Asteroko buletina
Babaloreari azalorea deitzen diote Goizuetan.

“Orain dela zenbait urte euskalduna haboro jiten zen Santa Grazirat”

Liburua da Txomin Peillenena, Animismua Zuberoan (Haranburu, 1983). Hango istorioek ekarri gaituzte Urdatx edo Santa Grazira. Besteak beste, azkena hildako hartzaren historiak, kasu honetan ez baita istorioa. Herriko ostatuan galdezka hasi, hartzaren historia lekukotzen duen argazkia erakutsi, eta esan digute: “Nik egina da argazki hori!”. Are, argazkiaren bestelako kopia bat erakutsi digu Anbroxik...


2024ko urriaren 16a
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Anbroxi Burguburu Irigarai (Urdatx-Santa grazi, 1946)

Laboraria, bizi guzia sortu zen herrian egin duenaren abantaila du: bertatik bertara ikusi du begien aitzineko mundua, eta bizi izan du mundualdia. Iragana eta oraina kontatzen ahal dizkigu. Iturriko ur garbia ez ezik, iturburukoa du Anbroxik. Xenta auzoko Elixaltia etxekoa aita, Kallako Aroztegikoa ama. 1967an –1968an, Itxaro Bordaren arabera–, hartz hilaren argazkiaren egile anonimoa. Eta beste.

Zer diozu, zuk egina da argazkia? 1959 da urtea...
Bai, eta badut beste bat ni nagoena! [Etxean eskegia du, horman. Hartu eta erakutsi digu] Hala ere, Peillenek 1959 ezarri zuen liburuan, baina nik urte horretan 13 urte nituen. Mutikoa nintzen oraino! Argazki hori egina da 1967an, eta segur naiz, justuki, armadako galtzak jantzirik ageri bainaiz potret horretan. Eta pentsatzen dut eguna irailaren 5a zela, egun hartan baitzen irekitzen ihizia. Bestela, ez zen libro armak ateratzea. Hartza hil genuen, baina hura hiltzea ere ez zen libro. Bi urte lehenago bai, libro zen. Uxaldia egin genuen, hartzaren hil nahiz, baina ez genuen animalia atzeman eta, beraz, ezin hil. Baina hartza hor zen beti, herrian, eta artzainari hainbat ardi hil zizkion, eta ez guti.

Baina, erran duzunez, hartza hiltzea ez zen libro...
Ez zen libro, ez, eta heltzen zen basozaina ere, eta erraten zuen zakurrek zituztela ardiak hiltzen, han ez zela hartzik. Artzainak, ordea, ezetz. Hark ontsa bazekien! “Ikusiko duk, bai, ez dela zakurrik, baina bai hartza!”, basozainari erranez bezala. Eta uxaldia egin zen, eta hil zuten hartza. Argazki horretan duzu. Johañe Goienek bota zuen hartz hori.

Uxaldia “egin zen”, “hil zuten”... baina zu ere han baitzinen!
Bai, egia da, han nintzen ni ere. Artzainak bazekien hartza bazela, segur zen, eta ardiak ere hilak ziren. Orduan, ihizia ireki zelarik, lagunak bildu genituen. Eta ez dakit nola deitu genituen ere, orduko denboran ez baitzen telefonoa, ez deus ere, baina lagunak juntatu ginen bederen. Lagun haietarik lau, argazkian dituzu; menturaz, beste bat edo biga baziren. Hala ere, ez ginen asko, anitz. Johañe Goienek bazekien non zen hartza, eta erran zuen: “Ni joanen nauk handik, eta huts egiten badut, zuek atzemanen duzue beste alde horretarik”. Eta hala. Baina Johañek ez baitzuen huts egin. Pun! Pun! Tiro egin, eta hartza hil zuen. Handik landa, basozaina etorri zelarik, Johañek erran zion: “Hau duk hire txakurra!”. Kar, kar...

Basozaina ez zen kontent izanen...
Ez, ez zen kontent, eta nahi zuen gu punitu, guri kastigua eman. Baina hartza hiltzean gurekin baitzen alkatea! Eta Johañe [Goien] hura ere zen kontseilari herrian! Potret horretan dira, Jean-Pierre Antxoldi –Antxoldi zuen etxea, baina Vidalaine sinatzen zuen–, eta Jean Xutahandi ere... Haien artean arranjatu zuten afera, eta nehork ez zuen puniziorik jaso. Orain ez litzateke posible hartza hiltzea, ez kastigu gabe libro ateratzea! Orain, kartzela genuke!... Hartzaz ari, oraingo hilabetean [agorrila] hartzak 40 ardi hilak ditu Echon [Huesca]. Batzuk egin ditu berak hil, eta besteak jautsarazi. Eta San Martin Harrian ere ditu hiru hil, eta hamar badu falta artzainak.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Horrez landa, segur zara hartza hil zenuten egunaz.
Urte hartan bainintzen armadatik etxerat heldu. Hogei urtetarat heldu, eta joan nintzen armadarat! Lehenik Pauen izan nintzen sei hilabetez, eta gero Frantzia erdialdean, Creuseko departamenduan, La Courtine-n [Okzitania]. Aljeriako gerla [1954-62] fini baitzen, handik jinak izan ziren armadako gure nagusiak. Ez genituen maite, baina horrela ziren gauzak! Hamasei hilabete han egin, eta armadatik libro izan nintzen. Urte hartan hil genuen hartza...

Zer ikasi zenuen armadan?
Errespetua, behar dela jendeak errespetatu. Orain gazteek ez dute hura. Bazen errespetua, eta lotsa [beldurra] ere! Bestela, kartzela zenuen! Behin, aldi batez, izan ninduzun kartzelan. Oporretan nintzen, eta ez nintzen aski goizik etorri behar nuen lekurat. Beranta heldu nintzen, eta are!, zulorat! Xuxen ibili behar zenuen han.  

Bestela, hemen egin duzu bizia?
Bai, bizi osoa hemen, etxe honetan [Elixaltia] berean, eta beti lanean. Haur ginelarik ere, lana zen hemen. Pilota pixka bat egiten genuen, bai, hala ere. Lagun asko ginen herrian, anitz. Familia guzietan biga edo hiru haur bazen. Edo gehiago. Eskolan ginelarik, baginen 30 haur ere! Orain ez da eskolarik hemen, baina orduan bai, Xentan [Santa Graziko auzoa], eta Kasernan [ondoko auzoa]. Kasernan 60 haur baziren! Bi eskola bazen orduan Santa Grazin!

"Bazen paper ttipi bat, euskaraz mintzo zenari pasatzeko. Eta larunbat gauean hura bazenuen, punizioa: 'Je ne parlerai pas en basque, ce mon devoir' beharko zenuen kopiatu 50 aldiz"

Egun, zenbat haur dira herrian?
Bost edo sei haur... Laborari guti bada hemen, gazteak hemendik landa joanak dira lanerat, baina ari dira itzultzen ere. Hemen nahi dute. Orain, gazteak ez urrun ari dira lanean. Gehienak, Zuberoan-edo. Badira lantegiak Atharratzen, Maulen, Oloroen... eta hemen dira gazteak. Lehen, Pariserat joaten ziren, edo Bordelerat... Gure aitzinekoak, berriz, Ameriketarat joaten ziren! Ene osabak-eta, aitaren anaiak-eta, joan ziren Argentinarat! Handik landako jenerazioa Pariserat joan zen. Hemen lan guti, eta asko lan Parisen, eta harat joan ziren hemengo jendeak. Orain ez. Orain, bi urte-edo ikasi, eta jendeek badute lana, izan teknikari, izan bankan... Oloroen bada industria aeroespaziala, bada erietxea, eta jendeek ikasi eta han lan egin ahal dute. Horietarik ere bada hemen. Ez anitz, baina badira.

Zure denborara itzulirik, nola zen eskola? Eta errienta?
Errienta biarnesa zen! Eskolan ginelarik ez zen libro euskaraz mintzatzea, hitz egitea! Eskolatik landa euskaraz mintzatzen ginen, baina eskola barnean ez. Bazen paper ttipi bat, euskaraz mintzo zenari pasatzeko. Eta larunbat gauean hura bazenuen, punizioa: Je ne parlerai pas en basque, ce mon devoir beharko zenuen kopiatu 50 aldiz. “Ez naiz euskaraz mintzatuko, ene obligazioa da”. Eta, segur, nik ere bete dut punizioa! Eta ene anaia zaharrak ere bai. Lau urte zituen nik baino gehiago, baina harentzat punizioa berdin zen. Hura gero kolegiorat joan zen, ikasi zuen pixka bat eta bankan sartu zen Hazparnen.

Eta zu, kolegiora joan zinen?
Bai. Herriko eskola zen 5 urtetarik 14rat. 14 urtetan, eskola fini, eta estudioen zertifikatarekin joan nintzen kolegiorat, Mauleko laborari eskolarat. Bixta Eder. Han errienta euskaldunak ezagutu nituen. Apezak ziren, eta sotanarekin ere pilotakariak! Xarriton han ezagutu nuen, eta beste bat, oroi naiz, Etxeberria... Orduan hasi zen hemen euskalduna amiñi bat azkartzen. Orduan hasi zen ETA ere. Mugimendu azkar bat bazen, eta apezak ere hor ziren, asko. Roger Idiart, Junes Casenave... Bata [Idiart] zen azkarrago; bestea [Casenave], isilago. Baina biak ziren zinez euskaldunak... Hiru urte egin nituen [1960-63] Mauleko Berrogaine-Larüntzeko kolegioan, laborari ikasten. Gero, etxean egin nuen lan.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Zer diozu hemengo kontrabandoaz?
Baina guti baitzen hemen kontrabandoa! Arnoa, Ricard pixka bat, moskatela... hori zen hemengo kontrabandoa! Izabatik Belaguarat eramaten zuten, eta gero guk bizkarrean ekartzen genuen. Bizkarrean, edo zalditan, edo astotan... Hemen ere bazen arnoa, eta bazen Ricard, baina garesti! Han, hiru pintak egiten zuen hemengo baten prezioa! Gauari buruz egiten genuen kontrabandoa. Handik partitzen ginen, eta lau-bost oren egiten genituen bidean. Horrela egiten genuen biga, hiru egunetan, ondoko aldi bat artio. Gure gurasoen denboran, ronaren kontrabandoa egiten zuten. Nik ez dut rona ezagutu. Zahagian ekartzen zuten rona. Badakizu zer den zahagia?... Hogeita bi litro-edo baziren zahagian.

Armadara joan aitzinetik edo geroko aldiaz ari zara?
Joan aitzinetik, 20 urtetan baino lehen egin nuen amiñi bat, pixka bat. Gero ere bai, baina erran dut, guti zen gure kontrabandoa, jende anitzek egiten baitzuen! Ez zen bizitzeko ateratzen ahal. Egia da bazirela egiazko kontrabandistak ere. Haiek zaldiak eta ardiak iragaten zituzten alde batetik besterat. Eta gerla denboran-eta jendeak pasatzen zituztela ere segur da.
Uste dut Junesi [Casenave] irakurri niola juduak ere pasatu zituztela hemen, Santa Grazitik Nafarroako aldera...
1945ean-edo izaten ahal da hori, ni sortu baino lehen! Baina ezagutu ditut lan hori egin duten pertsonak, passeur-ak [mugalariak]. Gero, finitu zen kontrabandoa... To!, ez dakit fini den sekula! Kar, kar... Beti ere bada zaldiak edo ardiak edo... Baina arnoa eta horiek fini zen aspaldian. Lehen, San Martin Harrian, bazen aduana, eta duanierrek kentzen zizuten karga. Botila bat edo biga haizu zen, libro, baina hura baizik ez.

"Orain ere badira jendeak, baina orain dela zenbait urte euskalduna haboro jiten zen honat. Euskalduna gutitu da nabarmen. Lehen gehiago jiten ziren [euskaldunak], Bazkoz-eta. Jiten ziren Gipuzkoatik, Bizkaitik, Nafarroatik..."

Animalien larruak ere biltzen zenituzten...
Marta-larrua [Lepahoria]. Nik ez nuen marta-larrurik bildu, ez ezagutu. Ene aitzinekoek bai, egin zuten. Ene aitak-eta, bai. Larru hura garesti zen, kario. Marta-larrua saldu, eta haren sariarekin ahal zen pantaloiak eta galtzak-eta erosi! Hala entzuten nien zaharrer. Orain ez da martaren ihizirik; ez diru egiteko, prefosta. Beti bada basurde, orkatz eta hola, baina lagunekin jateko baizik ez.

Anbroxi Burguburu Irigarai, 1946an Urdatxen sortua, laborari, ostalari...
Urdatx gure herriaren izen zaharra duzu. Nik ez dut ezagutu izen hori. Saindua sartu zelarik, haren izena hartu zuen Urdatxek, eta horrela duzu Santa Grazi, aspaldi. Laborari izan naiz bizi guzian, laborari naiz oraino, baina gure laborantza ttipia baitzen, aterpea egin nuen, turismoarekin lanean sartzeko, turistak anitz heltzen baitziren. Orain ere badira jendeak, baina orain dela zenbait urte euskalduna haboro jiten zen honat. Euskalduna gutitu da nabarmen. Lehen gehiago jiten ziren [euskaldunak], Bazkoz-eta. Jiten ziren Gipuzkoatik, Bizkaitik, Nafarroatik... Guk, urte batez, aste santuz, ukan genuen aterpea dena hartua! Hori gutitu da anitz. Euskaldunak gabe, badira espainolak, katalanak, galiziar zenbait, Madrileko zenbait, eta hola.

