Astelehenero 8:00etan zure epostan
Aurtengoa, oro har, ezti urte ona izan da. Udaberria emankorra izan da eta akaziak ere asko lagundu du hainbat lekutan. Udak, ordea, bestelako irudia utzi digu: beroa, ur falta eta pixkanaka lehortzen joan den paisaia.
Balerdipeko erleak proiektuko kidea
Balerdipeko Erleak-ek Unanun, Sakanan (Nafarroa), badu erlategi bat. Udan, bertan lana egin behar dudanean, goizean goiz joaten saiatzen naiz, eguerdiko beroa saihesteko. Horrek badu arazo txiki bat: normalean goizegi iritsiz gero, erleak oraindik erlauntzan egoten dira eta pixka bat itxaron behar izaten dut haiek lanean hasi arte. Erle gehienak kanpoan daudenean askoz erosoago egiten baita lan erlauntzean.
Aurten, ordea, ez dut askorik itxaron behar izan. Goizean goiz iritsi eta erleak ordurako jo eta su aurkitzen nituen. Lore askok eguneko lehen ordu horiek aprobetxatzen zituzten nektarra emateko, tenperatura oraindik freskoagoa eta hezetasuna handiagoa zirenean. Eguzkia berotzen hasi ahala, ordea, jarduera moteldu egiten zen. Lore batzuk itxi egiten ziren eta beste batzuetan nektarraren eskaintza asko jaisten zen.
Niri, beroa saihesteko, goiz jaikitzea tokatzen zitzaidan; erleei, antza, beste horrenbeste. Erlezaintzan erlojuak baino gehiago loreek agintzen baitute. Baina lore bat egoteak ez du esan nahi egun osoan erlearentzat janaria dagoenik. Tenperaturak, hezetasunak eta lurrean dagoen urak baldintzatzen dute nektarraren ekoizpena. Erleek, jakina, ederki dakite hori. Aukera dagoenean aprobetxatu, eta bukatzen denean, etxera.
Aurtengo udan, gainera, lore asko garaia baino lehen lehortzen ikusi ditugu. Belardiak azkar horitu dira eta zenbait loraldik ohi baino gutxiago iraun dute. Horrek guztiak ez die eztigintzako erleei bakarrik eragiten. Erle basatiek, erlastarrek, tximeletek eta beste hainbat intsektuk ere lore horien beharra dute. Beroak beste lan bat ere ematen die erleei: ura bilatzea. Ez dute ura egarria asetzeko bakarrik erabiltzen. Erlauntzera eramaten dute eta, hegoekin airea mugituz, ura lurruntzen laguntzen dute. Horrela, erlauntzaren barruko tenperatura kontrolatzen dute. Nolabaiteko aire girotu biologikoa daukate. Beraz, udako egun batean putzu edo iturri baten ertzean ura hartzen ikusten dugun erle hori ez da zertan bere egarria asetzen ari. Baliteke tanta hori etxera eramatea, milaka erle bizi diren erlauntza freskatzeko.
Udaberriak nektar ugari eman du aurten eta, oro har, ezti urte ona izan da. Udak, berriz, beste zerbait erakutsi dit Unanuko erlategian: bero handia egiten duenean natura ez dela derrigor gelditzen, baina bere ordutegia aldatzen duela. Eta erleek, erlojurik eta eguraldi aplikaziorik gabe, ederki dakite zer ordutan hasi behar duten lanean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545