Astelehenero 8:00etan zure epostan
Mundu mailan 1,5°C-ko beroketa gainditzeak zein inplikazio izanen dituen, zein zailtasun berri topatuko ditugun, eta zein ibilbide hartzen ahalko diren maila horren azpira itzultzeko. Horixe jaso du Nazio Batuen Ingurumenerako Programak argitaratu berri duen txosten batek. Argi da ez dela erraza izanen eta erabaki hartzaileek gehiegi itxaron izana garesti suertatuko dela. Are garestiago litzateke, ordea, gehiago itxarotea.
COP26aren karietara, Tuvaluko kanpo-ministro Simon Kofek hitzaldia eman zuen ura belaunetaraino izanik, bere herrialdearen larrialdia ezagutarazi nahian.
Duela 11 urte, Parisko Hitzarmena izenpetu zuten 195 herrialdeek adostu zuten atmosferaren beroketa 2°Cren azpitik atxikitzea ezinbertzez. Epe luzerako xedetzat gehienez 1,5°Cko beroketa jo zuten, XIX. mende bukaerako tenperatura globala erreferentziatzat harturik. Alta, epe luzerako iragarritako muga hori mendearen laurdena igaro eta gutira gaindituko dugu. Atzerabiderik oraindik badagoen arren, gainditzeak egoera nabarmen zailduko digu. Hala azaldu du Nazio Batuen Ingurumenerako Programak berriki argitaratu duen Limiting overshoot – Navigating exceedance of 1.5°C and pathways towards return (Gainditzea mugatu – 1.5°Ctik gora nabigatzea eta itzultzeko bideak) txostenak. Parisko Hitzarmena izenpetu zenean oraindik fisikoki egingarri ziren tenperatura apaltze ibilbide baikorrenak jada ez dira eskuragarri, 2015etik hona atmosferara karbono gehiegi isuri delako. 2015ean egiten hasi beharrekoa orain bertan zurrunki egiten hasiz gero ere, gutienez 1,7°Cko beroketa globala lortuko genuke. Horrek dituen inplikazio erraldoiak kontuan harturik, hedabide handietan ez du izan merezi lituzkeen aipamenen %0,1 ere.
Maila hori jotzearen ondorio ezagunenetarikoa da uharte apalak dituzten hainbat estatu txikiren itsasperatzea, ARGIAko orriotan deskribaturiko Marshall uharteak bezalakoak. Milaka urtetan garaturiko bizimoduak, kulturak, ekosistemekiko harremanak, dena pikutara, erregai fosilak erretzen jarraitzea inplizituki garrantzitsuagotzat jo delako. Bertze ondorio garrantzitsua koralen hiltzea da. Koralak itsaspeko argazkiak gustuko dituzten turistentzat baino premiazkoagoak dira aterpetzen dituzten arrainentzat –eta horien arrantzatik bizi diren komunitateentzat– baita ekaitzetatik babesten dituzten itsasertz apaletan bizi direnentzat ere.
Eragin horiez gain, eskualde guzietan, ezohikoak ziren muturreko eguraldiak (berote, lehorte eta euriteak) 1,5°Cko atalasa gainditurik gero eta ohikoagoak bihurtuko dira. Horren ondorio bereziki zail bat dugu muturreko eguraldi horien ugaritzeagatik hainbat ekosistema hauskortzen direla eta, beraz, karbonoa xurgatzeko duten ahalmena –berotegi efektua murrizteko gakoa dena– apaltzen dela.
Arrisku konplexuak sortzen dira faktore klimatiko eta ez-klimatikoak korapilatzen direnean. Adibidez, laborantzan, hirigintzan edota garraio politikan egindako hautu desegokien ondorioak muturreko eguraldien ondorioekin nahaspilatzen direnean. 1,5°C-ko atalasetik gora beroketa jarraitu ahala, korapilatze horiek konplexuagoak eta kudeatzeko zailagoak bilakatzen dira, giza bizitzarentzat, ekosistementzat eta milaka milioi jenderen oinarrizko beharrentzat arrisku berriak sorturik. Beroketa maila murriztuz gero, eragin horietarik batzuk epe luzerako geratuko dira –itsas mailaren gorakada kasu– eta partzialki itzulgarriak baizik ez dira izanen, baina bertze batzuk apalduko lirateke. Halere, oraindik ezin da aztertu nolako arrisku korapilatzeak geratuko liratekeen beroketa 1,5°Cren azpira itzuliz gero, edo hortik goiti egonkortuz gero.
Klima aldaketari aurre egiteko bi hankatan ibili behar dela erran ohi da: bata isurketak murriztea, eta bertzea moldatzea. Biek elkarrekin joan behar dute, baina gutiegitan gauzatzen dela diosku Nazio Batuen aipatu txostenak, moldatzea ez baita aski urrun eramaten gehiegitan, edo modu desegokian egiten baita, klima aldaketaren eraginak leundu baino larriturik. Gainera, muturreko eguraldien ugaritzearekin, hondamendien ondorengo epe laburreko konponketak lehenetsi daitezke, moldatzean garatu beharreko ahaleginen kaltetan. Horrek ez du lagunduko orain arte ahulegia den moldatzea indartzen. Baina egoera berrira moldatzeak gakoa izaten jarraituko du, bereziki biztanle zaurgarrienentzat: batetik txiroak, eta bestetik, klima beroetan, edo basamortutzearen eta itsasperatzearen mehatxupean bizi direnak.
Behe-atmosferaren tenperatura 0,1°C apaltzeko, 220 GtCO₂ inguru xurgatu behar dira. Ibilbide baikorrenetan, urtean 10 GtCO₂ xurga daitezke, hau da, gaur egungo abailan urte bateko isurketen laurdena. Hala eginik, hamarkadako 0,05°C apaldu daiteke tenperatura globala, gaur egungo beroketa maila hamarkadako 0,25°Ckoa delarik. Bertzela erranik, CO₂a xurgatuz gaur egungo beroketaren hamarkada bat konpentsatzeko, mende erdi bat behar da. Horregatik hain garrantzitsua da isurketak murrizteko neurriak ez atzeratzea, horien konpentsatzea hain mantsoa delako, eta bitartean beroketak hainbat kalte eraginen dituelako. Kalte horietarik batzuek, hain zuzen, ekosistemek karbonoa xurgatzeko duten ahalmena bera ahuldu dezakete. Gainera, txostenean diotenez, ez da argi karbono kopuru jakin baten xurgatzeak eraginen duen tenperatura apaltzea zenbatekoa litzatekeen, horren isurtzeak eragiten duen berotzearen munta berekoa ote den, edo ttikiagoa.
1,5°Cko helburu hori galduta, batek uste lezake alferrik dela ahaleginak egiten jarraitzea, edo beranduegi dela. Alta, isurketak murriztea inoiz baino premiazkoagoa da, hain zuzen murrizketa horretan hain berandu garelako. Isurketak murriztean galtzen den urte bakoitzak gainditze fasean igaroko den urte kopurua emendatzen du.
Gehiegi itxaron da, eta orain askoz zailagoa eta garestiagoa izanen zaigu atmosferaren oreka muga seguruen barrura berriz ere eramatea. Egingarria denentz ere ez da ziurtatua: ziurgabetasun handiko eremuan sartu gara. Egoera horren ardura historikoa ez da noski denon artean berdin banatua, eta pairatuko diren eraginen larritasuna ere ez da berdin banatua izango. Laburbildurik, ardura gehien dutenak dira –herrialde aberatsetako erabaki hartzaile zaharrak– eragin gutien pairatuko dituztenak, eta ardura gutien dutenak dira –herrialde txiroenetako jaioberriak– eragin gogorrenak pairatuko dituztenak. Injustizia horrez gain, klima kontuetan argi izan behar dugu gehiegi itxaroteak gauzak zaildu baizik ez dituela egingo, hala izan da 1.5 graduko muga maila jotzeari dagokionez, eta hala izango da maila hori gaindituta gelditzen zaizkigun aukerak eraginkorki martxan jartzeari dagokionez ere.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545