Astelehenero 8:00etan zure epostan
Lur gainean, itzal azpian liburuaren lehen aurkezpenean entzun nion Leire Milikua Larramendiri hurrengoa: “Ikasle garaian, etorkizun profesionalaz hitz egiten zigutenean, aukeren artean gertagarriagoa zen NASAn lan egitea baserritarra izatea baino. Inoiz ez zen bigarrena aipatzen. Ez zen existitzen”.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea
Harrezkero, arretaz entzun ditut irakasleen hitzak, Hezkuntza sailarenak, arloko arduradun politikoenak. Oso bazterrean daude nekazaritza edota abeltzaintza aukera bizigarri posibleen artean txertatzen dutenak. Eta ez, urteen joan etorrian, ez dut axioma aldaketarik aurkitu: astronauta izatea posiblea da; baserritarra, ordea, desagertzeko zorian dagoen espeziea. Horrela, rara avis izateko bokazioa duen pertsonak zaila du, benetan zaila, bizi-proiektu horretara heltzen lagunduko dion formazioa jasotzea, are formazio arautua.
Rara avis horietako bat baino gehiago dugu inguruan. Abeltzainak izan nahi duten gazteak gehienbat. Gutxi batzuek sektorean izan dute lan aukeraren bat; beste batzuek etxean jaso dute eta gainontzekoek abereek sortzen dieten erakarpena zertan gauzatzen den bizi nahi dute.
Horri jaramon eginez eman zuten izena aurten Fraisoron ireki duten Lanbide Heziketako abeltzaintzaren goi mailako zikloan. 60 lagunek eman omen zuten izena. 25 leku ziren. Hirurogei. Hogeita bost. Baina gazteek ez dute baserriaz ezer jakin nahi, e!?
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Euskal Nekazaritza Sektorearen Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integral berria aurkeztu zuten. Planaren ardatza dimentsio ekonomiko errentagarria duten 1.500 proiektu dira, eta bertako titularrak erretiratuta edo erretiratzetik gertu daude. Dituzten datuen arabera, 750 inguruk ez dute segida identifikaturik, eta horrek arriskuan jartzen du proiektuen jarraipena. Azpi-sektoreei erreparatuz gero, artzaintzan eta ahuntzaintzan daude zailtasun handienak. Plangintza horrek hamar urteko epean 1.250 gazte instalatzea du helburu. Urtean, 125 lagun.
Niri ez zaizkit kontuak ateratzen. Fraisoroko abeltzaintzaren goi-mailako zikloan 25 ikaslerentzako tokia. 60 izen emate. 35 lagun kalean. Urtean 125 baserritar berri izan behar ditugu EAEn; demagun horien herenak abeltzain izan nahiko lukeela: 41,66 ikasle hartu beharko lituzkete.
Estrategia horren zortzi lan-arloen artean, hauek: "3. Gazteak sektorera hurbiltzea. Haien interesa eta hurbilketa aktiboa sustatzea. 7. Prestakuntza eta aholkularitza: gaitasun teknikoak eta enpresarialak hobetzea".
Inor baserrira hurbiltzekotan, lehenago hemen ere baserriak badirela jakin, haragitan sentitu behar du. Nahikoa litzateke gazteek ahoratzen dituzten jaki horien izen-abizenak gorpuzten dituzten eskuak eta begiak ezagutzea. Interesa eta hurbilketa aktiboa sustatzeko, egutegiak markatzen duen santuaren eguneko aipamen lausoa baino gehiago behar da, atrezzo diren azokak atontzea baino fundamentu gehiago, anakronismoz beteriko iruditegia alboratu behar dugu.
Prestatutako baserritar gazteak behar baditugu, hezkuntza sistema publiko arautuan txertatu behar dira. Azpiegitura eta irakasle gehiago behar dira. Etorkizuneko elikaduraren ardura eta ohorea izango dutenak orain behar dute formazioa –noski, formazioak nekazaritza eta abeltzaintzaren teknikak eta ezagupenak txertatu beharko lituzke, etorkizuneko elikagai, lur, ur eta jendarte osasuntsuak eta osasungarriak izan daitezen–.
Nola ulertu, orduan, Gomiztegiko Artzain eskolan formazio osoa jaso duten ikasleek aukerarik ez izatea Fraisoroko goi-mailako abeltzaintza zikloan sartzeko? Eta abeltzaintzan eskarmentua duena kanpoan gelditzea? Nahiko gela eta irakasle ez daudela? Sortu.
Hau idazten ari naizela buruan dut martxoan erretiroa hartuko duen behizain maitea. Eta bi urte barru hartuko duen abeltzaina. Eta lau urte barru erretiratuko den artzaina. Eta sustraietatik mahastiak aterako dituena. Eta...
Ez dakit zer jango dugun, zer jango duten.
Ilargiaren kraterrak, agian?
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545