Apirila euritsu, urtea kakatsu.

Iruñetik artzain eskolara, eta handik Otsagabira artaldea osatzera

Artzain gisa hirugarren kanpaina du aurtengoa Koldo Vicente Eseberrik. Familia Otsagabikoa izan arren, Iruñean bizi izan zen txikitatik, baina abeltzaintzaren munduarekin harreman estua izan du beti. “Osaba artzaina zen, haragitarako ardiak zituen hemen, eta txikitan berarekin ibiltzea asko gustatzen zitzaidan”, gogoratu du. Duela 15 bat urte Iruñeko lana utzi, Oñatiko Gomiztegi artzain eskolara joan eta Otsagabiko artzainekin lanean hasi zen bortuetan. “25 bat ardi ere jarri nituen orduan, eta probak egiten hasi nintzen”. Duela hiru urte, artaldea handitu eta bere proiektua abiatu zuen: Aztal.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko irailaren 15a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bertako ardi eta ahuntz arrazak ditu gazteak Otsagabiko Aztal proiektuan: Nafarroako ardi latxa muturbeltzekin eta ahuntz piriniarrekin aritzen da. “Ahuntz piriniarrek ia esnerik ez dute ematen, baina oso arraza basa da, udan mendira igotzen dira Irati gainera”, dio. Esnetarako ahuntzek egunean bi edo hiru litro ematen badituzte, aldiz, litrora ere ez dira iristen bereak. Baina, dioenez, gutxi eman arren, eskatu ere gutxi egiten dute. “Ez diet ia pentsurik eman behar, gehienbat kanpoan ibiltzen direlako. Beraz, ideia da naturak ematen duenarekin ekoiztea, gehigarririk gabe".

Ardiak ere, ahuntzekin batera, kanpoan izaten ditu urtearen zati handienean, neguko garai hotzenak kenduta. “Udaberrira arte gauetan bordara sartzen ditut, baina bestela beti kanpoan daude. Orhi ingurura igotzen dira uda garaian, eta herriko komunaletara jaisten dira urri inguruan”. Gaztandegi eta ukuilu berriak egin zituen artzainak Otsagabia eta Itzaltzu artean, eta bertan egiten ditu eraldaketak: ardi-gazta, ahuntz-gazta eta nahasketa. “Gazta onduak egiten ditut, eta kantitate txikian bada ere, gazta urdina ere bai, nahasketarekin”. Ontze prozesurako, gainera, kamara berezi bat prestatu zuen: lurrazpiko kobazulo moduko batean uzten ditu gaztak ontzen. “Hezetasun eta tenperatura finkoak mantentzen dira bertan, eta gazta ez da hainbeste idortzen”.

Pirinioan ekoitzi eta jan

Salmenta zuzena egiten du artzainak, eta bere gaztak Zaraitzun bertan gelditzen dira. Eskaerak egiten dituzten bailarako etxeetan banaketa egiten du, inguruko azoketan ibiltzen da, eta Otsagabiko eta Ezkarozeko dendetan ere saltzen ditu gaztak. “Ekoizpen txikia dut, eta Zaraitzuko bailaran bertan saltzearekin nahikoa dut, ez dut beste inora mugitu beharrik”, dio. Gaztak ez ezik, haragitarako auñak –antxumeak–ere saltzen ditu.

Nafarroako Pirinio inguruan artzaintza asko galdu dela dio, eta egoerari buelta emateko proiektuak martxan egon arren –Gidari artzain eskola kasu–, lurrak lortzeko oztopoak direla eta, zaila ikusten du jende berria animatzea. “Dena dela, uste dut pixkanaka jendea hasi dela bertako produktuen inguruan kontzientziatzen, lehen sektoreari lotutako hainbat proiektu sortzen ari dira… Zuberoako artzainekin harreman estua dugu bortuan elkartzen garelako, eta ohartzen gara han bestelakoak direla gauzak, baina tira, hemen ere ari da gaia pixkanaka mugitzen”, amaitu du.

“Hemengo barietateetan ez da sailkatze lanik egin jateko sagarrak ukaiteko”
2025-10-06 | Garazi Zabaleta
Baigorriko pentzeetan jateko sagarrak ekoizten ditu Elena Aguerre laborariak. Lekorneko Garroa etxaldean barazkigintza ekologikoan luze aritua zen, baina 2022-2023ko neguan Baigorrira lekualdatu eta proiektu berria... (+)
Aralarren hazitako moxal haragia
2025-09-29 | Garazi Zabaleta
Amezketako Loidi baserrian sortutako proiektua da Aralareko, Uxue Artola Ansak eta Iosu Goñi Muruak bultzatua. “Familiako proiektua da gurea, moxal haragia lehenagotik ere ekoizten genuen,... (+)
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen
2025-09-22 | Garazi Zabaleta
Sarraskiak ez du etenik Palestinan, eta lurraldeko txoko guztietara hedatzen ari da. Uztailaren 31n, Hebrongo (Zisjordania) Hazien Bankuaren Ugalketarako Unitateari eraso zion Israelek; bulldozer eta... (+)
Lursail bakoitzak bere arnoa
2025-09-08 | Garazi Zabaleta
Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu... (+)
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila
2025-09-01 | Garazi Zabaleta
Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela... (+)
gora