Urtarrilean pinpirina ikusi baino, otsoa ardi jaten ikusi nahiago.

Epe laburreko petrolioak ilunduko die geroa guyanar eta surinamdarrei

Karibeko Guyana eta Surinam herrialdeek azken urteotan petrolioa deskubritu dute beren itsaspeko zolan. Guyana ustiatzen hasi da eta Surinam laster hasiko da. Finantza egoera zaila arindu eta aberastasuna ekarriko dielakoan dira. baina herrialde horien geografiak zaurgarritasun handia sortzen die klima aldaketari eta bereziki kostaldeko uholdeei begira. Nola saihestu epe luzera kaltegarria den epe laburreko konponbidea?


2026ko maiatzaren 03a
garaiera txikian Surinamgo kostaldea oso zaurgarria da itsas mailaren igoeraren eta ekaitz gogorragoen aurrean. Halere, itsaso horren zolapean dagoen petrolioa erauztea erabaki du bertako gobernuak.Ian Mackenzie / CC BY 2.0
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azken bortz urteotan, munduko ekonomiak energiaren prezioen eragina pairatuta, hazkundea moteldu den bitartean, munduko estatu baten BPGa %470 hazi da, hau da, bortz urtetan ia seikoiztu egin da. Estatu hori Guyana da, Karibe bazterrean Venezuela eta Brasilen mugakidea, milioi bat biztanle eskas eta bere azalera gehienean Amazoniako oihana duena. Halako "mirakulu" ekonomiko baten oinarrian osagai ezagun bat datza: petrolioa. Zehazkiago, 2015ean aurkitu zuten Stabroek Block izeneko itsas zolapeko hobia, 11.000 milioi petrolio upeleko edukia kalkulatu zaiona. 2019an ustiatzen hasi ziren, Exxon AEBetako multinazionalaren eskutik. Adierazle ekonomikoei dagokienez aldaketa erraldoia izan da Guyanarentzat, baina itzal asko ditu. Guyana Business Journal aldizkariaren arabera, halako hazkundea ez da garapenean den herrialde normal batena, baizik eta salgai bakar batek ezohiko abiaduran puzturiko ekonomia batena.

Guyanako ekialdeko auzokidea den Surinamen ere, jende guti, oihan asko, eta petrolioa erauzteko plan handiak dituzte. Stabroek Block horren ekialdean, GranMorgu project izeneko petrolio hobia hasiko dira ustiatzen 2028an.

Dirua nora doan

Guyanan "oparotasun" garaia hasi eta zazpi urtera, biztanleen %58 oraindik pobrezia langaren azpitik bizi da. “Petrolioak aberastasun handia ekartzen du, baina nori?”, galdetzen dute Guyana Business Journal-ekoek. Erantzuna azaltzen dute eta ez gaitu harritzen: 2024an 12.870 milioi dolarreko etekina bildu zuten Guyanan petrolio konpainiek, estatuak petroliotik 2.570 milioi baizik ez zituenean irabazi. Arrakala honen oinarrian, 1999an negoziatu zen estatuaren eta petrolio konpainien arteko hitzarmena. Guyanak ez zuen orduan negoziaketa ahalmen handirik, eta hitzarmenak gehiago islatzen du zorpeturiko herrialde baten etsipena, baliabide jabe baten konfiantza baino. 1990etik ez da funtsezko birnegoziaketarik izan. Gainera, Guyanan petrolioaren etekinek ez dute zorra murrizten lagundu, aitzitik: petrolioaren etekinekin batera hazi da zor publikoa, eta 2020tik hirukoiztu egin da. Maileguek azpiegiturak eta programa sozialak diruztatzen dituztela argudiatzen du gobernuak. Baina bitartean, guyanar txiroek emaitza positibo horiek baino inflazioa dute ikusten: bi urteko epe batean arroza %15 garestitu da, irina %52, olioa %41, piperrak %200, eta sukalderako gasa %28.

Surinamen baldintzak hobeak dira: TotalEnergies multinazioal frantsesarekin egin zuten negoziaketa, baina bertan energia konpainia publikoa –Staatsolie izenekoa– izanik, mugakidea baino iaiotasun maila handiagoa zuten, eta gogorrago aritu ziren negoziaketan. Finean, TotalEnergies-ek irabaziko duenaren %70a Surinamgo estatura doa. Horrez gain, Norvegiaren eredua jarraiturik, funts subirano bat sortu zuen gobernuak, eta zorra berregituratu. Gaur egun, zorra gainetik kentzeko bide onean da Surinam. Burujabetza ez datza soilik estatu subirano bat edukitzean...

Lurpeko karbonoa, lur gaineko hondamendiak

2005ean uholde gogorrak pairatu zituzten Guyanako kostan: ezohiko euriteak metatu zitzaizkion koefiziente handiko itsasgorari. Georgetown hiriburua eta inguruko hirien bi herenak urpeturik izan ziren.

Guyana eta Surinamgo kostaldean bizi da bertako populazioaren gehiena, eta altuera oso apaleko guneak dira –toki batzuk Herbeheretan bezala itsas mailatik behera ere–. Honek zaurgarritasun handia sortzen die klima aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren eta ekaitz gogorragoen aurrean. 2023an, Guyanako Baliabide Natural eta Ingurumen Ministeritzako Pradeepa Bholanathek zioen herrialdeak 1.600 milioi dolar beharko zituela 2025erako, kostaldea itsasperatzearen aurka babesteko inbertsio handietarako. Inbertsio horietarik batzuk dira hiriburuaren inguruko horma handiak eraikitzea, mangladiak berrosatzea eta soroen drainatze lubanarroak zabaltzea. Dirua larrialdietarako ere behar da: 2020an, kostaldea moldatzeko proiektuen planifikazio betean zeudela, uholde erraldoiak izan ziren berriro, hainbat biztanle lekuz aldatzera beharturik, uztak suntsiturik eta osasun eta hezkuntza azpiegiturak birtokiratzera beharturik. 2025eko ekainean Surinamen berriz izan ziren uholdeak, GranMorgu proiektuaren inguruko konferentzia bat hastear zela, eguraldia mezuak bidaltzen ari balitz bezala.

Aukerak, ankerrak

Herrialde zaurgarri eta zorpetuen aukerak zailak dira, muturreko eguraldien aurrean duten ahultasunagatik, eta finantza-menpekotasunagatik. Bi graduko beroketa globalera bideratuak gara, baina nola ukatu herrialde txiroei herrialde aberatsek erregai fosilak baliatuz egin duten ibilbidea? Gainera, herrialde aberats horietarik batzuk kolonizatzaile ohiak dira –Erresuma Batuak Guyana kolonizatu zuen, Herbehereek Surinam–, eta kolonietako baliabideak ustiaturik aberastu ziren. Guyana eta Surinami petrolioa itsas zolapean utz dezaten eskatu baino lehen, BP eta Shell konpainiek beren jarduera guziak bertan behera utzi behar lituzkete. Gainera, orain arte Guyana eta Surinamen karbono balantzea positiboa da. Hau da, dagokien Amazoniaren zatiak oraindik CO2 gehiago irensten du, bertan erretako petrolioak atmosferara isurtzen duena baino. Horrek, noski, ez du kentzen karbono neutraltasuna maila globalekoa izan behar dela, eta edonongo petrolio gehiago erretzeak kalte eginen digula denori. Baina helburu zehatzak estatuka finkatzen dira, oraingoz ez baita modu hoberik aurkitu mundu mailako kooperazioa martxan ezartzeko, edo bederen saiatzeko.

Surinamgo ingurune ministro ohi Marciano Dasaik dioenez, energia iturriak dibertsifikatu behar dituzte, eta petrolioa eta gasa ustiatzea zorra gainetik kentzeko xedez balia dezakete, finantzak sanotuz gero ekonomia berde batera mugitzeko. Gehitzen du bertzelakoa litzatekeela hautua COP21ean iragarri ziren klima ekintzak diruztatzeko nazioarteko mekanismoak martxan izan balira –baina oraingoz ez dute funtzionatzen–.

2026an, klima neurrietarako oztopo handia da oraindik estatuen finantza zorra, karbono zor globala askoz larriagoa dela ulertu ez bagenu bezala, eta estatuen arteko finantza tirabiretan epe luzeko irabazlerik izanen ez dela argi ez bagenu bezala. Datorren mendeko historialariek izanen dute horretaz zer konta. 

1,5ºC-ko beroketa gainditzeak ekarriko diguna
2026-10-18 | Nicolas Goñi
Mundu mailan 1,5°C-ko beroketa gainditzeak zein inplikazio izanen dituen, zein zailtasun berri topatuko ditugun, eta zein ibilbide hartzen ahalko diren maila horren azpira itzultzeko. Horixe... (+)
Mongolian, nazioarteko elkartasuna ere desertifikazioaren mehatxupean
2026-09-20 | Nicolas Goñi
Hedabide handietan oso oihartzun guti izan duen arren, aurtengo abuztuan desertifikazioaren aurkako borrokaren Nazio Batuen 17. goi-bilera iragan da Mongolian. Arazoaren munta aitortu da, baita... (+)
Errusia eta Kanada: lurpean karbono fosila, lur gainean klima desoreka
2026-07-26 | Nicolas Goñi
Errusiak eta Kanadak, munduko bi estatu zabalenek, ezaugarri zonbait partekatzen dituzte: ozeano batetik bertzerainoko hedadura, oihan azalera erraldoia, gari esportazio garrantzitsuak, baita erregai fosilen ustiapena... (+)
Landareak laguntzen dituzten onddoen lehen mapa globalak zer erakusten digu?
2026-06-28 | Nicolas Goñi
Aspaldidanik mapatuak dira mundu mailako itsas korronteak, oihan motak edo hainbat txori espezieren banaketak. Baina azken asteotan baizik ez da argitaratu mikorrizen mundu mailako lehen... (+)
Elektrifikazio globalerako mineralen erauzteak merezi al du?
2026-05-31 | Nicolas Goñi
2022tik energiaren auziak toki asko hartu du hedabideetan, baita bazter gero eta gehiagotan ere: landa eremuan azkarki plantatzen dira haizea eta argia elektrizitate bilakatzen dituzten... (+)
gora