Bagil argia, urte guziko argia.

Industria petrokimikoaren ‘gerrillariak’ Genevan

Plastikoaren kutsadura saihesteko azken gailurra porrot izugarriarekin amaitu da Suitzako Geneva hirian, abuztuan. Hori zuten bilatzen petrolio-herrialdeek, plastikoa milioika tonatan sortzen jarraitzeko. Birziklapena da beraien tekno-soluzioa, baina gero eta garbiago dago industria petrokimikoak abiatutako hamarkada askotako iruzur bat besterik ez dela. Askoren aburuz, aukera bakarra polimero kutsagarrien ekoizpena mugatu eta debekatzea da.


2025eko irailaren 03a
Genevan egin da plastiko kutsaduraren inguruko azken gailurra, NBEren egoitzan. Argazkia: F. Fusstetter / NBIP - Creative Commons
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Kontxako hondartzan edo Menorkako kostaldeko kaletan plastiko artean igeri hasten garenean jabetzen gara arazoaren tamainaz, muturrean jartzen digutenean alegia. Baina plastikoak sortzen duen kutsadura aspaldi bihurtu zen mundu mailako krisi bat, ingurumenean ez ezik gure osasunean ere larriki eragiten duena. Hamaika ikerketa egin dira, eta hona hemen enegarrena: egunero 68.000 mikroplastiko arnasten ditugu etxetik atera ere egin gabe.

Lehendik bagenekien gizakiok gure biriketako zuntzetan plastikoak genituela, baina orain kopurua ere badakigu. Okzitaniako Tolosako Unibertsitateko ikerlariek Plos One aldizkarian argitaratu dute azterlana: “Bisfenola bezalako gehigarri toxikoak aska ditzakete, baita ftalatoak eta beste konposatu batzuk ere; funtzio endokrinoa aldatzen duten gehigarriak dira eta erditze goiztiarra, nahasmendu neurologikoa, gizonen artean jaiotzetiko ugalketa-akatsak, antzutasuna, obesitatea, gaixotasun kardiobaskularrak, giltzurruneko gaixotasunak eta minbiziak sortzeko arriskua handitzen dute”, azaldu dio La Vanguardia-ri Jeroen Sonke ikerlarietako batek.

Genevako NBEren egoitza atarian Benjamin Von Wong artista kanadarrak paratutako artelana, plastikoen kutsadura erakusteko. Argazkia: F. Fusstetter / NBIP - Creative Commons

Planeta mailako krisia, beraz. Eta erantzuna emateko, plastikoen kutsaduraren kontrako  “tratatu” global bat bilatu nahian aritu dira Nazio Batuen Erakundeko 184 herrialde azken hiru urteetan. 2024ko azaroan Hego Koreako Busanen egindako azken goi-bilera porrot totala izan zen, Nicolas Goñik orriotan (ARGIA, 2.897 zk.) azaldu zuen bezala – plastiko esportatzaileen oztopoak tarteko, eta beste behin “txiroenak gehiago kaltetuta”–. Baina azken aukera bat eman zioten euren buruari eta Suitzako Genevan bildu dira abuztuan, herritar asko plaian edo festetan murgilduta eta beste asko udako lan prekarioekin kateatuta zeuden bitartean.

Genevakoa beste porrot bat izan da ordea, berriz ere petrolio ekoizle diren herrialdeen presioaren ondorioz. Funtsean, eztabaida zentratzen da ea plastikoaren ekoizpena derrigorrez mugatu behar den ala ez. Helburua zen plastikoen kutsaduraren arazoari sorreratik bertatik aurre egitea, baina Saudi Arabiak, AEBek, Iranek eta Errusiak gidaturiko herrialde multzo batek emaitza saboteatu sabotatu du urardoturiko zirriborro bat bultzatuta.

Petrolio ekoizleen sektorea ikusten ari da erregai fosilen merkatua agortzen ari dela eta plastikoen negozioan dauka orain begirada jarrita. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) 2022ko otsaileko txosten baten arabera, plastikoen urteko ekoizpena bikoiztu baino gehiago egin da 20 urtean, urtero 460 milioi tona ekoizteraino. Ezer egiten ez bada, berriro hirukoiztu egin daiteke 2060rako.

Goi-gailurraren kanpoaldean ordezkariek egindako protestetako bat. Argazkia: F. Fusstetter / NBIP- Creative Commons

Suitzako hirian, hamar eguneko atzera eta aurreren ondoren, ehun herrialde inguruk osaturiko multzo batek –batez ere Hego Globalekoak– maletak egin eta etxera joatea erabaki du, nazkatuta. NBEko ingurumeneko arduradunak “konplexutasun geopolitikoak”, “erronka ekonomikoak” eta “tentsio multilateralak” aipatuta desenkusatu dira.

