Ederra eta ona bi dira

Etxebarriko Bandas lantegiko greba luzea: “Denok ala inor ez”

1966ko azaroaren 30ean Etxebarriko Laminaciones de Bandas lantegian hasitako greba, erregimen frankistaren kontrako aitzindari eta luzeena izan zen. Orain, gertakari hura Memoria Demokratikorako Leku gisa aitortu du Espainiako Gobernuak; baina, oroimenetik harago, gaur egun baliagarri diren beste irakasgai asko ere utzi zituen 163 eguneko borroka hark.


2026ko azaroaren 18a
Etxebarriko Bandaseko langileak lantoki kanpoaldean bilduta, garai haietaz dauden irudi bakanetako batean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

“Metrailetekin bidali bagaituzue, metrailetekin sarrarazi beharko gaituzue, gure eskubideak ez badira aitortzen”. Esaldi hori erabili zuten Etxebarriko Laminaciones de Bandas en Frío lantokiko langileek, aurrera jarraitzeko beraien determinazioa erakusteko. 1966ko azaroaren 30ean ekin zioten greba historikoari, hasiera batean lan baldintzak hobetzea eta produkzio-saria mantentzea eskatzeko; laster, ordea, erregimen frankista auzitan jarri zuen borroka askoz zabalago baten protagonista bihurtu ziren.

Duela 60 urte hasitako Etxebarriko Bandas lantokiko greba Oroimen Demokratikoko Leku izendatu du Espainiako Gobernuak duela gutxi. BOE aldizkari orokorrean argitaratu du erabakia: “Diktadura frankistan langile mugimenduaren gertakari nabarmenetako bat izan zen”, irakur daiteke. Testuak azpimarratzen duenez, grebak lan arloa gainditu zuen, eta askatasun sindikalik ez zegoen garaian, diktaduraren aurkako oposizio soziala berreraikitzen hasteko balio izan zuen. Azken batean, “langileen antolakuntza, elkartasun eta erresistentziaren sinbolo” izan zela dio.

Lantokia gaur egun ArcelorMittal España SA enpresaren esku dago, eta ondarea halaxe identifikatzen da aldizkari ofizialean. Hortaz, gertakari haiek gogoratzen dituzten elementuak babestuta egongo dira eta, besteak beste, azalpen plaka bat ezarriko da. Baina Etxebarriko Bandaseko greba ezin da oroimen seinale soil batera mugatu, langile mugimenduari egindako ekarpena askoz harago doa.

Gertakari haiek gogoratzen dituzten elementuak babestuta egongo dira eta, besteak beste, azalpen plaka bat ezarriko da. Baina Etxebarriko Bandaseko greba ezin da oroimen ikur soilera mugatu, langile mugimenduari egindako ekarpena askoz harago baitoa

Gure greba: "Langileen izerdiaren emaitza da"

Ez da erraza azaltzea 163 egunez familia haiek eta Basauri, Etxebarri zein inguruko herritarrek bizitakoa. Eta langileek kontatu zuten hoberen, Jose Antonio Osaba haien liderretako baten eskutik Nuestra huelga (Gure greba) izeneko lekukotza liburuan. Beraiek auto-editatu zuten, eta Agustin Ibarrolaren ilustrazioa zekarren azalarekin Ruedo Ibéricok zabaldu zuen: “Irakasgaia hor dago: Penintsula osoko langile klaseak adi jarraitu du Etxebarrin gertatzen zena, ulertu dutelako Bandaseko beharginek hasitako bideak eurak ere askatzera eramango dituela”, diote, egindakoaren oso kontziente.

Laminaciones de Bandas en Frío lantokia Altos Hornos de Vizcaya eta Basconia SA enpresek sortu zuten 1959an, eta urte batzuk geroago jadanik 700 langile inguru aritzen zen bertan. Espainiako Estatuko toki askotako jendea zen, jende oso gaztea; datu hori garrantzitsua da hasierako urteetako martxa ulertzeko: “Kapitalismoaren betiko legeak erakusten duen moduan, Banden existentzia gutxiengo baten mesedetan metatutako langileen izerdiaren emaitza da”, irakur daiteke liburuan.

Etxebarriko lan gatazka egunkari gutxi batzuek jaso zuten, kaleratze masiboak hasi zirenean. EiTBren '163 dias' dokumentaletik harturiko irudia.

Basconia SAko nagusiak lantegiaren gehiengoaren jabe egin zirenean, diziplina zorrotza ezarri eta lan baldintzak estutzen hasi ziren. Fernando Gondra Lazúrtegui zen konpainiaren kontseilari nagusi; langileek bazekiten dirutza irabazten zuela –urtean 30 milioi pezeta–, beraiek “miseriazko soldatak” kobratzen zituzten bitartean.

Toxikotasun plusa kentzea, osasun zerbitzu eskasak, hamabi orduko lan txandak... Egoera makurtzen ari zen, are gehiago 1966ko maiatzean Pertsonaleko buru Alfonso Calbacho jarri zenetik, errepresioan sakondu zuen "gizon desekilibratua eta brutala". Azaroan, grebara jo aurretik, honela egin zien mehatxu Esplotazio zuzendari Ignacio Hidalgo de Cisnerosek: “Denok espero dugu beste 1936 berri bat beharrezkoa ez izatea”. Patronala erregimen frankistari estuki loturik zegoen, biak bat ziren, eta gobernadore zibila ondoan zuten enpresariek, edozein momentutan Polizia bidaltzeko prest.

Fernando Gondra Lazúrtegui zen konpainiaren kontseilari nagusi; langileek bazekiten dirutza irabazten zuela –urtean 30 milioi pezeta–, beraiek “miseriazko soldatak” kobratzen zituzten bitartean

Orrialde informatiboak: "Hainbeste zapaldu gaituzue..."

Grebaren lehen egunean, apenas ordu batzuk igarota, langileen eskuetara lehen Orrialde Informatiboa iritsi zen. Deialdiak aurrera egingo ote zuen ziurgabetasunaren erdian, eta asko kaleratze gutuna jaso berritan, langile-agerkari hori banatzeak haize freskoa suposatu zuen, eta komunikaziorako tresna izugarri efikaza bihurtu zen, arrakastaren gakoetako bat. Honela zioen:

“Gure kaleratzea baliogabea da. Ez dugu hemendik alde egingo. Eta geratzeko gure asmoak erakusten du noraino gauden konbentziturik errua beraiena dela. Hainbeste zapaldu gaituzue, hainbeste lapurtu: ordainak, primak, distantzia plusak, kalifikazioak... Hainbeste zigortu gaituzue, injustuki, honek bai ala bai gertatu behar zuela”.

Handik hiru egunera, Guardia Zibila armak eskuan sartu zen fabrikan eta grebalariak indarrez egotzi zituen handik. Despedituak izan ziren denak.

Batzartuta, lantoki kanpoaldean.

Egunez egun, informazio xehea eskaini zuten orrialde haiek, zentsurak erabat kontrolaturiko prentsaren isiltasuna gainditzeko. Talde batek idatzi, beste batek multikopistan inprimatu –3.000 alera iritsi ziren– eta “magia eginda” asanblada bakoitzean azaltzen ziren. Gainera, lehen egunetan, lantokia okupaturik zegoenean, langileen emazteak harremanetan jarri eta beraiek banatu zituzten etxez etxe.

Emakumeen papera oso garrantzitsua izan zen Bandetako greban, hala aitortzen du Espainiako Gobernuak ere bere erresoluzioan. Mobilizazioetan zuzenean hartu zuten parte, eta, esaterako, Sindikatu Bertikalaren –frankismoak langileak kontrolpean edukitzeko organoa– Basauriko egoitza okupatzeko ekintza ikusgarria egin zuten. 1967ko apirilean, gatazka gorenean zenean eta Poliziak Bilbon egindako manifestazio handi bat erreprimitu zuenean, emakumeak jarri ziren lehen lerroan; haietako asko zauritu zituzten oldarraldiaren ondorioz.

1967ko apirilean, gatazka gorenean zenean eta Poliziak Bilbon egindako manifestazio handi bat erreprimitu zuenean, emakumeak jarri ziren lehen lerroan

Errepresioa gora, elkartasunak ere bai

Errepresioak etengabe egin zuen gora. Lehenengo mehatxuak, gero metrailetak eta azkenik egurra. Agintariek, lan aldarrikapenetik harago, diktadurari desafio egiten zion mugimendu bat bezala hartu zuten greba hura. Eta egiaz hala zen, beste lantokietan ere mobilizazioa handitzen joan baitzen, harik eta elkartasun greba orokorra deitu zuten arte: “Atzo elkartasunerako deia luzatu genion Bizkaiko langile klase guztiari. Gaur are indar handiagoz errepikatzen dugu dei hori”, dio orrialde informatiboetako batek.

1967ko martxoaren 12an Zugaztietako Aleman meazuloan bilduta zeuden Bandaseko berrehun bat langile atxilo eraman zituzten. Handik aste gutxira, Bizkaia osoan salbuespen egoera ezarri zuen erregimenak, eta errepresioa txoko guztietara zabaldu zuen.

Horri erantzunez, apirilaren 12an Gogor taldeko 80 abadek Gobernu Zibilaren Bilboko Gran Vía kaleko egoitza aurrean manifestazio isila egin zuten, sotanak jantzita. Elizaren goi hierarkiatik at zeuden abadeak gogotik inplikatu ziren garaiko borroketan –eta larrutik ordaindu zuten beraiek ere–; horren erakusgarri da langileek Otxarkoaga eta Basauriko parrokietako lokaletan aurkitu zutela babesa asanbladak egiteko. Gondra, nagusia, kexu zen abade haien jokabideagatik: “Gotzainak ez ditu Basauriko bilerak debekatu eta errua parrokoarena da, nire kontra dago”.

1967an abadeek Bilbon egindako manifestazioaren irudi bakanetako batzuk Venezuelako ‘Gudari’ aldizkaritik hartuak. Gudari

Egun luze haietan, kontsigna bat zabaldu zen langileen artean, beraien borroka ezin hobekiago islatzen zuena. Grebak iraun zuen bitartean, kaleratzeak legezkoak ziren edo ez ebazteko egindako epaiketan, enpresa prest agertu zen grebalarien zati handi bat berriz hartzeko, baina ez denak; orduan, langileek oso garbi izan zuten: “Ez dugu kaleratzerik onartuko gure lankideek hala nahi ez badute: denok ala inor ez”.

Greba 1967ko maiatzean amaitu zen, errepresioa eta deportazioak tarteko. Ez zen esperotako amaiera izan, baina bizipen asko utzi zituen, aldizkari ofizial bateko sei orrialde hotzetan kabitzen ez diren atzoko bizipenak eta gaurko irakasgaiak.

Duela 31.500 urteko haitzuloetako lehoi gazte baten eskeleto osoa aurkitu dute Mendaron
2026-11-04 | Urko Apaolaza Avila
2023an topatu zuen hezurdura Burumendi espeleologia taldeak, eta asteartean aurkeztu dute jendaurrean, Irungo (Gipuzkoa) Gordailuan. Aurkikuntzak lagunduko du historiaurreko halako animalia espezie handien garapena zein... (+)
Iturriozko Anttoni (1980)
2026-10-25 | Urko Apaolaza Avila
Kamino zatar batetik kotxea poliki gidatuta. Halaxe iritsi ziren Zeruko Argia-ko Elixabete Garmendia eta Lurdes Auzmendi Ataungo baserriraino, norbaitek eskopetaz “hegazti arraro bat” bota omen... (+)
Lezoko intermodalak XV. mendeko bi baserri bota eta landa lurrak artifizializatuko dituela salatu du Eguzkik
2026-10-06 | Urko Apaolaza Avila
Pasaiako portua eta AHT lotuko lituzkeen Lezoko (Gipuzkoa) plataforma logistiko edo terminal intermodalari buruzko informazio azterketa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Eguzki talde ekologistaren esanetan, Gaintxurizketako... (+)
Datu zentroak: egia lurraldean bizi da
2026-09-22 | Urko Apaolaza Avila
Argentinan, herrialdearen egoeraz hitz egiten hasi orduko, izen bat agertu ohi da denen ahotan: Peter Thiel. Palantir AEBetako teknologia multinazionalaren milioiduna Casa Rosadara iritsi zen... (+)
gora