Azak eta porruak eraman ditu neguak

Lau erroberak eta inperioa


2025eko abenduaren 04a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zein objektu datorkizu burura inperialismoa aipatzen badugu? Seguruenik gehienoi armak etorriko zaizkigu burura, gerra eta inperioaren arteko lotura zuzen-zuzena baita.

Alta, metropoliaren kaleetan ere inperioaren trazak ikusgai egoten dira. Erroma, Londres edota Paris moduko hirien monumentalitatea ulertezina da eurek aberastasunez hornitzen zituzten kolonien rola ulertu gabe. Horren adierazle garbienak dira espoliazio kolonialak ondo hornituriko British Museum edo Louvre museoa.

Baina objektu arruntagoetara ere ailegatzen da inperialismoaren itzala. Gure kaleak inbaditu dituen autoaren hegemonia, adibidez, ezin da ulertu dinamika inperialistei so egin gabe, Bilboko portura urtero 360 petrolio-ontzi etortzea ez baita fenomeno naturala.

Ulertu behar dugu autoarekiko dugun dependentzia mantentzen dugun bitartean, proiektu inperialista bat beharko dela gure gizarte eredua mantentzeko

Berez, 1945etik aurrerako geopolitika ulertzeko giltza da autoa eta bere elikadura katea ulertzea. AEBek Marshall planarekin Mendebaldeko Europa bere influentzia esparruan mantentzea lortu zuten. Plan horren parte garrantzitsu bat ikatzaren rola murriztea zen, petrolioarekin ordezkatuta, horrela mugimendu komunistak meatzaritza eremuetan zuen boterea indargabetzeko. Baina arazo bat zegoen, Europan ez zegoen nahikoa petrolio. Orduan AEBen proiektu inperialistaren giltza bihurtu zen Ekialde Hurbila, bertatik hornituko baitzen europar eskaria. Nazioarteko marko horri begiratu behar diogu, 60ko hamarkadatik aurrera Europan autoak bizi izan duen gorakada ulertzeko.

Noski, Ekialde Hurbilean hainbat izan ziren harreman desorekatu horren aurka altxatu zirenak, eta protesta horiek isilarazteko hamaika dira potentzia inperialistek sustaturiko estatu kolpe zein gerrak. Esate baterako, oso esanguratsua da 1953an, Iranek petrolioa nazionalizatu eta bi urtera, AEBek eta Erresuma Batuak bertan eman zuten estatu kolpea.

Kotxe elektrikoaren agerpenak ere geopolitikan eragina izan du, eta Bolivian 2018an eman zen estatu kolpea ulertzeko, bertako litio erreserbei begiratu behar zaie, baterien produkziorako berebizikoa baita mineral hori.

Ulertu behar dugu, beraz, gizarte moduan autoarekiko dugun dependentzia mantentzen dugun bitartean, proiektu inperialista bat beharko dela gure gizarte eredua mantentzeko. Hortaz, inperialismoaren aurka borrokatzeko, eskalada armamentistikoari aurre egiteaz gain, edo beste herriekiko gure elkartasuna erakusteaz gain, garrantzitsua da kotxearen zentralitatearen aurka borrokatzea ere.

Desarma dezagun lau erroberen inperioa!

Dominatzaile pobreak
2025-08-03 | Sukar Horia
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez... (+)
Ingreso altuko eremua
2024-07-14 | Sukar Horia
Ekainean jarri du martxan Bilboko Udalak Emisio Gutxiko Eremua, irailera arte isunak jartzen hasiko ez bada ere. Neurri horrek auto zaharren sarrera mugatuko du Bilboko... (+)
Okzitaniako A69 autobidearen aurkako mobilizazioa: Borroka eredu berrien territorioa
2024-06-30 | Sukar Horia
A69 autobidearen aurkako mugimenduaren topagune eta borroka gune izan da Okzitaniako Tolosa eta Castres hirien arteko lurraldea ekainaren 7tik 9ra. Dozenaka kolektiboren deiari erantzunez, 6.000... (+)
Ekologismotik ere, Denon Bizitzak Erdigunean
2023-12-03 | Sukar Horia
Euskal Herri osoa "Denon Bizitzak Erdigunean" lelopean greba orokorra egitera dago deitua. Lelo horrek daukan indarra azpimarratu nahiko genuke oraingoan. Izan ere, bizitzaren beraren aldarrikapena... (+)
Alienak eta hondamendiaren turismoa
2023-09-03 | Sukar Horia
Atzean utzi ditugu udako hilabeteak eta aurtengoan ere hizpide izan dira klima larrialdiaren adierazle diren hainbat muturreko gertakari meteorologiko eta horien ondorioekin lotutako albisteak. Besteak... (+)
gora