Ulertzeko Genevan orain, eta Ottawan zein Busanen lehenago, petrolioaren lobbyak azpijokoekin nola sartu duen eskua, The Guardian egunkariko Damian Carrington kazetariak goi-bilera horietan parte hartu duten hainbat lagunekin hitz egin du eta ‘Total infiltration’: How plastics industry swamped vital global treaty talks (‘Infiltrazio erabatekoa’: nola plastikoen industriak itun globaletako hil ala biziko elkarrizketak lokaztu dituen) erreportajean azaldu du, ezin sinetsirik, haien ahotik entzundakoa.

“Nire mugikorrean pribatutasun babesgailua daukat, zeren eta gure atzetik ibiliko dira, pantailan duguna filmatuko dute, ikusi nahi dute zer idazten dugun edo zeinekin txateatzen dugun”
Bethanie Carney Almroth, ekotoxikologoa

Gizon zuriak, Ipar Globalekoak

Bethanie Carney Almroth ekotoxikologoa da Suediako Goteborgeko Unibertsitatean, eta kazetariari kontatu dio 2024ko apirilean egindako Ottawako bilkuran plastikozko ontziak egiten dituen enpresa bateko ordezkaria gelan sartu zitzaiola garrasika eta mehatxuka. Beste egun batean, AEBetako enpresa kimiko bateko langileek bere inguruan borobil bat egin zuten: “Garrasi egin didaten guztiak gizon zuriak izan dira, Ipar Globalekoak”, azaldu du.

Petrokimiketako ordezkariek batzarretan duten presentzia erakusten du datu soil batek: Genevako gailurrean 234 lobbystak hartu dute parte ofizialki, Europar Batasuneko 27 herrialdeek batera izan dituzten ordezkariak baino gehiago da hori.
Toki guztietan daude, bilera garrantzitsu guztietan. “Nire mugikorrean pribatutasun babesgailu bat daukat –dio Carney Almrothek–, zeren eta gure atzetik ibiliko dira, pantailan duguna filmatuko dute, ikusi nahi dute zer idazten dugun edo zeinekin ari garen txateatzen. Ez nuke sekula nire ordenagailua irekiko gela baten erdian, jakin gabe zein dagoen nire atzean. Estres eta zelatatze maila izugarria da”.

Inger Andersen NBEko Ingurumen Programako zuzendaria Genevako goi-gailurrean, hainbat parte hartzailez inguratuta; petrokimiken lobbyari men egiteagatik kritikak jaso ditu. Argazkia: F. Fusstetter / NBIP - Creative Commons

Infiltrazioa hainbestekoa da, antolatzaileengan eragiteko gaitasuna ere badutela. The Guardian-eko kazetariak gogorarazi du Ingurumen Programaren (NBIP) zuzendari Inger Andersenek kritika zorrotzak jaso dituela hainbat herrialderen eta talde ekologisten partetik, ez duelako inolako anbiziorik erakutsi plastikoen ekoizpenari muga bat jartzeko garaian. Ez da harrigarria: NBIPek petrolio-ekoizle diren herrialdeen dirulaguntzak jasotzen ditu erruz, hortik bizi da %95ean.

2024ko urtarrilean Andersenek Saudi Arabia bisitatu zuen. Hilabete batzuk geroago hango ministroekin elkartu zen Riaden, desertifikazioaren kontrako bilera baten testuinguruan. 2025eko Davoseko gailurrean berriz bildu zen haiekin, eta ekainaren 29an Riadera itzuli zen kooperazio akordio bat sinatzeko. Eta bitartean, Saudi Arabiak lau urtetan 20 milioi dolar eman dizkio NBIP erakundeari, ustez “ingurumen babesa indartzen laguntzeko”. Herrialde arabiarreko petrolio putzuetatik zuzenean intsuflatutako odola.

“Oinarritik hasi behar dugu, eta gerrilla bat egin gure etsaien kontra”, hala esan zuen Plastics Europe lobbyaren ordezkari batek 1994an; ordutik milioika dolar isuri dituzte publizitate agentzien poltsikoetara 

Plastikozaleen “gerrilla” 

Plastiko kutsaduraren kontrako munduko ituna, jaio aurretik hilda zegoen. Multinazionalen presioa eta eragina neurtzen duen InfluenceMap Think tank-ak 2024ko azaroan kaleratutako txosten baten arabera, 2022an prozesua hasi baino lehen, ExxonMobil (AEB), SABIC (Saudi Arabia), BASF (Alemania), TotalEnergies (Frantzia), Chevron-Phillips (AEB) eta plastikoa ekoizten duten beste hainbat konpainia eta elkartek –tartean dago Plastics Europe, zeinak guretzat ezagunak diren Arkema eta Repsol enpresak biltzen dituen– erabaki zuten itunaren helburuak “ahultzea”. Horretarako, alde batetik gobernuei eskatuko zieten birziklapena lehenestea eta, bestaldetik, plastikoen ekoizpena gutxitzeko neurrien kontra azalduko ziren.

