Asteroko buletina
Urrietan arno berri, dupetan limurtzen ari.

“Jendeak arbola aldatu eta segituan nahi du etekina, eta hori ez dago”

Tolosatik abiatu eta Bedaion gora egin, Menditxiki aldera. Batean Bedaio, bestean Zarate, Gipuzkoako eta Nafarroako muga-mugan gara. Hantxe dira helburu ditugun lursailak, Itxitua eta Erlo, garai batean lahar, pagadi gaur egun: Gregorio Ugartemendia Zubillagaren basoa duzu.


2024ko uztailaren 24a
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Gregorio Ugartemendia Zubillaga. Tolosa, 1935

Baserrian jaioa, menditik mundura egin zuen, lantegira, baina jaiotetxea sekula zeharo utzi gabe. Duela hogeita hamar urte, berriz, milaka pago aldatu zituen amaren baserriaren mendi-lurretan, Bedaion. Lahardi zena pagadi ikusgarri da gaur egun, Gipuzkoak eta Nafarroak bat egiten duten tokietako batean. Monumenturik ederrena dugu, naturaren kontrako erasoak etenik ez duten garaian.

 

Non da pagadi honen historia?
Orain dela hogeita hamar urteko kontuak dira. Jende guztiak pinua aldatzen zuen hemen, eta anaiak eta biok, elkarri: “Pinua ez, pagoa aldatu behar diagu, bazterrak garbitzen ditik honek eta!”. Eta horregatik hasi ginen, batik bat. Hemengo mendiko teknikariak ere horixe esan zigun: “Behean [baserri ondoan] ondo dator pagoa, eta goian ere ondo etorriko da, seguru asko”. [Gipuzkoako] Diputazioak mintegia zeukan Urnietan, eta handik ekarri genuen pago-landarea. Belgikakoa omen zen, izatez. Esan ziguten hango klima hemengoa baino hotzagoa dela, eta pago hura hemen ondo egokituko zela.

Horrela hasi zineten...
Lehenengo, mila pago aldatu genituen behean, eta bost urte pasa, eta pagoa ondo etorri zela ikusi genuen. Terreno handiagoan aldatzeko, ordea, proiektua behar zela esan ziguten, basoko ingeniariarena. Eta egin genuen, eta bost mila gehiago aldatu genituen, mendian gorago. Orain ez dago hainbeste, batzuk bota ere egin dira eta. Jendeari galdetzea gustatzen zaio oraindik, ea zergatik ez genuen guk ere beste guztiek bezala egin eta pinua sartu, baina horregatik izan zen: pagoak bazterrak garbitzen zituelako, eta pinuak, berriz, zikindu. Pinuak sasia ekartzen zuen. Ez bazegoen ere, pinuak sasia ekartzen zuen. Baina pagoa ere zaindu egin behar da, garbitu, eta inausi, adarrak banaka kendu, goikoak ere moztu...

Urteetako lan eta proiektua.
Bai. Anaiak eta biok halaxe esan genion elkarri: “Pagoa aldatu behar diagu! Ondorengoek ikusiko ditek zer egin!”... Pagadi hau baino lehen ere gure etxean pagoa sartu izan zuten. Ez zen, hortaz, gure burutazioa izan bakarrik. Lehenagotik ere bazetorren gogo hori. Pagoa aldatzea gauza handia da beti, lurra garbitzen du, zikinik etortzen ez du uzten! Laharra-eta asko izaten zen hemen. Pagorik gabe lahardia litzateke paraje hau.

Ugartemendia bere pagadietako batean. (Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA)

Ez zineten, hala ere, beste gabe hasi pagoa aldatzen. Teknikariaren onespena behar izan zenuten.
Hark esan zigun: “Goian ondo etorriko da pagoa. Gainera, kare-harria dago hemen, eta kare-harrian ondo etortzen da pagoa”. Eta esan dizut, pagoak ondo garbitzen du hondoa. Haritza ere esaten du jendeak, baina haritzak ere ez du hondoa zeharo garbitzen. Ordu arte, berriz, itxitua zen terreno hau, eta ganaduak ibiltzen ziren bertan. Gaur ere ibiltzen dira pagadian, baina pagadi barruko bidean.

