Asteroko buletina
Gariak esan zuen: ni bezalako belarrik ez da. Artoak erantzun zion: ni naizen lekuan goserik ez

“Euskara hizkuntza gutxitua da, eta lakota askoz gutxituagoa”

Lakota hizkuntzaz hitzaldia egitekoa zen Aitor Esteban (Bilbo, 1962) iragan martxoan Gasteizen, Hitz Adina Mintzo ikastaroaren barnean. COVID 19-ak eragindako konfinamenduak bertan behera utzarazi zituen martxoaz geroko saioak eta, hainbestean, postaz jakinarazi dizkigu lakota hizkuntzari buruzkoak EAJko diputatuak.


2020ko ekainaren 02a
Nortasuna, hizkuntzak, lurra... Lakota eta Dakota herriei, hizkuntzak gutxiesteaz gain, lurrak ebatsi dizkiete. Argazkian Dakota herriko kideak ageri dira haien lurretatik igaroko zen petrolio-hodiaren eraikuntzaren aurkako ekintzan. Argazkia: Portland Rising Tide.

Estebanek guztiz erabakia zuen Gasteizko ikastaroan partaide izango zirenei irakatsiko zien lehena, siux hitzaren jatorritik, alegia: “Zuriek bakarrik erabiltzen zuten siux. Lakoten etsai den ojibway tribuak nadowesiux –hau da, ‘suge txiki’–, izenez izendatzen zituen lakotak. Zuriek, berriz, berbaren amaiera baino ez zuten gogoan hartu eta, hortik, siux”. Arrotzek eman izena gailendu, jatorrizkoa azpian gordea. Bestalde, Estebanek siux nola ahoskatu behar den ere azaldu nahi zuen, lakotek berek su ahoskatzen baitute, eta ez siux, hemen ohitura dugunez. “Dena dela, eurek nahiago dute Lakota edo Dakota izenak erabili. ‘Adiskide, aliatuak’, dute esanahia. Hizkuntza eta herri bakarra diren arren, mendebaldekoek Lakota dute izena; ekialdekoek, aldiz, Dakota”. Horixe Aitor Estebanen lehen oharkizuna… “Zuriek lakotei siux izena eman zieten, eta lakotek zuriei, berriz, wašíču, baina wasicu ez da edozein zuri, bakarrik estatubatuarra”.

Bateko Lakota eta besteko Dakota, historiaz zenbait zertzelada ematekoa zen EAJko Madrilgo diputatua. Halaber, kokapen geografikoaz, oraingo eguneko egoeraz, hiztunez eta bestez berba egin gura zuen. Indigena ezagunenak dira siuxak gaur egun, filmei esker. Minnesotan bizi ziren gizon zuriak AEBetako ekialdeko itsasaldera heldu ziren sasoian. Indigena hauek ehiztariak ziren, izatez, eta kanoak erabiltzen zituzten batera eta bestera ehizan joateko. Hala ere, XVIII. gizaldian euretariko batzuek mendebalderanzko migrazioari ekin zioten, Ojibway tribuaren, edo Chippewa izenez ere ezagunak, erasoen eraginez. “Lakota-dakoten arerio sutsuak ziren ojibway-ak, eta, zuriengandik armak lortu eta migratzera bultzatu zituzten lakotak. Gero eta urrunago heldu ziren, zaldiz, eta, astiro-astiro, filmetan ikusi dugun kultura berri bati lotu zitzaizkion, beste hainbat herrirekin batera”. Estebanek badu lakoten lekukotasun zuzen eta lehen eskukorik. “Euretariko agure zahar batek esan zidanez, lakoten muina aldaketa da. Gaur egun, hainbat erreserbatan bizi dira AEBetan, eta, adibidez, Minnesotan, Hego eta Ipar Dakotan, eta Montanan dira. Baina Kanadan ere bai. Beste zenbait indiar herrirekin alderatuz, kide asko dira eta harro daude euren nortasunaz”. Aurki horrek, ordea, badu bere girbina, haien erreserbak AEBetako txiroenetakoak baitira.

2.000 hiztun

Hitz Adina Mintzo ikastaroaren lehen helburua hizkuntza da, “batez ere horretarako gonbidatu nindutela uste dut, eta hitzaldi gehiena hizkuntzaren ingurukoetan lotu gura nuen. Bistan da, ordea, hizkuntza kulturarekin guztiz lotuta dagoela, eta pentsatzeko erarekin”.

Aski ilun dihardu Estebanek hizkuntzaz: “Zoritxarrez, euren hizkuntza guztiz baztertuta egon da hainbat urtetan, eta, oraintxe, zail da zenbat ‘siux’ eta zenbat hiztun diren jakitea. Uste da 200.000 inguru direla, eta haietarik 2.000k baino ez dutela  euren hizkuntza menderatzen, hau da, %1 baino ez!”. Oraingo egunean, haur eskolak sortu dituzte beren oinordeak lakota hizkuntzan murgiltzeko. “Ez dute beste hizkuntzarik erabiltzen. Bestalde, udalekuak ere antolatzen dituzte. Zorionez, finkatua dute lakhotiya-ren ortografia, eta hori lagungarria zaie, oso. Ikasgura piztu du horrek”, esan du Estebanek, itxaropen izpiz bernizatuz solasa.

Siouan hizkuntzak

Lakota hizkuntza siouan izeneko familiaren barrukoa da. Crow, omaha edo mandan hizkuntzak ere familia berekoak ei dira, ez dute, esaterako, komantxe, apatxe edo cheyenne hizkuntzekin loturarik, eta bata bestetik ezberdinak dira zeharo, siouan hizkuntzetako hiztunek elkar ez ulertzerainokoak.

Lakotak, berez, hiru hizkelgi ditu, eta hitzen %73 berberak dira hiruretan. “Hiru dialektuen arteko ezberdintasuna oso mehea da. Askotan, letra baten gorabehera da. Joskeraz den bezainbatean, SOV [subjektua, objektua, aditza] hizkuntza da eta horretan gure euskararen modukoa. Aditzari dagokionez, ez ditu lehenaldia ez orainaldia bereizten, eta horri segituz, baten batek pentsatuko du hizkuntza erraza dela, baina ez. Aditzak asko engainatzen du: jokatzean, mota ezberdinak ditu, eta oso aglutinantea da”. Puntu honetan, lakota eta euskara alderatu nahi izan dizkigu Estebanek: “Gauza batzuk adierazteko euskara baino zehatzagoa da lakota. Esate baterako, ekintzak nola eta zerekin burutzen diren, askoz zehatzago azaltzen du. Berba batekin, gauza bat aizkoraz, zerraz edo eskua erabiliz apurtu dugun bereizteko gauza da, eta berba bakar berberean apurtutakoa zeurea zen, beste batena edo beste batentzakoa, adierazteko indarra dauka. Alabaina, numeroa edo subjektua bereizteari dagokienean, zorrotzagoa da euskara”.

Honetaraz gero, bi hizkuntza gutxituon egoerak alderatzeko eskatu diogu, axaletik badarik ere. “Euskara hizkuntza gutxitua da, badakigu, baina lakota, berriz, askoz gutxituagoa da. Arestian esan dut, azken hamarkadan aurrerapauso handia eman dute, ortografia batua finkatu dutelako, batez ere, eta ondorioz, gero eta baliabide gehiago dituzte. Esango nuke, hala euskara nola lakota, egoera ahulean daudela hizkuntza biak, baina, ahuldade horretan ere, euskara hizkuntza erraldoia da, indartsua, lakĥótiya’-rekin alderatuz gero”. Hala ere, Estebanek gaztigatu digunez, guztiz ezberdinak dira lakoten esperientziak eta euskaldunonak. Haatik, bata besteagandik zer ikasirik bagenuke. “Haiek, guregandik, hizkuntza bizirik iraunarazteko esperientzia jaso dezaketela uste dut. Guk haiengandik, ostera, hitz egin aurretik entzuteko gaitasuna geuregana genezake. Eta zaharrei dieten begirunea!”.

Azalpenak argigarri ez ezik, erakargarri egin nahian, filmetan ikusia eta liburuetan irakurria dugunaz baliatzeko asmoa zuen Estebanek hitzaldian. Eta esaldi erraz eta erabilgarri batzuk ere irakatsi nahi zituela ere jakinarazi digu: “Eta zein da, esaterako, indigena hauen gainean berbetan hasi eta ahora datorkigun lehenengo hitza? Agurra, jakina! Háu khóla! Aitor emáciyapi na Bilbao emátanhan. Horren esanahia, berriz, honakoa: “Kaixo lagun! Nire izena Aitor da eta Bilbokoa naiz’”. Hori esanik, oharrarazi gaitu, edo aholku eman. “Agur moduko esaldi hori erabili eta geroko: ez inoiz jendea atzamarrez seinalatu, heziera txarrekotzat dute-eta, ez dute batere atsegin! Eurak ezpainez baliatzen dira. Ez ei dira haserretzen, baina ‘Hona hemen ohiko zuri ergel ezjakina’ beren artean pentsatu, dudarik ez!”. Jakinaren gainean gaude, hortaz.

"Orain dela zenbait urte euskalduna haboro jiten zen Santa Grazirat"
Liburua da Txomin Peillenena, Animismua Zuberoan (Haranburu, 1983). Hango istorioek ekarri gaituzte Urdatx edo Santa Grazira. Besteak beste, azkena hildako hartzaren historiak, kasu honetan ez... (+)
"Jendeak arbola aldatu eta segituan nahi du etekina, eta hori ez dago"
Tolosatik abiatu eta Bedaion gora egin, Menditxiki aldera. Batean Bedaio, bestean Zarate, Gipuzkoako eta Nafarroako muga-mugan gara. Hantxe dira helburu ditugun lursailak, Itxitua eta Erlo,... (+)
"Nekazaritzaren erritmoa ez dator bat gaur egungo gizartearen abiadurarekin"
Titulu handia iruditzen zaio “nekazari”. Bera “mahastizain” omen. Baina, izan, da nekazari mahastizaina. Eta da, izan, emakume nekazari mahastizaina. Eta mahatsaren orpotik mama goxoa nola,... (+)
Euskara bizi da Trebiñu sagardotegian
Markinez-Amozarrain sendikoak euskaraz aritzen dira etxean eta lantokian. Euskaldun asko hartzen dute haien ogibide den sagardotegian. Trebiñun daude, eta izen bereko sagardotegian euskara lehen lerroan... (+)
"Mundukoak gehiago kanbiatu dira mundua bera baino"
ARGIAk mendeurrena, 89 urte Leonetek, Errenteriako Epixkar eta Oiartzungo Barin baserrietan inoren mendean ez eta mendian gora igaro dituenak, euskara beste hizkuntzarik gabe. Azken mohikarretakoa,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora