Azatxoak azatuko dituk

Ba al zenekien hainbat zuhaitzek ekainean galtzen dituztela hostoak?

Urteko egunik luzeenak ditugu, eta aldaketa handiak heltzen dira, ikuskizun, nahi dituenarentzak. Egun-argiak, luzatu eta luzatu ari denak, laburtu eta laburtzeari ekingo dio. Horrek negua ekarriko du landareen gogamenera. Neguan hostorik galtzen ez dutela iruditzen zaizkigun zuhaitz horiek orain berrituko dute hostajea.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2020ko ekainaren 11
Pinu luma, hostoa edo orria.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zer gertatzen da aipagarri landareetan ekainean? Galdera hori egingo balizute zer erantzungo zenuke? Goi medietako ekosistemetan bilakaerak beste neurri batzuk ditu, baina beheko lurraldeetan, hego edo eki, udaberriko puria joan da. Lorealdien eta hosto-janzteen une gorenak igaro dira, eta badirudi hurrengo urrats aipagarria, bantatzeko modukoa, udazkena izango dela; fruituak bildu eta hostajeen kolore aldaketa eta erorketa ikusiko dugun aroa.

    Ba ekainak badu bere korapiloa landareen sasoi berriaren harian. Urteko egunik luzeenak ditugu, eta aldaketa handiak heltzen dira, ikuskizun, nahi dituenarentzak. Egun-argiak, luzatu eta luzatu ari denak, laburtu eta laburtzeari ekingo dio. Horrek negua ekarriko du landareen gogamenera. Di-da lausotuko dira udaberriko olgetak eta ospakuntzak. Eta gogamenak, bakoitzarenak berea aginduko dio landare bakoitzari eta gauza asko gertatuko da. Izan ere, izan eta izen asko du ekainak: udaila, errearoa, arramaiatza, ereiaro, bagila, jorraila, garagarila, maiatza berri...

    Hostoa galduko dute zuhaitz eta zuhaixka ugarik. Bai, gezurra badirudi ere, hostoa galtzeko sasoia izango da. Berez neguan hostorik galtzen ez dutela iruditzen zaizkigun horiek orain berrituko dute hostajea. Sugeak azala edo hegaztiak luma bezala, zaharra botatzerako azpitik hosto berriak badatoz. Ereinotz edo erramu (Laurus nobilis), magnolia lore-handi (Magnolia grandiflora), gurbitz (Arbutus unedo), arte (Quercus ilex) eta artelatz (Quercus suber), mimosa (Acacia dealbata), gorosti (Ilex aquifolium), garrazki, palmondo eta konifero gehienak orain ari dira hostajea aldatzen. Ez hostaje guztia; gehienetan hostoa bi edo hiru urte bizi ohi da, eta, beraz, hosto batzuk eroriko dira. Hosto ihar mordoska pilatzen da landarearen azpian, eta, hori ikusita, erabat soilduko ote zaion beldur, izutzen denik ere bada. “Hostorik ez dute galtzen, eta nola liteke?”, diote. Bai, galtzen dute eta lasai, hostoberritzea da landarea ondo eta indarrean bizi den zantzu onena.

    Hosto zaharra bezala, gainean alferrik duten edozein zati ere orain botako dute. Izerdialdi berriak eragindako hazkundeak bultzatuta adar mutur iharrak orain ikusiko dituzu landarepean. Nik etxeko atarian ikusi dut keyaki edo Japoniako zelkoba esaten zaionarekin (Zelkova serrata). Zaharrak bota eta euriak izerdia puztera laguntzen badu, bigarren kimualdia ere ematen du zenbait landarek, hosto berriko adarren muturretan hosto berriagoak: haritz kandudun (Quercus robur), lizar (Fraxinus excelsior), astigarrak (Acer spp.) eta abar.

    Egun-argiaren luzatzetik laburtzerako koska hau loratzeko baliatzen dutenak ere badira. Orain loratu eta udazkenerako fruituak eta haziak pronto ugalketarako. Gaztainondoa (Castanea sativa), luisa-belarra (Lippia citriodora) eta magnolia lore-handia dira horietako hiru. Orain loratzen diren horiek lore usaintsuak izan ohi dituzte. Bista txarra baduzu ere, sudurrak eramango zaitu beraiengana.

    Ekaineko loraldietan aurten badugu bitxikeria bat, egundo ikusi gabekoa: sagarrondo (Malus domestica) batzuk loretan. Ez bat eta ez bi, dezente baina. Sekula ikusi gabekoa eta sagarrondoaren loraldiari buruzko esaera ezagunenak jasotzen ez duena: “Martxokoa ez balitz hobea, apirilekoa urrea eta maiatzekoa ezer ez baino hobea”. Ekainekoa ere erantsi beharko diogu aurten; eta hemendik atzerako urteetan ere erabilgarri izango dugula ez izan zalantzarik. Klima aldaketaren eragin garbia. Nire proposamena: “Eta ekainekoa azkena”, inola ere behar ez dena, alegia. Ea ba, bota zeurea!

Arboletarako eroa daukat
2025-09-15 | Jakoba Errekondo
Bada Garde. Urrutira gabe hor dago, urrutieneko mugaren guardan. Umetan ezagutu nuen Garde, ez dut gogoan zenbat urte nituen, baina landatuta geratu zitzaidan han ikusi... (+)
Orria egitera
2025-09-08 | Jakoba Errekondo
Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren... (+)
Pagatza, bizitza, sutza
2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana. (+)
Harroputzetik artaputzera
2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-27 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
gora