Egun batetik bestera ikusi nahi izaten dugu fruitua...
Horixe dago, bada! Horixe dago! Guk, berriz, pagoa aldatu genuen ondorengoentzat, haiek ere zerbait egin dezaten. 50 bat urte-edo behar ditu pagoak sendotzeko, eta jendeak, berriz, ez dauka pazientziarik: arbola aldatu eta segituan nahi du etekina, eta hori ez dago. Gure esku ez, behintzat. Jendeak nahi du segituan egin eta segituan jaso, eta arbolekin, behintzat, gaizki! Hemengo pagoak oraindik fresko daude, entresaka ere oraintxe egin zaie.

Ondorengoak aipatu dituzunez gero, haiek zure gogorik badute?
Gure seme-alabak ere ibilita daude baso honetan, bai; semea, batez ere. Hasieran, pago-landareak txikiak zirenean-eta, inguru guztia garbitu behar izaten zen. Belarrez eta laharrez josita egoten zen... “Orain ere bazoaz Bedaiora!”, esaten zidaten, eta ni, berriz, hementxe gozatzen nintzen, pagoak garbitzen-eta! Oporretan semea etortzen zitzaidan laguntzera. Gure semea baserrian bizi da orain, gogoko du basoa, eta han ere zaintzen ditu arbolak. Eta alabak ere basoaren kezka badu, edo lurrarena, behintzat, baratzean ere hasita dago eta.

"Basarrirekin batera, ezagutu ditugu Uztapide, Xalbador, Garmendia... Gehiena Uztapide gustatzen zitzaidan; umila zen. Basarrik, berriz, bazuen halako tentetasun bat”

Lehen larrea zen Menditxikiko magal hau. Orain, aldiz, sekulako pagadia. Zer iruditzen zaizu?
Gauza handia da, niretzat, pagadia. Bai hau, bai Basilunbekoa, paraje hartan beste pagadi bat dugu eta. Hura ez dizut erakutsi... Gipuzkoan eta Bizkaian pinu beltza ikusten da asko, baina guk ez genuen hori nahi. Pagoa aldatu genuen, eta betikoa: “Aldatu bai, baina noiz etorriko da arbola?”. Berrogeita hamar urte behar dituela esaten da, eta guk suertea izan dugu, basoa ezagutu egin dugu eta. Horixe da poza. Orain, berriz, klima ere aldatzen ari dela esaten dute, eta ez dakit zertan geldituko den kontu hori.

Bedaion gabiltza, zuk egindako basoan, baina zu ez zara hemen jaioa...
Ez naiz Bedaion jaioa, ez. Ama nuen nik hemengoa, Gurbilaundi baserrikoa. Sei bizitza zituen baserriak. Bertan sei familia bizi zirela esan nahi dut, alegia. Ama hemendik Tolosara joan zen, ordea, Luzuriagara ezkondu zen, gure aitaren baserrira, San Esteban auzoan, eta hantxe jaio ginen gu. Ni, hasteko, 1935ean, eta bi urte ez nituela gerra hasiko zen. Ez naiz batere gogoratzen, ez bada osaba gerratik etorri zela. Anjel zuen izena, gure aitaren anaia. Zazpi senide izan ginen.

Eskolarik bazen?
Bai, eta eskolapioetara joan ginen, baina bi denboraldi osorik ez genituen egin. Besamotz bat izan genuen maisu. Beruetekoa zen, euskalduna garai haietan. Eskolara joan ginen, baina ez genuen asko ikasi, ze Gurbilaundin osaba-izebek mutila behar zuten lanerako, eta amaren baserrira bidali ninduten. 14 urte nituela hasi nintzen Gurbilaundira etortzen, udan. Haiek seme bakarra zuten, baina zahartzen ari zen hura ere, eta laguntzera etortzen hasi nintzen. Negu partean etxean [Luzuriaga] izaten nintzen. Lana han ere! Kar, kar... Udan Gurbilaundin, neguan Luzuriagan, baina 15 urterekin lantokian hasi nintzen, torlojuetan. Gero, mekaniko sartu nintzen, mantenu-lanean.

Ugartemendia Izaskun Garikano emaztearekin. (Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA)

Eta baserrian ez baina kalean bizi izan zara aspaldi. Erraz etsi zenuen kaleko zementu eta asfaltotan?
Ezkondu ginenean, Letxu kalean jarri ginen bizitzen. Etxetik lantokira, eta lantokitik etxera, baina egunero joaten nintzen baserrira! Han nintzen ni arratsaldero. Andreak lan egiten zuen, eta haurrak hartu eta Luzuriagara joaten nintzen, baserrira. Gurasoak ere han genituen, eta han arnasa hartzen nuen. Eta orain, kalean bizita ere, ahal baldin badugu andrea eta biok egunero joaten gara baserrira. Hantxe bizi dugu semea. Ni pixka bat kaletartu egin nintzen, eta andrea, aldiz, pixka bat baserritartu.

Mendian gora eta behera ibili gara, pagadian barrena, baina arraunlari ere jardun zenuela salatu didate...
Hori ere esan dizute!? Kar, kar... Gure garaian, Tolosan batelak izaten ziren, eta sanjuanetan-eta auzoetakoak ateratzen ginen: Olarrain, Amarotz, Kabila... ziren taldeak. Ni Olarrainekin ateratzen nintzen. Gero, Oriotik patroia etortzen hasi zen, Klaudio Etxeberria, gu ikustera, eta, hurrena, trainerua osatu eta itsasora hasi ginen, Tolosaren izenean. Orion entrenatzen genuen. Baina orain bezalako entrenatzailerik ez zen orduan. Oriora joanez gero, segituan hasten ziren akatsak ateratzen. “Honek gerria gutxi botatzen dik!”, eta hau eta hura, segituan hasten ziren.

"50 bat urte-edo behar ditu pagoak sendotzeko, eta jendeak, berriz, arbola aldatu eta segituan nahi du etekina, eta hori ez dago"

Banderarik irabazi zenuen...
Oriorekin! Klaudio Etxeberria, Batista eta Antonio Oliden, Tiburtzio... Oraindik ere biltzen gara. Urtean behin-edo bazkaria egiten dugu. Ni Oriorekin atera nintzen txapelketan, bi urtean, 1963an eta 1964an, eta azken horretan atera genuen bandera, Bermeon. Egun hartan, itsasoan arraunean ari ginela, aurretik ura sartzen hasi zitzaigun, eta aurretik atzera pasatu zen arraunlaria; Kaiku Ttikia zen hura. Tolosarekin hasi nintzen traineruetan, gero Ibarra, Lasarte-Michelin eta Oriorekin ere ibili nintzen. Orduan Hondarribia zen gure kontrario handiena.

Bizia fabrikan lan eginagatik ere, basoa egin duzu, arraunlari azkarra izan zinen, bertsozalea ere ez txikia...
Hori ere bai?! Auspoa bilduma gehiena daukagu etxean, bai. Eta zuen ARGIA ere mordoa. Etxean hartzen dugu aspaldi. Auspoako liburuetan arraunlarien bertsoak ere badira... Bertsoetako afizioa izan dugu, eta buruz ere ikasi ditugu batzuk. Garai batean, larunbatetan azoka izaten zen Tolosan, eta saltzaileak etortzen ziren bertsopaperak hartuta, eta kantatzen zituzten. Aita zena erdi bertsolaria izan zen, eta erosten zituen bertsopaperak, eta kantatzen genituen etxean. Eta, gero, ezagutu ere egin ditugu bertsolariak.

Zein eta zein, adibidez?
Basarri-eta. Onentsuena bera zela esaten zuten. Gure anaiak ere huraxe zuen gogoko. Basarrirekin batera, ezagutu ditugu Uztapide, Xalbador, Garmendia... Niri gehiena Uztapide gustatzen zitzaidan. Umila zen Uztapide. Basarrik, berriz, bazuen halako tentetasun bat, eta niri pertsona harroak ez zaizkit gustatzen, horien kontrarioa izan naiz beti. Gure osaba batek ere idatzi zuen bertso liburua Auspoan. Jose Ramón Zubillaga zen, eta bildumako lehen liburuetakoa izango da! [Lardasketa (parrez ta negarrez Bedayo'tar batek Argentina'n idatzia), Auspoa, 1964]. Eta zuk, hartzen al duzu Auspoa?

                                                                                           *          *          *

JOSÉ RAMÓN ZUBILLAGA
“Halako batean, lehen esandako bi gizon haiek hasi ziren kontatzen: ‘Bat, Bi, Hiru ... Rau!!!’ Halaxe, han zeuden gizon guziak hasi ziren lasterka igotzen Eliz-etxe inguruko aldapatxo hura, eta etxe inguruko langa hartatik gu egon ginen begira gure aita Azkarate aldera ezkutatu arteraino. Eta bere atzetik askok jarraitu zioten. Hantxe bertan itxoin genuen, gure aita Azkaratetik itzuli arte. Halako batean agertu zen, Basilunbe aldeko José Mielen barrutian, eta berehalaxe gure aita iritsi zen, plazako pareta ondoko mahaia ukiturik. Apustua jokatu zen jai hartan, anaia Lontxo eta nik alkandora berria jantzi genuen”. [Lardasketa (parrez ta negarrez Bedayo'tar batek Argentina'n idatzia)].

AZKEN HITZA

ISTORIOA
“Uste nuen argazkiak arbolei ateratzera etorriko zinela, baina, ikusten denez, oker nengoen. Egia da arbola zutik dagoela, baina istoriorik ez duela kontatzen. Horretarako ahalmenik ez du arbolak. Istorioa, nik”.

Gregorio Ugartemendiaren basoa ikusgai Ataria-ko bideo honetan.

 Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

 

"Orain dela zenbait urte euskalduna haboro jiten zen Santa Grazirat"
Liburua da Txomin Peillenena, Animismua Zuberoan (Haranburu, 1983). Hango istorioek ekarri gaituzte Urdatx edo Santa Grazira. Besteak beste, azkena hildako hartzaren historiak, kasu honetan ez... (+)
"Nekazaritzaren erritmoa ez dator bat gaur egungo gizartearen abiadurarekin"
Titulu handia iruditzen zaio “nekazari”. Bera “mahastizain” omen. Baina, izan, da nekazari mahastizaina. Eta da, izan, emakume nekazari mahastizaina. Eta mahatsaren orpotik mama goxoa nola,... (+)
"Euskara hizkuntza gutxitua da, eta lakota askoz gutxituagoa"
Lakota hizkuntzaz hitzaldia egitekoa zen Aitor Esteban (Bilbo, 1962) iragan martxoan Gasteizen, Hitz Adina Mintzo ikastaroaren barnean. COVID 19-ak eragindako konfinamenduak bertan behera utzarazi zituen... (+)
Euskara bizi da Trebiñu sagardotegian
Markinez-Amozarrain sendikoak euskaraz aritzen dira etxean eta lantokian. Euskaldun asko hartzen dute haien ogibide den sagardotegian. Trebiñun daude, eta izen bereko sagardotegian euskara lehen lerroan... (+)
"Mundukoak gehiago kanbiatu dira mundua bera baino"
ARGIAk mendeurrena, 89 urte Leonetek, Errenteriako Epixkar eta Oiartzungo Barin baserrietan inoren mendean ez eta mendian gora igaro dituenak, euskara beste hizkuntzarik gabe. Azken mohikarretakoa,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora