Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zurea ez da ekologia, zurea ideologia da!”. Espainiako oposizio buruaren hitzak dituzue, oraingoan itzalaldia aitzakia hartuta. Zer den ideologia hitza desitxuratzea; trantsizio energetikoa edota energia politika, hitzak dioen moduan, politika hutsa delako. Kapitalismoaren eta bizitzaren arteko talka, hemen ere.
Itzalaldi Handia etorri zait burura, larunbat arratsaldeko pelikula eskas horietako batentzako izenburua. Txuri beltzean egindako pelikula, baina beltzetik gehiago zuritik baino, energiarena zulo beltza delako. Iluna, opakua, zikina. Prestigeko isuria moduko likatsua. Energia berdeaz hitz egiten diguten arren, funtsean sistemak iluna izaten segitzen baitu.
Erraldoien aurka gabiltza borrokan, gure zaurgarritasunetik, gure nahi baina ezinetik, herri mailako estrategia garbirik gabe
Eraldaketa sozialari eta demokratizazioari buruz aritzen gara energia kooperatibez hitz egitean. Azken finean, energiarena, beste burujabetzen gisara, gizartea ulertzeko modua baita. Azpiegitura materialen jabetza eta kudeaketa kolektiboa, inor bazterrean uzten ez duena. Pobreziaren adar bat besterik ez den pobrezia energetikoari aurre egin nahi diona. Energia, eskubide gisa aldarrikatzen duena. Beste burujabetzekin, bizitzarekin, naturarekin, uztartzen dena.
Ez da erraza. Ez da erraza halako sistema basatian eta espekulatzailean alternatibak eraiki eta mantentzea. Are gehiago iluntasuna eta sistemaren konplexutasuna erabili denean alternatibak egon badaudela ezkutatzeko. Erraldoien aurka gabiltza borrokan, gure zaurgarritasunetik, gure nahi baina ezinetik, herri mailako estrategia garbirik gabe.
Alternatibak lantzen segituko dugu, baina erantzun sistemikoak behar ditugu, ezinbestean. Erpin anitzeko erronkek, energia horietako bat soilik delako, planifikazioa eta estrategia eskatzen dute, epe motzekoa, ertainekoa eta luzekoa. Eta, ezinbestean, egungo sistema energetikoa (beraz, ekonomikoa) zalantzan jarriko duena.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545