Urriko elurra, zortzi hilabeteko elurra.

Axuri-kukua, artaldea eta artea

Ahoa buruan dago. Ahoko zuloaz gaineko ahoa, zaporea, dasta edo gustua, alegia. Zaporea buruan dago. Zerbait gustuko izatea edo ez izatea buruan dagoela pentsatzen dut, itsu. Edariekin maiz esan ohi da bakoitzak eraikitzen duela aho sabaian dugun horren zaporearen arkitektura; eta ondoren atsegin edo ezatsegin edo ez bata ez bestea, ez sagardo ez ur jotzea.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko apirilaren 24a
Andres Etxeberriak egindako lepauztaiak, Berastegiko Azokan. Argazkia: Jakoba Errekondo, CC-BY-SA.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Eta gazta? Edarien aho molde bera erabili al dezakegu gaztarekin? Bai noski… Edariak gaztak baino kulturalagoak dira, oinarrizkoagoak; eta aho sabaian txertatuagoak izan daitezke, eta zaporeak toki jakin batean eta edari jakin batekin ia-ia heredatuak, genetikoki heredatuak. Gaztarena zalantzazkoagoa zait, baina zaporearen arkitektura hura heredatua beharrean eraikitzeke izan eta eraikigarri sumatzea, kitzikagarria, ezta?  

Laster mendi goietarako bidean izango dira artaldeak. Hatua, sahiera, ardiketa, arsaldoa, arres-saldoa, arres-tropa, arditeka, ardi-samalda, artelia, artaldra, ardidia, errebañua edo artaldea ez da soilik ardi aralde bat. Azienda zuria edo azienda-kontua izango da nagusi: ardi, ahari, zikiro, arkazte, arkume, antxu ardi eta antxu ahari, axuri artxo eta axuri ahari eta baita axuri-kukuak edo axurkikak ere.

Beste animalia batzuk ere badira artaldea. Tropel berean doaz artzaina eta, inguruan baldin baditu, artzain-neska edota -mutil, sendia, lagun eta abar. Artzain-txakurrak eta bestelakoak lanerako, behor edo astoren bat zamari, oilo ale batzuk tarteka goiko larreetako udaberriko zizekin egindako arrautzopilen bat ahoratzeko eta txerriren bat mendian egingo diren gazten gazura ondo baino hobeto baliatu eta esnea xingar bihurtzeko.

Landareak ere badira artaldea. Zenbat hazi ote doa animalia horien denen barrunbeetan: mendiko larreetara iritsi orduko sakabanatu eta ereingo dituzten haziak, arkin, alkirri eta arkorotzetan. Hurritz makila (Corylus avellana) ere eskuan izango du artzainak. Lepauztaiak eta zildaiak gaztainazkoak (Castanea sativa) izan daitezke, besteak beste. Artea (Quercus ilex) ere ez da urrun izango: zintzarri, dunba, joare, kalanka, dulunda, xilintxa, bulunba, arran, mandarran eta abarren mingainak hezurrezkoak edo adarrezkoak izan daitezke, baina baita artezkoak ere. Zur gogorra metalezko ertza jo eta jo ibilita ere ez da berehalakoan hautsiko, ez alajaina.

Zazpi ahuntzak, Zazpi idiak edo Idi-ohoinak edota Oila-kolka bere txitoekin edo Itzaina bere idiekin ere esaten zaion Artzain txarraren izarra baino konstelazio ugariagoa da artaldea; aberetsu eta aberatsa da artaldea, artalde gaztagilea.

Malkoen bideko babarrunak
2025-12-08 | Jakoba Errekondo
Babarrun aleak titi artean jaso eta aurrera. Ipar Amerikako jatorrizko herrialdeetako txerokiak XIX. mendean beren kulturaren lurraldeak utzi eta lur arrotzetara joatera behartu zituzten. (+)
Txin-txinaren palma-zuhaitzak
2025-11-30 | Jakoba Errekondo
Nire inguruan maitale gutxi dituzte. Palma-zuhaitzek. Maitari edo amatzaile gutxi horiek zale sutsuak dira, bai horixe! Gehienek, ordea, kanpotartzat jo eta muturreko eskuindarrek immigranteak bezala... (+)
Loreak lorategietan eta pertsonak kaioletan
2025-11-24 | Jakoba Errekondo
Pertsonak kaiolatan sartuta ezagutu ditu gure espezieak. Duela ez asko, Europako estatu handiustekoek mundu osoan koloniak zituztenean, kolonizatutako lurralde horietako lurrak bereak balira bezala jarduten... (+)
Sexuaren premia
2025-11-16 | Jakoba Errekondo
Ni hibrido bat naiz. Zu ere bai. Baita hura ere. Den-denok gara hibridoak. Ikusten dituzun animalia eta landare guztiak. Landare bakan batzuk kenduta, denok ditugu... (+)
Kuia jendearen festak
2025-11-10 | Jakoba Errekondo
Kuia jendea esanda zer familia etortzen zaizu burura?  (+)
gora