Asteroko buletina
Maddalen bero, gaztaiña seguro.

“Nekazaritzaren erritmoa ez dator bat gaur egungo gizartearen abiadurarekin”

Titulu handia iruditzen zaio “nekazari”. Bera “mahastizain” omen. Baina, izan, da nekazari mahastizaina. Eta da, izan, emakume nekazari mahastizaina. Eta mahatsaren orpotik mama goxoa nola, halaxe aletu ditu Ana Iriarte Bañezek lanbidearen... ez beti penak, ez beti nekeak.


2024ko uztailaren 03a
Argazkia: Zaldiero / ARGIA CC BY-SA
Ana Iriarte Bañez. Arizkun, 1977

Nekazaritza ingeniaritza teknikoa egina Nafarroako Unibertsitate  Publikoan, teknikari autonomo egin zuen lan Iruñean hamar urtez, baina Arizkunen da 2013az gero, mahastizaintzan, lurraren aldeko defentsan eta lurrari lotutako lan eta bizimodua suntsitu nahi duten proiektuen kontra, emakume nekazariaren alde, euskararen alde... erran-merran erraz eta diskurtso merke guztien kontra, aitzinat.

Nekazari zinelakoan jo nizun deiadarra, telefonoz, baina bizkor zuzendu ninduzun,  esanez mahastizaina zarela. Nekazari ez, beraz?
Kar, kar... Nekazari hitz berezia da. Badu pedigria ere! Gure herriko plazan nekazaria naizela erranen banu, irri eginen lukete hamarretik bederatzik. Baztanen, nekazariak dira familiatik nekazaritza esplotazio bat jaso dutenak, horretan segitzen dutenak, abeltzaintzari lotua den nekazaritza. Lotsa ez dakit den, baina ez zait eroso egiten nire burua nekazari aurkezten. Berriz, mahastizain aurkezten dut nire burua, konplexurik gabe. Hitz horren atzean erosoago sentitzen naiz, baina, bertzerik gabe, hemen nekazaria arras lotuta dagoelako abeltzaintzari, etxaldea gurasoetatik jaso dutenen lanari. Horregatik zait erosoago “mahastizain”, “nekazari” baino.

Hortaz, zuk ez duzu etxetik jaso lanbidea...
Ez. Nire bikotekide Iñaki [Bengoetxea] eta biok 2013an hasi ginen proiektu honetan. Nekazaritza ikasketak egin genituen Iruñean, [Nafarroako] unibertsitate publikoan, eta, gero, halako batean, teoriatik praktikara egin genuen. Ikasketak burutu eta teknikari lana egin nuen Iruñean bertan, hamar bat urtez. 2008an, berriz, orduko krisiarekin batera-edo, afera larritzen ari zela ohartu ginen, eta Arizkunera bizitzera etortzeko eta lurrari lotutako proiektua martxan jartzeko erabakia hartu genuen. Paper-lanak eta bertze, egin, eta 2013an egin genuen lehenbiziko landaketa.

Mahastiak, hala ere. Baztanen, berriz, hortxe dira beti ganadua, gazta, esnea, txerrikia... txokolatea... baina, mahatsa?
Ez da ohikoa, ez, mahastia Baztanen. Hala ere, ordenantza zaharretan bada mahastien erreferentziarik, garai batean ardoa egiten baitzuten batzuek, etxeko kontsumorako. Eta, bertzalde, Amaiurren bada Mahasti izeneko paraje bat. Arraro egiten da Nafarroako Kantauri isurialdean mahastia irudikatzea, baina mahastirik bada isurialde horretan. Hortxe dugu Irulegi, eta, egia errateko, aunitz begiratzen dugu Irulegira, hemen berean daudelako, eta lurrarekiko duten harremana miresgarria iruditzen zaigulako. Hala ere, Nafarroako mahastigintzaren eredu nagusia, mahastigintza mediterraneoa da.

Argazkia: Zaldiero / ARGIA CC-BY-SA

Eta, esan duzu, zuena Kantauri isurialdekoa da...
Bai, eta eskala ttikikoa. Hori ere arras presente dut, arras inportantea da, gauza guzietarako. Orain hiru hektarea lantzen ari gara. Gerora, izan daitezke hiru eta erdi, edo lau... baina horixe da gure neurria, ez handiagoa. Egia da jendeak aunitzetan erraten digula: “Baina funtzionatzen badu, hektarea gehiago hartu eta produkzioa handituko duzue, ezta?”. Eta erantzuna da ezetz. Funtzionatzen badu, funtzionatuko du, eta biziko gara. Kito. Hektarea gehiago hartzeak denetarik gehiago hartzea erran nahiko luke. Gizarte honetan horixe dugu buruan txertatua, beti gehiago eta handiago, baina gure helburua ez da hori, gure helburua da Iñaki eta biok honetatik duin bizitzea.

Lortuko duzue?
Uste dugu baietz, pixkanaka-pixkanaka aitzina eginen dugula. Baina, iaz, adibidez, urte txarra izan genuen. 2022a arras ona izan zen. Iazkoa ez. Hezetasun handia izan zen, eta xartaxa izan genuen, gorrina, eta horrek ere izugarrizko egurra eman zigun. Ari ginen, ari ginen... eta, iaz, kolpe! “Ea ez garen kapaz hau aurrera ateratzeko!”, pentsarazi zigun. Baina bagoaz.

Nola oroitzen duzu zuen proiektuaren hasmenta?
Proiektuarekin bueltaka hasi ginenean, ea aukerarik egoten ahal zen-eta pentsatzen, lehenik EVENAra [Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Estazioa] erakunde publikora jo genuen, aholkularitza tekniko eske: “Ideia hau dugu buruan, zer iruditzen zaizue? Erokeria da, edo bada modurik?”. Eta erran ziguten aspaldi ari zirela Baztanen landaketa froga bat egiteko asmotan. Bi aldeon asmoak elkartu ziren, beraz, eta hitzarmena sinatu genuen. Lurrik ez genuen, eta errentatu egin behar izan genituen. Gero, erakunde horretakoek landare batzuk jarri zituzten, ikerketarako, barietate diferenteak-eta, guk bertze batzuk, eta martxan jarri ginen. Fraisoron ere izan ginen, hainbat ikastaro egiten, eta mahastigintzari buruzko gauza zehatz batzuk lantzeko, eta Irulegira ere aunitz jo izan genuen, hango mahastizainei galdetzeko, ikusi eta ikasteko.

Bazenuten kezka, zuen asmoa erokeriatzat hartuko ote zuten, esan duzunez.
Bai. Hasieran, ideia genuela erran, eta jendeak erokeriatzat hartu zuen. Lehenbizian bazkalondoko tertulian ideia komunikatzen hasi ginen, kar-kar eta kur-kur, baina serio pentsatzen hasi ginenean, eta aitzina egiteko erabakia hartu genuenean, eta jendeak ere benetan ari ginela ikusi zuenean... laguntza eman zigun, izugarrizko laguntza, egia erran. Jendea laguntzera etorri zaigu, landaketak egitera, mahats biltzera... Sinetsi edo ez sinetsi proiektuan, baina laguntzeko prest izan da beti jendea. Alde horretatik laguntza izugarria izan dugu.

Argazkia: Zaldiero / ARGIA CC-BY-SA

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu ohi da urriaren 15ean eta, iaz, mahai-ingurua eginez zelebratu zenuten Baztanen. Han zineten hiru emakume nekazari: Maria Torres, Leire Milikua –Lur gainean, itzal azpian (Txalaparta, 2022) lanaren egilea–, eta zu zeu... Emakume nekazariaren izatea azpimarratu zenuten, besteak beste.
Nekazaritza ez da estereotipoetatik libratzen. “Nekazari” hitza erran, eta gehienei gizonezkoaren irudia etorriko zaie gogora. Emakumeak ere nekazariak izan dira, ordea, eta dira, eta espero dut izanen direla, baina beti bigarren planoan egon dira. Beren lana ikusezina izan da, bertze arlo aunitzetan bezala. Ematen du gizonaren laguntzaile direla, beharrezkoa da gure izatea markatzea, eta “emakume nekazaria” erratea: ni ez naiz inoren laguntzailea, ni emakume mahastizaina naiz, autonomo erregimenean ari naiz lanean, lehenbiziko sektorean. Zoritxarrez, oraindik hori azpimarratu beharra dago.

Estereotipoak beti. Zer irudi duzula sumatzen duzu?
Lan bera gizonezko batek egin, edo emakume batek, diferente irakurtzen da. Maiz tokatu zait nire emakume mahastizain izatea aldarrikatzea, jendeak ez baitzaitu langile bezala ikusten, ez zaituzte langilearen irudiarekin lotzen: “Etxeko lanak, haurrak, eta mahastian pixka bat” lan egingo bagenu bezala. Eta, egia erran, horrela ikusi izan da emakume baserritarra mendez mende. Errateko, proiektua hasi genuenean, epe luzekoa zenez, beharrezkoa ikusi genuen etxean bietako batek kanpoko soldata ekartzea etxera, egunerokoan aitzinat egiteko.

Kasu honetan, Iñaki ari da kanpoan, “etxean”, mahastietan zu.
Biok bilatu genuen lana, eta Iñakiri irakaskuntzan aritzeko aukera sortu zitzaion. Bera hasi zen soldatapeko lanean eta mahastian, eta ni egin nintzen autonomo mahastizain. Aldrebes balitz, gizonezkoa mahastizain, inork ez luke zalantzarik eginen. Bera mahastizain izanen litzateke, nekazari, ohore guztiekin. Baina ni jendeak ez nau berdin irakurtzen, eta nire emakume langile izaera aldarrikatu beharra tokatzen zait.

Eta tokatu zaizu, dakigunez.
Zenbait aldiz, bai. Hala ere, bi kasu gelditu zaizkit gogoan. Lehenbizikoan, Fraisoroko ikastaro horietako bat eta gero, kimatzeko aizturrak saltzen zituzten toki batera sartu ginen Iñaki eta biok. Nik eskatu, eta dendaria –gizonezkoa–, aizturrak atera eta Iñakiri erakusten hasi zen! Ikusezin bihurtu nintzen! Marmarka atera nintzen, haserre, dendariarekin eta nire buruarekin, momentuan ez nuelako erreakzionatu...

Eta bigarren kasuan?
Bigarrenean, Malerrekako burdin denda batean izan zen. Deposituak behar genituen, eta, goizean, Iñakik deitu zuen depositurik ba ote zeukaten galdezka. Eta baietz, eta bila joan nintzen arratsaldean. Dendara sartu, depositua eskatu, eta berak: “Baina gaiaz nor arduratzen da?”. Erran nion Iñakik deitu zuela, baina biok ari ginela lanean. Eta berak: “Baina ulertzen duzu honetaz?”. Eta erran nion: “Hori zer diozu, emakumea naizelako?”. Eta ezetz, eta hau eta hura. Erakutsi zizkidan deposituak, eta eman nizkion zehaztasun guztiak, baina bera dena zalantzan jartzen: “Seguru zaude?”. “Siemprelleno bat nahi dut, 300 litrokoa”, nik. Eta berak: “Siemprelleno deitzen diozu”... eta katalogoan begiratu, eta izen horixe zekarren. “A, bai, izen horixe du”, berak. Eta nik: “Aurreiritziak zer diren!”. Horrelako egoerak bizi beharra, oraindik, gogorra da. Baina erreakzionatu beharra da, bertzenaz ez dugu aitzinat eginen.

Argazkia: Zaldiero / ARGIA CC-BY-SA

Hitz beste eginez, zer dugu Baztanen? Batean, harrobi proiektua Erdizen; bestean, berdin, harrobia Arizkunen. Han, Lekarozen, Aroztegia; hemen, makroproiektua...
Landa eremua bertze helburu batzuetarako erabilgarri den eremua da. Nekazaritza, berdin, bertze helburu batzuetarako erabilgarri den jarduera bat. Beti bertze helburuetarako! Erdizeko proiektua, adibidez. Lur komunala da, baztandar guziena, eta etorriko da kanpoko multinazional bat, bere onura propiorako eremu hori esplotatzera, eta desagerraraztera! Aunitzetan, langilea erabiltzen da: “Sortuko ditugu 39 lanpostu!”.

Horretan dira beti, lanpostuak sortuko dituztela erranka denak...
Baina Erdizek mendez mende sortu ditu lanpostuak! Eta sortzen segituko du. Baina horiek ez dira ikusgarriak, ordea. Landa eremua bigarren mailakoa da gizarte honetan, eta nekazaritza, bigarren mailako jarduera. Eta jasangarritasun eta iraunkortasun diskurtsoak egiten dituzte! Eta ustez progre diren politikariak, Udalez Gaindiko Proiektuak bata bertzearen ondoren izendatzen eta onartzen. Zozoak garela esaten ari zaizkigu, gure eremua kudeatzeko gauza ez garela, haiek kudeatuko dutela, gure partez. Zer lotsa guti, ez?

