Asteroko buletina
Baratzezaintza da ikasi, ikasi eta ikasi. Hori da ondo pasatzea. Beti ari zara ikasten.

Ekologismotik ere, Denon Bizitzak Erdigunean


2023ko azaroaren 28a

Euskal Herri osoa "Denon Bizitzak Erdigunean" lelopean greba orokorra egitera dago deitua. Lelo horrek daukan indarra azpimarratu nahiko genuke oraingoan. Izan ere, bizitzaren beraren aldarrikapena da eta horregatik da hain beharrezkoa. Mugimendu feministak, grebara deitzeko, zaintza lanetan egin du indarra batez ere. Baina deialdiaren mamiak askoz haratago joateko indarra dauka. Gizakiona ez besterik, planetako izaki bizidun guztien bizitzak erdigunean jartzeak gizartearen maila guztietan aldaketak emateko beharra dagoela ikustarazten du. Jada ez gara ari bakarrik gure ume edo aitona-amonez edo horiek zaintzen dituzten pertsonek pairatzen dituzten egoerez, baizik eta hori gertatzea baimendu duen egoeraz beraz.

Esan genezake zaintzaren krisia eta krisi klimatikoa sorrarazi dituzten faktoreak berberak direla. Gaur egun bizi garen gizarte kapitalista, kontsumista eta heteropatriarkal honek ekonomia, politika eta kultura ulertzeko modu bat sortu du zeinak bizkarra ematen dion (eta guztiz ikusezin egiten duen) gizakiok gure artean eta naturarekiko dugun kodependentziari eta interdependentziari. Hori lurraren baliabide naturalen ustiaketan eta "behe mailakoak" kontsideratzen dituen bizitzen bortxaketan dago oinarrituta.

Gizarte kristauek zapaltzen duten lurra ikusten dute izerdi, odol eta sufrimenduz landu (bortxatu) beharreko zeozer bezala

Hain ondorio latzak dituen ikuspegi hori gizakion historian nahiko berria dela esan daiteke, ordea, eta eurozentrista, Yayo Herrerok iazko ekotopaketetan azaldu zuen legez. Gauzak ulertzeko modu hori desnaturalizatuz gero, beraz, ikusiko dugu alda daitekeela, ez dela absolutua, ez dela ez normala ez betierekoa.

Gizarte guztiek ez dute izan eta ez daukate planeta ulertzeko eta harekin harremantzeko modu berdina. Kristautasunaren ondorioz, Europako zenbait gizartetan Lurraren irudi jakin bat zabaldu zen: lurra zapaldu egiten da, eta izerdi, odol eta sufrimenduz landu (bortxatu) beharra dago, bertatik bizitzarako beharrezko baliabideak lortzeko helburuz. Lurra zigor-eremu bat da gizakiarentzat, paradisu perfektutik kanporatu osteko betirako zigorra. Beste gizarte batzuetan, ordea, Lurreko landare-animaliak jainkoen opari gisa ulertzen dituzte, eta, trukean, esker onak emateko, "oparitutako" bizitza horiek zaindu eta behar dutenetan errespetuz hartzen dituzte. Gurean arakatuz gero ere, ikus daiteke Lurrarekiko harreman ezberdina zutela gure arbasoek. Ikuspegi ezberdin eta kontrajarriak dira. Bata kolonialismoaren eta sarraskien eraginez zabaldu zen mundu mailan, eta Lurra suntsitzen ari da. Bestea mugimendu feministak aldarrikatzen duen ideietatik hurbilago dago: denon bizitzak erdigunean egon behar dira.

Egoera iraultzeko modu eraginkorra proposatzen digu etengabe mugimendu feministaren hausnarketak eta ekinak: bizia jokoan dago, kapitalaren logika ekuaziotik baztertu egin behar da. Greba hau biziaren logika defendatzea delako, eta ezin dugulako salaketa hutsean geratu, gu azaroak 30ean bagoaz grebara. Badira bizitzarekin modu justu eta parekideagoan harremantzeko moduak. Etsipen gutxiago eta borroka gehiago!

Superretik Subera
2024-04-14 | Sukar Horia
Iaz ireki zuten Supersurraren fase berria. Bilboko azken haran naturala porlanez zikindu ostean, bidesaria ordaintzeko prest dauden gidariek, eta erratuta Supersurrera sartzen diren horiek, minutu... (+)
Alienak eta hondamendiaren turismoa
2023-09-03 | Sukar Horia
Atzean utzi ditugu udako hilabeteak eta aurtengoan ere hizpide izan dira klima larrialdiaren adierazle diren hainbat muturreko gertakari meteorologiko eta horien ondorioekin lotutako albisteak. Besteak... (+)
Dirua landatzea
2023-05-14 | Sukar Horia
Basogintza ereduen arteko talka irudikatzen duten bi albiste ezagutu ditugu aste honetan. Alde batetik, ezezagun batzuek basogintza jasangarriaren alde lan egiten duen Errez kooperatibaren autoari... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora