Hori da ikerketa berri batek ondorioztatu duena, baldin eta betetzen badira gaur egun berotzearen handitzeari buruz dauden aurreikuspenak. Eta NBEren arabera, mende amaierarako tenperaturak 3 graduko igoera izango du XX. mende hasierarekin konparatuta.
Gaur egun hotzak beroak baino zortzi aldiz pertsona gehiago hiltzen ditu Europan, batez ere adinekoak. 2100erako aurreikusitako 3 graduko tenperatuta igoera ematen bada, etorkizunean hotzagatik jende gutxiago hilko da, baina beroagatik askoz gehiago. Batez ere 85 urtetik gorakoei eragingo die heriotzen igoera horrek, eta Europako biztanleria zahartzea kontuan hartuta, garai horretarako adin talde hori asko haziko da.
Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Bateratuak egin du lan hau eta asteazken honetan eman zuen haren berri The Lancet Public Health aldizkari ezagunak. Europako 30 herrialdetako 1.368 eskualdetako datuak erabili dituzte gaur egungo datuak erkatzeko, eta horien arabera, gaur egungo tenperatura gorabeherek 407.538 pertsonaren heriotza eragiten dute Europan urtero, horietatik 363.809 hotzarekin daude lotuta, eta 43.729 beroarekin.
Aurreikuspenen arabera, aldiz, hotzak eragindako heriotzak apur bat gutxituko dira 2100erako, baina beroak eragindakoak hirukoiztu egingo dira Europan guztian, baina bereziki Europako hegoaldeko herrialdeetan, hala nola Espainian, Italian, Grezian eta Frantzian. Proiekzio hori egiteko 50.000 biztanle baino gehiago dituzten 854 hirietako datu epidemiologiko eta soziologikoak erabili dira.
Ikerketaren mugak
Erabiltzen diren datu kopuruak eta lanketagatik kalitate handiko ikerketatzat jotzen da honakoa, baina egileek beraiek muga batzuk ere aitortzen dituzte. Haiek heriotza tasak aztertu dituzte eta horietan beroak eta hotzak duten eragina, baina ez dute aintzat hartu beroa eta hotzaren ondorioak apaltzeko baliabideak ere hobetu egin direla, eta hobetuko direla, eta horrek heriotza asko saihestuko dituela. Hobekuntza horien artean daude azpiegituren aldaketa eta osasun arreta. Hori bai, hobekuntza horiek ez dituzten populazio sektoreak, zaurgarriagoak izango dira.
Berotzeak aurrera jarraitzen du
Aldaketa klimatikoa ematen ari dela zalantza gutxi dago komunitate zientifikoan. Eta gainera, hori guztia gizakiaren eraginaren ondorioz gertatzen ari dela ere argi dago. Horren adierazle ugari dago, eta esanguratsuenak IPCCren –aldaketa klimatikoa aztertzen duen nazioarteko taldea– datuak dira, Alabaina, aldaketa klimatikoaren negazionismoa ere handia da gaur egun, eta nazioarteko herrialdeen komunitatean aldaketa klimatikoa oso onartuta badago ere, ez da berori geldiarazteko nahiko neurri hartzen.
Ondorioz, tenperatuek igotzen jarraitzen dute eta aditu askok uste dute 2024rako 1,5 graduko muga gaindi daitekeela, bereziki El Niño fenomenoa aurten asko areagotzen bada. Adibidez, hori uste du aldaketa klimatikoaren aita pontekotzat hartzen den James Hansen ikerlariak, zeinaren lantaldeak hamarkada honetarako iragarri zuen igoera hori. 1,5 graduko hori da 2030erako saihestu nahiko litzatekeen muga eta 2 graduren igoera saihestu nahi da 2050erako.
Aditu askoren ustez, ordea, bi muga horiek betetzea dagoeneko ezinezkotzat jotzen da, eta horrek oso ondorio larriak ekarriko ei ditu planetako bizidunentzat. Datu asko daude horren adierazle, klima aldaketaren gailurretan behin eta berriz frogatzen denez, baina akaso esanguratsuenetakoa energia fosilarekin lanean jarraitzen dutenenen jarduna da: 2023an sektoreko banku, konpainia eta gobernuen artean bilioi bat euro ari ziren biltzen lur azpitik energia fosila ateratzeko, Euronewsek 2022ko abenduko albiste honetan jakinarazi zuen moduan.
The Lancet aldizkariak dakar albistearen berri, eta El Diario-k ere argitaratu du haren laburpen bat. Agerkari honek, halaber, Espainiako Estatuko lurraldeetan 1980tik gaurdaino eman den tenperaturaren bilakaera ere agertzen du –beroaren mapa–, eta hor ikus daiteke azken 30 urteetan lurralde ia guztietan dagoela tenperaturen igoera.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545