Baina estrategia hori ez da herenegungoa, petrokimiken sektoreak negozioa egiten segitzeko duela hamarkada asko hartutako norabidearen barruan sar liteke. Birziklapena, ekonomia zirkularra, plastiko berdea, pirolisi kimikoa... Aldian-aldian agertzen da kontzeptu edo teknologia berri bat, multinazionalek polimeroen unibertsoa esplotatzen jarraitu dezaten.

Mohamed Larbi Tunisiako Unibertsitateko irakasleak plastikoaren birziklapenaren “iruzur handia” deitu dio multinazionalen jokabide horri. Le Monde Diplomatique egunkarian argitaraturiko Plastique, l’escroquerie du recyclage (Plastikoa, birziklapenaren iruzurra) artikuluan azaltzen duenez, sektoreak berrogei urte daramatza gezurretan, 1980ko hamarkada erdialdean ontziratze-enpresen eskutik birziklapenaren ideia –eta horrekin batera Möbiusen ikur famatua, hiru gezi berde dituena– bereganatu zutenetik.

Larbi gordina da: “Propaganda egiten lau hamarkada igaro ondoren, 1950 eta 2017 artean sorturiko eta botatako 6.300 milioi tona plastikoetatik %10 baino ez da birziklatu”. Bere esanetan, enpresek birziklapenerako teknologia “berritzaileak” iragartzen dituzte, baina errealitatea oso bestelakoa da: petrolioarekin eta gasarekin egiten den etileno konposatu kimikoa hain da ugaria, plastiko “birjinaren” prezioa amildu egiten dela, eta  birziklapen enpresek ezin dutela kostu horiekin lehiatu. Gainera, “etileno orgiak” ez du amaierarik, eta Txinan, AEBetan zein Saudi Arabian produkzio-planta berriak iragarri dituzte.

“Hamarkadak daramatzate plastikozko zaborraren krisia nahita sortzen”, dio irakasle tunisiarrak. 1994an Plastics Europeren bilera batean, hango partaide batek honakoa bota zuen: “Oinarritik eragin behar dugu eta gerrilla gerra bat egin gure etsaien kontra”. Ordutik milioika dolar isuri dituzte publizitate agentzien poltsikoetara, “soluzioak” saltzeko, Larbiren esanetan.

Greenpeacek azaldu izan duen moduan, “plastikoaren pandemia” baten aurrean gaude. Pribilegiatuok jada ez dugu arazoa ezkutatuko zaborrak Sri Lankara edo Bangladeshera bidalita, hangoek ur gazitan irentsi ditzaten. Gogoratu, 68.000 mikroplastiko egunero, etxetik atera gabe. 

"Auditoretza ekonomiko bat nahikoa izan da inbertitzaileak Muga meatze proiektuan atzera egiteko"
2025-08-27 | Urko Apaolaza Avila
Ekologistak Martxanek eta Sustrai Erakuntzak diote txinatar inbertitzaileek atzera egiteak agerian utzi dituela Zangozako meatzearen "funtsik gabeko arrazoiak". Nafarroako Gobernuari eskatu diote "interes publikoari erantzuten... (+)
Egia: aldapa alai bat
2025-08-01 | Urko Apaolaza Avila
Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene...  70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral... (+)
Hontz zuriarekin bakeak egitea komeni zaigu, gure zaindaria da
2025-06-08 | Urko Apaolaza Avila
Mandio eta kanpandorreetan hontz zuriaren ulu mikatza gero eta gutxiagotan entzuten dugu. Zer dela eta? Urbanismo basatiaren eta laborantza intentsiboaren ondorioz, bere habitata suntsitu dugu.... (+)
Energia eta telekomunikazio sistema "erresilientea" sortzeko, lankidetza abiatu dute Goienerrek eta Izarkomek
2025-05-28 | Urko Apaolaza Avila
Bi kooperatibek euren arteko elkarlanean "urrats sendoagoak" emango dituztela iragarri dute, energia eta telekomunikazio sistema "erresiliente" bat sortzeko. Deia egin diete herritarrei Itzali sistema, piztu... (+)
Itzalaldiak argitu digu bidea: sare elektrikoaren deszentralizazioa
2025-05-18 | Urko Apaolaza Avila
Iberiar penintsulan apirilaren 28an gertatutako itzalaldiak, egungo energia sistemak dituen arrakala guztiak utzi zituen bistan. Enpresa elektriko handien diru gosea, berriztagarrien ezarpen masiboak dakartzan ajeak,... (+)
gora