Astelehenero 8:00etan zure epostan
Espainiako Gobernuak hidrogeno naturalaren meatze-esplorazioak egiteko Mantle8 enpresari eman dizkion baimenek Euskal Herrian inoiz planteatu den proiektu estraktibistarik handiena izan daitekeenaren aurrean jartzen gaituzte. Gainera, uztailaren 1ean enpresak mantle8.com webguneko “berriak” atalean esplorazio-baimen horien inguruan ateratako informazioan, teknikari bat Lokiz mendilerroaren azpian dagoen Metautengo udalerrian (Allin ibarra, Lizarraldea) soro batean analisi proba bat egiten ari dela erakusten duen argazki bat argitaratu zuen, hain zuzen ere, frogatzen duena lanak hasteko datozen asteetarako udalerri kaltetuekin iragarri duen bilera-erronda ez duela itxoin –Nafarroan behinik behin–.
Gai horren larritasunaz ohartzeko, argitu behar da esplorazio-eremuak Aralarreko mendialdea baino askoz ere zabalagoak direla eta Abaltzisketatik Erdizera (Baztan, Erregerena mendia) eta Bakaikutik Esteribar haranera (Larrasoaina) hedatzen dela "Aralar I" izeneko baimena; eta aldi berean, "Aralar II" esplorazio-baimena Araia ingurutik Gulinaraino eta Lana bailaratik Legarda ingurura (Garestik gertu) hedatzen da. Bi baimenen artean 1.680 km²-ko azalera hartzen dute. Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean BOEn argitaratutako iragarkien arabera, Nafarroan 56 udalerriri eragiten diete meatze-esplorazioak egiteko baimen horiek, eta Gipuzkoan beste lau eta Araban beste bi udalerriri. Halaber, Entziako Partzuergoari, Enirio-Aralar Mankomunitateari eta abereentzako bazkaleku nahiz larre-aprobetxamendurako erabiltzen diren Fazeriako hainbat lurralde komunali eragiten diete. Azpimarratzekoa da kalteturiko lurraldean nekazaritza, baso eta natura-intereseko eremu garrantzitsuak gordetzen dituzten hainbat landa-eremu, mendi eta haran daudela, hala Ameskoetako mendialdea eta Urbasa-Andia Parke Naturala, nahiz Entzia, Lokiz eta Arabako hegoaldeko mendilerroen Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE), Ega-Urederra eta Arakil ibaiak (KBE), Aralarko Parke Naturala eta Nafarroa aldeko KBE, Ultzama eta Basaburuko hariztiak, Belate KBE eta Alduide mendiko KBE, besteak beste.
Mantle8k dioenez, esplorazio-lanek ez dute kalte nabaririk eragiten, baina ustiagarriak diren aztarnategiak detektatuz gero, bere jarduera hidrogenoaren eskala handiko erauzketa industrialera bideratuta dago. Webgunean adierazten duenez, esplorazioen helburua "erreserba nahikoa zabalak aurkitzea eta eskala industrialean ustiatzea da". Horretarako, analisi geologikoak, geofisikoak eta Adimen Artifizialaren bidez sorturiko irudiak baliatuz, hidrogenoaren bilaketa bizkortzen duen teknologia patentatu du, "zulaketa-kokapen optimoak mapeatzea" ahalbidetzen diona. "Orain azkar ari gara lanean baimenak lortzeko, teknologia ezartzeko, lehen proiektuak zulatzeko eta merkaturatzeko", dio enpresa-buruak. Mantle8-ren programak 2030. urtearen amaierarako 10 milioi tona hidrogeno natural ateratzen hastea aurreikusten du komertzialki ustiatu daitezkeen aztarnategietan. Proiektua aurreratuen duen eremua Lannemezango goi-ordokian (Tarbesen ekialdean) eta Okzitaniako Pirinioetako Comminges eskualdeko eremu zabal batean dago, non ehunka sentsore instalatzeari esker, 700 km²-ko azaleran milioika datu bildu ahal izan dituen eta enpresak 2028an lehen putzuak zulatzea aurreikusten duen. Jarduera horiek Euskal Herrira zabaltzeaz gain –non "Aralar Espainiako Pirinioetan hidrogeno naturala esploratzeko Mantle8-ren proiektua den"–, egitasmoak Europako, Afrika Iparraldeko eta Ekialde Hurbileko beste eremu "prometagarri" batzuetara ere hedatzeko asmoa du.
Espainiako Gobernuak hidrogeno naturalaren meatze-esplorazioak egiteko Mantle8 enpresari eman dizkion baimenek Euskal Herrian inoiz planteatu den proiektu estraktibistarik handiena izan daitekeenaren aurrean jartzen gaituzte
Mantle8k ez du hitzik ere esaten halako plan bat egiteak dakartzan eragin ekologiko eta sozialei, lurraldearen okupazioari, kostu ekonomikoei eta abarri dagokienez. Hidrogenoaren erauzketa eta ustiapen industrialak lurraldeari beste eraso bat ekarriko dio, ordea. Meatze-zulaketen eta erauzketen sakonera 1.000-3.000 metrokoa izan daiteke, 4.000 metro inguruko zulaketak baztertu gabe. Argi dago, bestalde, horrelako megaproiektuak kapitalismo industriala suspertzeko pentsatuta daudela. Dena den, hainbat mendetan energia kontsumo zoroa asetzeko adina hidrogeno ustiagarri aurkituko balitz ere, hori al da nahi dugun gizarte mota? Planetak kontsumo horri eutsiko al lioke? Ezin da dena eredu ekonomiko eta sozial harrapari baten menpe egon.
Mantle8k "Asmoen Adierazpena – Aralarko Baimenak" izeneko agiri bat argitaratu du berriki. Bertan, proiektuaren helburu erauzle argiak itxuraz neutroa eta onbera dirudien jarduera zientifiko baten estalkipean ezkutatzen saiatzen da: "Esplorazio zientifikoko enpresa bat gara", "proiektua lurraldearekiko elkarrizketaren bidez garatu nahi dugu", eta Espainiako Gobernuak baimendu duena "ikerketa zientifikorako programa bat" dela errepikatzen du, baita enpresak "Aralar mendigunearen sentsibilitate ekologikoa eta izaera karstiko berezia aitortzen" dituela gaineratu ere… Ezin ahaztukoa dugu, ordea, geologia meatzaritza eta energia industriaren zerbitzura jarri zenez geroztik, lurraren zientzia lurraren arpilatzearen zientzia bihurtu zela –José Ardillok Las ilusiones renovables liburuan ohartarazten duenez–. Ez gaitezen engaina!
Planto egin behar da: salatu, informatu, udalei eta lur-jabeei esplorazio-lan horiek egiteko baimenik eman ez dezatela proposatu eta eskatu, baita bizilagun eta txangozale guztiei inguruan tramankulu susmagarriren bat topatuz gero –sentsore sismikoak, lurzoruko gasen kontzentrazioak neurtzeko gailuak, nahiz ur-, harri- eta gas- laginak, e.a.–, zonaldea garbitzera animatu ere. Beharrezkoa da, hortaz, informazio lana eta oposizioa antolatzea. Ez gaitzatela oharkabean harrapatu: Mantle8 kanpora!
Mikel Alvarez Forcada
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545