                                                                                     *           *          *

Adrenalina

“[Hartza hiltzetik libre atera zen] Santa Graziko Jean Xutahandi-Elgoien laboraria. 1968an, Kakueta eta Ehüjarre arroilen tarteko eremu leizetsuan gurutzatu zuen abereari eskopeta kolpe zehatza bota zion. Izenik ez zuen hartz hau ere Artzpasia xendan kausitu zuen bekoz beko. Ordukoz, hartzen hiltzea legez kanpoko ekina zen Frantzian. Ehiztariek bazekiten zigor potoloak ukaiten ahal zituztela, baina ehiza mota honek zainetan isurtzen zuen adrenalina atabikoaren indarra handiagoa zen”. (Itxaro Borda, Hartzaren itzala Pirinioetan, idazleak.eus).

Maddi Hardoi

“Ezagutu dut, bai, Maddi Hardoi. Emakume diskretua zen. Ez zen sobera mintzatzen, isila. Liburuan [Animismua Zuberoan] ikusi dut Peillenekin egin zuela elkarrizketa, istorio zaharrak kontatu zituela, eta hola. Baina, bestela, Maddi ez zen Ñañe etxetik ilkitzen sobera. Senarra zuen Hardoi zaharrekoa, baina bera zen Xanbra etxean sortua”.

Laborari sinplea

“Hemengoa zen Junes Xuburu, Iriarte etxekoa, kantari azkarra. Eta azkarragoa Junesen askazi Bordaleku! Hemengoa, Junes Casenave, Harigile etxekoa, Kalla kartierrean, pastoralgile handia. Hemen bizi izan zen aldi batez Txomin Peillen, Ibarburu etxean, idazlea... Famatuak dituzu! Anbroxi ez, Anbroxi laborari sinple bat da, bizi guzia hemen egina”.

AZKEN HITZA

Santa grazi, egun
1960an 600 biztanle ziren Santa Grazin. 2021ean, 200 ez ziren. Burgoan, herriaren erdi den auzoan, hogeiren bat laborari, hogei landetxe, bost ostatu dira... eta hogeita lau bigarren bizitegi; Bordelekoak edo Landetakoak dira horien jabe nagusiak.

"Jendeak arbola aldatu eta segituan nahi du etekina, eta hori ez dago"
Tolosatik abiatu eta Bedaion gora egin, Menditxiki aldera. Batean Bedaio, bestean Zarate, Gipuzkoako eta Nafarroako muga-mugan gara. Hantxe dira helburu ditugun lursailak, Itxitua eta Erlo,... (+)
"Nekazaritzaren erritmoa ez dator bat gaur egungo gizartearen abiadurarekin"
Titulu handia iruditzen zaio “nekazari”. Bera “mahastizain” omen. Baina, izan, da nekazari mahastizaina. Eta da, izan, emakume nekazari mahastizaina. Eta mahatsaren orpotik mama goxoa nola,... (+)
"Euskara hizkuntza gutxitua da, eta lakota askoz gutxituagoa"
Lakota hizkuntzaz hitzaldia egitekoa zen Aitor Esteban (Bilbo, 1962) iragan martxoan Gasteizen, Hitz Adina Mintzo ikastaroaren barnean. COVID 19-ak eragindako konfinamenduak bertan behera utzarazi zituen... (+)
Euskara bizi da Trebiñu sagardotegian
Markinez-Amozarrain sendikoak euskaraz aritzen dira etxean eta lantokian. Euskaldun asko hartzen dute haien ogibide den sagardotegian. Trebiñun daude, eta izen bereko sagardotegian euskara lehen lerroan... (+)
"Mundukoak gehiago kanbiatu dira mundua bera baino"
ARGIAk mendeurrena, 89 urte Leonetek, Errenteriako Epixkar eta Oiartzungo Barin baserrietan inoren mendean ez eta mendian gora igaro dituenak, euskara beste hizkuntzarik gabe. Azken mohikarretakoa,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora