Finerge enpresak Beizaman eta Bidania-Goiatzen bederatzi makro-eoliko jarri nahi ditu, 229,5 metrokoa bakoitza, guztien artean 45-50 MWko potentzia izango luketenak. Haize-erroten artean sei errepide eraikiko lituzkete eta horrek Errezilgo lurrak ere hartuko lituzke. Beizama eta Bidaniko udaletxeei enpresak Saitec aholkularitza etxeak egindako "aurrerapena" aurkeztu die, ARGIAk jakin duenez.
Saitec aholkularitzak eta Finerge enpresak sinatua dagoen proiektu aurrerapenaren arabera, Beizamako lurretan sei haize errota joango lirateke eta beste hiru errota Bidania-Goiatzen. Etxe batzuek oso hurbil izango dituzte, enpresaren txostenaren arabera "bakartutako etxeetatik 300 metroko distantzia" baita gorde dutena (gogoan hartu errota bakoitzaren altuera 229,5 metrokoa dela). Errepidetik ere gertu geratuko da horietakoren bat, 344 metrora. Eta erroten arteko distantzia laburrena 652 metrokoa izango da.
Zentral eolikoa eraikitzeko GI-370 errepidea erabiltzea planteatzen du Finerge enpresak, hau da, Azpeitiko Nuarbe auzotik Beizaman barrena Albizturko Santutxo auzoraino joaten dena. Enpresak ez du aipatzen errepide hori zabaldu beharko litzatekeenik, baina galdera da ea errepide hori horrelako eraikuntza lan batek eskatzen duen neurriko makinaria pasatzeko bezain zabala eta gaitua ote den.
Horrez gain, bederatzi errotak haien artean lotuko dituzten sei errepide eraikitzea aurreikusten du enpresak. Errepide horiekin asfaltoz estaliko liratekeen 8,189 kilometro lirateke guztira, enpresak aurkeztutako aurrerapen txostenean ikus daitekeenez.
Haize errota bakoitzari ondoan 200 metroko asfaltozko plataforma egin nahi diote, eraikuntzarako garabiak eta gainerakoak kokatzeko.
Sortutako argindarra lurpeko hiru zirkuitutatik bideratu nahi dute Azpeitiko Redeia azpi-estaziora. Enpresaren arabera, argindarra kanporatzeko lineak Errezil, Azpeitia eta Zestoako udalerriei eragingo die.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545