Zure hiri-baratzea sortzea, lorategietan barazkiak jartzea bezain erraza da

Aurtengo El Niño fenomenoa “orain arteko bortitzena” izan daitekeela dio Munduko Meteorologia Erakundeak

El Niño fenomenoa ekainetik abuztura bitartean gertatzeko probabilitatea %80koa da, eta azarora bitartean gertatzekoa, %90ekoa. Alarma piztu du NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere, klima larrialdia dela eta are suntsikorragoa izan daitekeelako datorrena. 84.000 milioi dolarreko kalteak eraginen lituzke, Science aldizkariaren arabera.


2026ko ekainaren 04a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Munduko Meteorologia Erakundeak eman du alerta astearte honetan: El Niño fenomenoa ekainetik abuztura bitartean gertatzeko probabilitatea %80koa da, eta azarora bitartean gertatzekoa, %90ekoa. Nahiko argiki irudikatu dezakegu horrek dakarrena: muturreko fenomeno meteorologikoak errepikatuko dira munduan, direla idorteak, suteak, urakanak, uholdeak... Klima larrialdian eragin gutxien duten herritarrak kaltetuta izanen dira beste behin –besteak beste Afrikako Adarra–, baina herrialde aberatsek ere pairatuko dituzte ondorioak, eta europarrok ez gara saihestuak izanen. "Orain arteko bortitzena izateko aukeraz" ere hitz egin du Munduko Meteorologia Erakundeak: "Egoerarik txarrena kontuan hartuz gero, erran liteke El Niño izugarri bortitza izanen dela, baina 'udaberriko aurreikusgarritasun-hesi bat' dago urte-sasoi honetan, eta, horren ondorioz ez dago oraingoz ziurra intentsitatearen estimazioa". Ekainean argitu beharko litzateke guztia.

El Niño sortu ohi da Ozeano Barearen ekuatoreko erdialde eta ekialdeko itsas gainazalaren tenperatura berotzearekin batera. Beroketa horrek ondorioak dakartza, denboran irauten dutenak: oro har martxoa eta ekain artean hasten da eta azaro eta otsail artean da gehien sentitzen; eta gertatu ondorengo bigarren urtean igarri ohi dira mundu mailako tenperaturen gaineko eraginak. 2023ko maiatzean, Ozeanoak inoiz baino beroago ditugula, egoera ezezagunetara eraman gaitzake El Niño fenomenoak erreportajea idatzi zuen Nicolas Goñik ARGIAn, hain justu 2024 urterako aurreikusitako tenperatura beroak azaldu nahian. Ez da fenomeno berria, baina tenperaturen igoera dela eta eraginak are bortitzagoak dira.

Ondokoa irakurri daiteke erreportajean: "Ozeano Barearen azaleko tenperatura eta haize erregimenak aldatzen dira modu irregularrean, El Niño hegoaldeko oszilazioa deituriko fenomenoan. Bi fase ditu fenomeno horrek. Batean, La Niña izendatua, zeinetan ekialdeko haize indartsuek azaleko urak Ozeano Barearen mendebaldera bultzatzen dituzten, Indonesia aldera. Azaleko ur beroak bertan metatu eta hondoratzen diren bitartean, ekialdean –Ekuador eta Peruko kostetan– sakoneko ur hotzak azalera datoz. Egoera horretan itsas azaleko urak batezbertzekoa baino hotzagoak dira, eta horrek mundu mailako atmosferaren tenperaturan eragina du ere. El Niño deituriko bertze fasean, ekialdeko haizeak ahulagoak dira, azaleko urak gutiago mugitzen dira eta ur beroak ekialdean zabaltzen dira. Bi fenomeno horien frekuentzia irregularra da, ez dira beraz aurreikusteko errazak. Azken hamarkadetan, La Niña episodioak urritu dira eta El Niño ugaritu".

Kontua da giza aktibitateak eragindako klima beroketa dela eta, La Niñak geroz eta beroagoak direla, horrek guztiaren arteko oreka kaltetzen duelarik.