Karrikako jendeak konprenitzen du nekazariaren mundua?
Seguruenik ez. Gure ziurgabetasunean bizitzea ez da sartzen jendearen buruan. Eta, bertzalde, laneko erritmoaren kontua ere hor dago. Nekazaritzak bere erritmoa du, norberak azkartzen ahal du, baina landareak berea segituko du. Erritmo hori ere bizi behar da. Guk, gainera, epe luzeko proiektuaren aldeko apustua egin genuen, landaketak ere ez genituen urte berean egin denak, ahalmenik ere ez genuelako –ez lurrik, ez behar bertze diru–, eta horrek, nahitaez, are gehiago luzatu du guk proiektua aitzinat emateko jarritako epea. Nekazaritzaren erritmoa ez dator bat gaur egungo gizartearen abiadurarekin.

  *          *          *

Lehenengo uzta
“2013an egin genuen lehenbiziko landaketa, eta 2015ean eta 2018an landaketa gehiago egin genituen. Lehenbiziko uzta, berriz, 2016an bildu genuen. Gauza ttikia izan zen, baina ordukoak dira gure Baztango Xurie-ren lehenbiziko botilak, 400 botila-edo. Orain, azkeneko lur eremua ez da ekoizten ari, baina helburua da hiru hektareak ekoizten hasten direnean 10.000-12.000 botila ateratzea. Guretako, bada produkzioa, baina bertze edozein bodegarendako, huskeria. Pila bat ematen du –eta guretako hala da–, baina ttikia da”.

Txuria...
“Irulegin xuria, gorria eta beltza egiten dituzte. Guk, berriz, xuria egitera jo genuen. Iruditzen zitzaigun xuria egitea errazago zela, bai lantzeko garaian, baita mahastian ontzeko sasoian ere. Hemen ez da Caparroson izaten ahal den bezalako eguzkirik, adibidez. Muga batzuk baditugula, erran nahi dut, eta muga horien barnean xuria egitea errazago da. Horrek ez du erran nahi [ardo] beltza egiteko zenbait landare jarriko ez ditugula, baina xuria da oinarria”.

Ardoa, euskaraz
“Baztango Xurie da gure ardoa, baina hiru barietate ditugu. Gure proiektuaren ardatza da Kiribil,  biltegi herdoilgaitzezkoetan egiten duguna. Kantitate ttikietan, egurrezko kupeletan, egiten ditugu bertze bi ardo: Betarte, eta Okoro. Kiribil da mahatsondoaren kiribila. Okoro, Erdiz aldeko mendia. Eta Betarte, bertze mendi bat, ‘Alkurruntzen ondokoa’, jendeak erraten duenez. ‘Ondoko’ mendi horrek izena du Betarte”.

AZKEN HITZA
Ziurgabetasuna

“Ziurgabetasuna hor da beti. Mahatsa biltzeko prest, igoal, eta harria! Horrek erran nahi du urte osoko ekoizpena bertan behera gelditu daitekeela. Ziurgabetasun handia da, kezka handia, eta batzuetan erraten duzu, ‘baina, zertarako?’. Bertze batzuetan, aldiz, ez duzu aitzinat egiteko zalantzarik”

"Orain dela zenbait urte euskalduna haboro jiten zen Santa Grazirat"
Liburua da Txomin Peillenena, Animismua Zuberoan (Haranburu, 1983). Hango istorioek ekarri gaituzte Urdatx edo Santa Grazira. Besteak beste, azkena hildako hartzaren historiak, kasu honetan ez... (+)
"Jendeak arbola aldatu eta segituan nahi du etekina, eta hori ez dago"
Tolosatik abiatu eta Bedaion gora egin, Menditxiki aldera. Batean Bedaio, bestean Zarate, Gipuzkoako eta Nafarroako muga-mugan gara. Hantxe dira helburu ditugun lursailak, Itxitua eta Erlo,... (+)
"Euskara hizkuntza gutxitua da, eta lakota askoz gutxituagoa"
Lakota hizkuntzaz hitzaldia egitekoa zen Aitor Esteban (Bilbo, 1962) iragan martxoan Gasteizen, Hitz Adina Mintzo ikastaroaren barnean. COVID 19-ak eragindako konfinamenduak bertan behera utzarazi zituen... (+)
Euskara bizi da Trebiñu sagardotegian
Markinez-Amozarrain sendikoak euskaraz aritzen dira etxean eta lantokian. Euskaldun asko hartzen dute haien ogibide den sagardotegian. Trebiñun daude, eta izen bereko sagardotegian euskara lehen lerroan... (+)
"Mundukoak gehiago kanbiatu dira mundua bera baino"
ARGIAk mendeurrena, 89 urte Leonetek, Errenteriako Epixkar eta Oiartzungo Barin baserrietan inoren mendean ez eta mendian gora igaro dituenak, euskara beste hizkuntzarik gabe. Azken mohikarretakoa,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora