Lantxerra (lanbroa) martxoan noraino, apirilean elurra haraino.

Begizta itxia ongarriketarako

Neguak hatz artetik ihes egin aurretik izan gogoan: datorren sasoiaren oparotasuna orain ereiten da. Hezetasun hotzak eta neguko solstizioaren ospakizun jaiegunen bezperen bezperak kizkurtu egiten gaitu eta beroaren ondoko galbanetan sartzen. Nagikeriak ahaztu eta heldu ongarriketari. Egutegiko udazken negutsu hau da ongarriketa nagusirako sasoia. Ongarriketa nolako, hurrengo uzta halako. Eskualdearen arabera, negua luzea eta gogorra izan daiteke; galdetu Abaurregaineko 1.000 metrotik gorako baratzeetan.... Udazkenean lurra gaitzen denbora eta eginahal pixka bat emanez, hurrengo urteko baratzearen arrakasta hagitz erraztuko duzu!

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko abenduaren 18a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Berdantzart izan dugun uztaren amaiera emozioen saskia da. Uztako mozkinak bildu, jaso, iraunarazteko lehortu, zintzilikatu, izoztu eta gero animoaren jaitsaldia, baita erorialdia ere badatoz, neurri batean. Beheraldi latza da baratzea “utzi” beharra, landareen udako hazkundearen bor-bor hori ez ikustea, barazkiak bildu ahala jate hori urritzea, loreen miraria ia desagertzea, fruitu usainik ez izatea… Baina berdantzart arteko aurtengo lanen eta emaitzen porrotez eta arrakastez gogoetatzeko garaia da.

Udazkena aro aproposa da belarra, arbolak, zuhaixkak, landare iraunkorrak, baratzea, soroa eta abar ongarritzeko. Baina behar bezala egin behar: hilabete fresko hauetan, negua nolakoa den, gogorra edo leuna, erabat lozorroan egon daitezke edo oso-oso poliki hazten. Ongi ongarritzeak loari eta hurrengo berpizteari lagunduko die.

Landareei lagundu nahi badiegu, lurzoruaren osasuna modu naturalean berreskuratzea beti izan behar da lehen aukera. Bestalde, ahal dela, etxean sortu ongarria; garraioak kostua eta kutsadura dakartza. Zirkulua bertan ixtea, begizta itxiarena da ongarriketa araurik onena.

Soropila ongarritzeko bertan utzi moztu eta txikitutako belarra; behar duen janariaren erdia izango da; gainontzean zabaldu inguruko orbela edo luarra, mehe-mehe.

Azpian mantendu arbolen eta zuhaixken hostoak, behar dute ongarri guztia doan. Eta onura ugari ditu: hezetasunari eutsi, lurra elikatuko duten mikroorganismoei lagundu, xomorroen etxe izan... Ez pilatu inoiz enborraren ipurdian. Hosto eskasia bada, ekarri luarra.

Gogoan izan, ongarritzeko ongarri kimiko edo sintetikorik ez erabili. Batetik gure landareen lozorrotze eta ernetze zikloak aldrebestu ditzakete eta bestetik ingurumen-inpaktu handiak eragiten dituzte, nabarmenenak uren kutsadura eta lurrari bizia ematen dioten mikroorganismoen genozidioa.

Ongarriketan arau bat bada zorrotz bete beharrekoa: gehiago ez da hobea.

Iraultzak pobretzea dakar, motzarelo
2025-06-02 | Jakoba Errekondo
Golde” hitza “kultura” hitzetik dator. Etimologialaria ez naizenez, ez naiz, badaezpada, bidezidor horretan barrenduko, edozein sastraka edo lahardiren (Rubus fruticosus) erdian itotzeko ere… Inor edo... (+)
Sua lotzen duen lorea
2025-05-26 | Jakoba Errekondo
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil... (+)
Pagotxa eta beste pagotxak
2025-05-19 | Jakoba Errekondo
A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten... (+)
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere
2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.  (+)
Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
gora