84.000 milioi dolarreko kalteak

Science aldizkariak apirilean plazaraturiko ikerketari segi, 84.000 milioi dolarreko gastuak eraginen ditu datorren El Niñok. Hain justu, hastapenean Ozeano Bare tropikalean gertatzen bada ere, ondorioak mundu mailan sentitzen direlako: Hego Amerikako, Afrika hegoaldeko eta Australiako eskualde batzuetan prezipitazioak gutxitu egin daitezke, lehorteak eta sute-arrisku handiagoak eraginda. Aldi berean, eskualde batzuetan, hala nola Indonesian eta Asiako zenbait tokitan, prezipitazioak ugaritu egin daitezke, eta, beraz, uholdeak gerta daitezke. Fenomeno horiek ingurunea suntsitu ohi dute, milaka hildako eraginda.

El Niñok ondorioak ditu laborantzan eta arrantzan ere, eta gatazken emendioa areagotu ohi du horrek, baita, nola ez, gosetea ere herrialde pobreenetan. Eritasunak garatzen dira –chikungunya, hantabirusa, kolera, izurria...–, eta, bestalde, galera ekonomiko handiak ere nabari dira. Mundu mailako merkatu liberal batean izanda, inflazioa dakar horrek, oinarrizko elikagai zenbait prezioak igotzen direlako, eta Panamako kanalean ur-maila apaltzeak eraginak dituelako salerosketetan.

Klima larrialdian dagoeneko

Inoizko tenperatura beroenak ondorioztatzen ditu fenomeno horrek, klima larrialdia are gehiago bizkortzen duenean. "Intentsitate handiko El Niño gertakari batek, denboran mugaturiko berotze global garrantzitsua dakar, giza jardueren ondoriozko berotze jarraituari eta epe luzekoari gehitu behar dioguna. 1,5 °C-tik anitzez goragokoa izanen da ziurrenik tenperatura emendioa, gutxienez sei edo hamabi hilabeteko epean", Daniel Swain meteorologoaren arabera.

Hori dela eta, adierazpenak egin ditu Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak: klima larrialdia hor dago, eta ondorioak gutxitzeko neurriak hartu beharrak dira: "El Niñok are gehiago hauspotuko du berotzen ari den planetaren sua, eta suntsigarria izanen da eragina, toki gehiagotara zabalduta, eta mugak zeharkatuta, abiadura handian. (...) Aldaketak behar ditugu: erregai fosilekiko menpekotasuna bukatzea, berriztagarrien aldeko trantsizioa azkartzea, gizatalde zaurgarrienak babestea eta alerta goiztiarreko sistemak bazter guztietan izatea".

Abereen okupazioa abiatu dute Kanboko Marienian
Mobilizazio eguna finkatu dute iganderako eta 11:00etan abiatuko dute egun osoko egitaraua. Dokumentu urbanistikoan eraikigarri gisa sailkatuak dira lur horiek, eta laborantzara bideratuta izatea da... (+)
Baserriko Uzta ekimenaren lehen hitzordua Lezaun upategian jarri dute, Ines Osinaga lagun
Maiatzaren 24an izanen da 2026 urteko lehen Baserriko Uzta Lakar herrian, Nafarroan. Kontzertuaz gain, upategiaren bisita, hamaiketakoa eta bazkaria ukanen dute bisitariek. (+)
Babes zabaleko herri mobilizazioa Argentinan, glaziarretako estraktibismoa ahalbidetuko lukeen legearen kontra
Glaziarrak eta inguru periglazialak babesteko legea malgutu du Javier Mileiren gobernuak, meatzaritza proiektuak ahalbidetzeko gisan. Herritarren partetik aurkako mugimendua indartuz doa egunez egun. (+)
Lapurdin emisio ahuleko eremua sortzeko egitasmoa deuseztatu dute Frantziako Legebiltzarrean
Lapurdiko Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune, Ziburu, Getaria, Bidarte, Biarritz, Angelu, Baiona, Bokale eta Landetako Tarnose hiriak ziren gas emisio gutxiko eremuan sartzekoak. Azkenean, eskuin muturrak... (+)
Abian da Errigoraren kanpaina eta martxoaren 18a arte iraunen du
Eskutik Eskura egiten dugu herria lelopean eman diote hasiera kanpainari ostegun honetan. Ohiko moduan saskiak erosteko aukera irekita dago. Horrez gain, kontsumitzaileek elikadura-sistemaren baitan duten... (+)
gora