Bizitza baratze bat da, lurpetik azaleratu ezazu

Azpiak egitea

Baratzea laster izango da bere onenean. Udazalea bazara. Neguko baratzea ere eder askoa da, bere unibertso urdinarekin: porruak (Allium porrum), azatarrek (Brassica spp.) eta abarrek osatzen dutena. Jendeak, baina, udako baratze koloretsua nahiago izaten du; tomate (Solanum lycopersicum) goratua nahi du eta bere akolito berozaleak: piperrak (Capsicum annuum), alberjinia (Solanum melongena) eta abar.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko ekainaren 10a
Landareei inguru guztian lur gainean zerbait jartzen zaio bi nahirekin: nahi ez dugun belarrik ez sortzea eta, batez ere, lurretik lurruntzen den urari lurrazalean eustea, landareen sustraien eskura. Argazkia: ARC
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ongarriak aspaldi emanak izango ditu lurrak, satsa, luarra, kortalohia, edo dena delakoa. Orain lurra sasoian jarri eta azaro ona denean landareak erein, landatu eta, batez ere, zaintzearen txanda da. Uzta arteko zaintzarena.

Zaintza horretan uraren kontrol egokia tantoaren erdia da. Isuri atlantikoan, ohiko eguraldia bada ureztatu beharrik ez da izango. Baldin eta ez bada ikaragarrizko agorraldiren bat etortzen. Orduan bai. Baita isuri mediterraneoan ere. Hor ura beharko da.

Ureztatzea lana da eta dirua. Ureztatzea garestia da. Erabilitako urari etekin onena ateratzea da zaintzailearen helburua. Horretarako, egunabarrean ureztatzea, behar den kopurua eta abar zorrotz begiratzen dira.

Landareei azpiak egitea da beste teknika eraginkor bat. Aziendari ukuiluan bezala, landareei ere inguru guztian lur gainean, lurrestali, zerbait jartzen zaio bi nahirekin: nahi ez dugun belarrik ez sortzea eta, batez ere, lurretik lurruntzen den urari lurrazalean eustea, landareen sustraiera. Era berean lurraren azala ez da lehortuko, gehiago edo gutxiago ongarritu egingo du eta landareen bizimoduari eusten dioten mikroorganismoei indarrean eta bizi eutsiko die. Landare artean zabaltzen dena edozein material organiko izan daiteke: egur ezpala, enbor azala, txirbila, zerrautsa, birrindutako papera, kartoia, belar txikitua berdea edo ondua, lastoa, orbela, luarra, legarra, artilea, simaur ondu lehorra…

Bero eta lehorte handiak etorri aurretik hona burubide batzuk. Lurra gose antzera bada, hautatu azpitarako ongarri emari azkarra sortuko duen materiala: simaur edo luar. Zaindu etxe eta antzeko egituren aldamenean jartzen den materiala, erretzeko modukoa bada arazorik sor ez dadin. Kontuz materialarekin: intxaurraren eratorriek kalte egin diezaiekete landareei; tratatutako egurrenek, berriz, lurreko bizidunak eta gu geu ere malurtu. Lore tarteak bezalakoetan, non azpiak iraunkorra izan beharko duen, zaindu geruzaren berritzea. Belar gogorrak sortzen diren tokia bada, azpietan barrena haz ez daitezen, ondo azalaitzurtu edo azalatu edo saratu edo izakitu edo azpian kartoia jarri, itotzeko; pixka batean eutsiko die, itoz, eta laster bera ere ustelduko da, ongarri. Azpiekin ez egin landarearen ipurdiaren inguruan pilarik. Beti utzi tarte bat landareari, usteldurek eta gaitzek eraso ez dezaten.

Aziendaren azpiak, luartu eta lurraren aberasgarri edo landareen azpigai. Azpitik azpira, lehorteari aurre egiteko; soilik behar izanez gero.

Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
gora