arte hostoz hosto bil daiteke. Lorea sendabelar bezala nahi baduzu banaka-banaka bildu, ez sortaka; ihintza lurrundu denean eta itzaletan eta haizeberritzen den toki batean paper edo oihal batean ondo zabalduta lehortu eta jaso. Azkar lehortzea komeni da, bere kolore urdin biziari eusteko. Borraja basatiak lore urdinak irekitzen ditu. Baratzeetarako lantzen denak, aldiz, zuriak. Zein ote da sendabelarrik onena? Datu bat: loreetan urdina kolorerik bitxiena da; lorea zabaltzen duten 280.000 landare espezieetan %10 besterik ez da urdina.

Txokolate menpekotasuna negozio
2024-12-16 | Jakoba Errekondo
Txokolatea kakaotik sortzen da. Kakaoak Theobroma cacao du izena; Theobroma hitzak “jainkoen janaria” esan nahi du. Aspaldikoa da txokolatearen gurtza; jainkoena zena azkar asko egin... (+)
Ilarretan dilista nafarra
2024-12-09 | Jakoba Errekondo
Zeruka, zeru bete on dakar zerukak. Zeruka, magitxa, magintxeta, mihauria, magina, baina, ilar-axala, mantxa, teka edo, ezagunena, leka. Lekak barruan dakarren leka-gauza, leka-bihia, lekalea edo... (+)
Gintonikaren ezkontza
2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta... (+)
Birigarroak zirinetan heriotza
2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko... (+)
Sagarren istorioak
2024-11-18 | Jakoba Errekondo
192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora