Puzker handia kakagura, izotz handia elur-gura.

“Barazkiak prezio duinean saltzeko bidea dendan topatu zuen osabak”

Miriam eta Igone Saldias ahizpek baserriari eta familiako proiektuari eusteko apustua egin dute. Berrobiko Soronea baserrian barazkiak ekoizten dituzte eredu ekologikoan, eta Tolosako Soronea dendan saltzen, modu zuzenean.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko otsailaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

“Aiton-amonek esne behiak zituzten, baina duela 30 urte inguru, osabak baserriko erreleboa hartu zuen eta baratzean hasi zen, ekologikoan”, azaldu du Miriamek. Barazkiak prezio duinean saltzeko asmoz eta eredu ekologikoan zuen konbentzimenduagatik, denda irekitzeko apostua egin zuen Iñaki Uranga osabak Izaskun eta Maribi arrebekin batera. Gaur egun, bi ilobak batu dira familiako proiektura. Baserriko barazkiez gain, hurbileko produktu ekologikoen eskaintza zabala dute dendan.

Baratzeko eta dendako lanak uztartzen

Hasieran, barazkiak inguruko azoketan saltzen zituzten Soroneako kideek, baina dendako ateak ireki zituztenetik, han egiten dute salmentaren zatirik handiena. “Bezperan prestatutako barazkiak izaten ditugu dendan, freskoagoak ezin!”, dio Saldiasek. “Aurten, gainera, oilotegia ere martxan jarri dugu, gure arrautzak saltzen ari gara dagoeneko”, gehitu du. Beste zenbait saltoki eta jatetxeri ere saltzen dizkiete Soronea baserriko produktuak. Laster, gainera, webgune bidezko salmenta ere jarriko dute martxan.

Duela hiru urte sartu ziren Saldias ahizpak familiako proiektuan: “Naturarekin genuen erlazioa erabat aldatu zaigu baratzean hasi ginenetik. Oso polita izan da gazteok nahiko galdua dugun harreman hori berreskuratzea”. Biodibertsitatea eta ingurua zainduz bide egokia topatu dutelakoan daude biak. Hasieran, baratzean nahiz dendan, bi tokietan aritzen ziren, baina, orain, lanak banatuxeagoak dituzte: Miriam baratzean aritzen da batez ere, beste langile batekin batera; eta Igone, berriz, amarekin, izebarekin eta laugarren langile batekin dendan.

Denda hurbileko produktu ekologikoz hornitua

Soronea dendan saltzen dituzten produktu guztiak ekoizpen ekologikokoak dira, eta denetik dute: kosmetika, ogia, zerealak, ontziratu gabeko produktuak, garbikariak… “Super txiki bat da hau”, dio Igonek. Produktu guztiek, gainera, identifikazioa errazteko koloretako etiketa dute: 0Km, 200Km edo 1.000Km. “Jendeak jatorria erraz identifikatzeko moduan jarri nahi genituen gauzak”.

Urteotako ibilbideari begiratuta, gauzak pixkanaka hobera doazela uste du Saldiasek: “Egun gehiago baloratzen da produktu ekologikoa, bertakoa… garrantzi gehiago ematen zaio nork eta nola ekoitzi duen jakiteari”.

 

Erratza pasatzeko, hobe artatxiki eskoba artisaua plastikozkoa baino
2026-11-23 | Garazi Zabaleta
Valtierran (Nafarroa) artatxiki buruxkekin erratz artisauak ekoizten dituen enpresako laugarren belaunaldia da Miguel Mendi Hualde. "Gure birraitonak erratzak eta sokak ekoizten zituen, hori zen bere... (+)
Bertako zuhaitz eta zuhaixken mintegi berria Soraluzen
2026-11-16 | Garazi Zabaleta
Landare eta zuhaixkak ekoizteko afizioa aspalditik izan du Jon Oñederra Rascon soraluzearrak (Gipuzkoa), baina iaz sortu zuen Oitturri mintegia eta modu profesionalean ekoizten hasi zen,... (+)
Bertako produktuen dendatxoa, herritarrei zerbitzu emateko
2026-11-09 | Garazi Zabaleta
Tolosaldeko herri txikia da Baliarrain (Gipuzkoa), 140 biztanle inguru dituena. Duela bost bat urte, ekonomatoa martxan jartzeko pausoak eman zituzten herrian, udalak bultzatuta. "Herritarrei bertako... (+)
Bidarte eta Miarritzeko sukalde zentralak hornitzeko baratze publikoa
2026-11-02 | Garazi Zabaleta
Eskolarako eta adinekoen etxerako otorduak prestatzen dituen Bidarteko sukalde zentralak 150.000 plater prestatzen ditu urtero, eta Miarritzekoak, berriz, 200.000. "Orotara 350.000 otordu dira, eta frantses... (+)
Tokiko eta kalitatezko produktuen epizeria parte-hartzailea Baigorrin
2026-10-26 | Garazi Zabaleta
Duela urte eta erdi pasatxo hasi zen Baigorriko (Nafarroa Beherea) pertsona talde bat bertako produktuen denda fisiko bat martxan jartzeko ideia lantzen. Herriko AMAPean –laborari... (+)
gora