Martxoan haize, sagardian lore

Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean. Horren adibide esanguratsua da Frantziako Estatuan berriki onartu duten Duplomb legea. Halere, legebiltzarren erabakiek islatzen ez badute ere, inguruneari buruzko europarren kezkek gora jarraitzen dute. 


2025eko uztailaren 24a
Europako Legebiltzarrean haizea aldatu zen 2024 hauteskundeetan, baina, berez, europarrek klima eta inguruneari buruz dituzten kezkak ez dira aldatu.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Aurtengo urtarrilaren 20az geroztik, erabaki ikaragarriz osatutako zerrenda bat gauzatzen dabil AEBetako 47. presidentea: ikerketa egiturak desegiten dituztenak, kutsadura saihesteko neurrien deuseztatzea, "klima" hitza bera zentsuratzea, eta noski, baliabideen ustiaketak erraztearen aldeko neurriak –batez ere erregai fosilena–. The Guardian egunkariak dioskunez, ingurunearen aurkako eraso gehiago izan dira ehun egunez, presidente horren aurreko agintaldi osoan baino. Ez da aste bat igaro Etxe Zuriak zerrenda horren neurri bat zalapartaka iragarri gabe. Zarata horrek ia ezkutatu ditzake Europan ingurumenaren aurka hartu diren azken hilabeteotako legegintza-erabakiak.

Arlo horretan, funtsa baino gehiago, estiloa da ezberdina Atlantikoaren alde honetan: zalaparta gutiago, esamolde diplomatikoagoak, eta bat-bateko deuseztatzeak baino "mila ebakik ondorioztaturiko heriotza", Herbehereetako Bas Eickhout eurodiputatu berdearen hitzetan. Joera hori 2023ko abenduan hasi zen, Europako Parlamentuko hauteskundeetarako eskuina garaile iragartzen zuten lehen inkestak argitaratzearekin; hots, Washingtongo buruzagi aldaketa ez zuten itxoin, ezta 2024ko ekaineko hauteskundeak ere. Halere, bozketa horietatik goiti lastertu zen abiadura, lehiakortasuna lehenesten duen Europako Batzordearen agenda berriarekin. Aurtengo apirilean onarturiko Omnibus Legeak “sinplifikazioa” omen du xede, finantza jasangarriari buruzko arauak malgututa. Bertzeak bertze, zur hornidura kateetan baso-soiltzea geldiaraziko lukeen lege bat atzeratu dute, ibilgailu egileei kutsadura murrizteko xedeak lortzeko bi urte gehiago eman dizkiete... Europako Batzordean nabari den joera hori estatu mailan ere ikusten da: Italiako, Herbehereetako edota Poloniako Gobernuek ere lege bidez atzeratu eta malgutu dituzte beraien klima helburuak, lehiakortasunari buruzko kezken, inflazioaren edota laborarien protestei eman beharreko erantzunen izenean. Alemanian ere, eraikuntzaren sektoreko BEG isurketei buruzko legea murriztu dute, eta Frantziako Estatuan laborantzaren jasangarritasuna kaltetuko duen lege bat onartu berri dute.

Duplomb Legea, adibide esanguratsua

Laurent Duplomb senatari eskuindarrak proposatu zuen legea uztailaren 8an onartu zuten Frantziako legebiltzarrean, zentroko, eskuineko eta eskuin muturreko diputatuen bermearekin. Lege horrek ekarriko dituen aldaketa nabarienak izanen dira azetamipridoa eta flupyradifurona pestizida oso toxikoen erabilera berriz baimentzea, makroetxaldeen handitzea zein uraska erraldoien eraikitzea erraztea. Orain arte, pestizidei buruzko baimenen eskumena Frantziako Elikaduraren, Ingurunearen eta Lanaren Osasun Seguritate Agentziak zuen, baina legea onartu eta bi egunetara, arlo horretan agentziak duen independentzia murriztu diote dekretu bidez. Bide beretik, Bioaniztasunaren Agentziaren independentzia ere murriztu dute.

Laborarien 2024ko haserreari emandako erantzun gisa aurkeztu dute legea, alta, laborarien soldataren arazoa ez du aipatzen –nahiz eta hori zen laborarien iazko protesten zio nagusia–. Gainera, abeltegiak handitzeari buruzko neurria etxaldeen %3ri baizik ez legokieke. Lege horren aurkarien arabera, halako ezaugarriek argiki erakusten dute legea norentzat egina den: finantza arazorik ez duten eredu industrialeko etxalde handienentzat. Frantziako hainbat hebadidek – Libération, Politis, Sud-Ouest, France-Culture...– diotenez, diputatu askorengana hurbildurik lobby lanean aritu da FNSEA sindikatua, eta sindikatu horren eskaera asko hitzik aldatu gabe dakarzki lege-testuak. FNSEA-k Laurent Duplomb senatariaren ibilbide politikoan garrantzi handia izan du eta laborantza kontuetan senatari horren iritziak nahiko argiak dira –argitsuak ez izan arren–: laborantza industrialaren defendatzaile amorratua da, Bioaniztasunaren Agentzia eta Agence Bio  izeneko laborantza organikoaren agentzia deuseztatu nahi lituzke –azken horri buruzko emendakin bat onartarazi zuen urtarrileko finantza-lege batean–.

Laborantzaz harago, azken asteotan hiri eremuetan aire kutsadura murrizteko eta lurren artifizializazioa murrizteko araudien desegitearen alde lanean aritutakoa ere da. Klima aldaketari buruz ere bere iritzia badu: “Klima aldaketa ez da berdin gauzatzen lurralde osoan. Gaur egun, nagoen tokian eragozpen baino abantaila gehiago dakarzki”. Halako abiapuntu batekin, pazientzia asko behar lukete klimatologoek gauzak beren tokian ezartzeko.

Zer eskatzen du herriak?

Alta bada, populazioaren gehiengoa ez dator bat halako iritziekin. Elhuyar aldizkariko Eurobarometroa: hazi egin dira klima-aldakerekiko kezka eta neurriak hartzeko premia artikuluan Ana Galarragak berriki erakutsi duen bezala, Eurobarometroaren azken inkestaren arabera, klima-aldaketarekiko europarrek duten kezka eta neurriak hartzeko premia hazi egin dira. Europar Batasuneko 27 herrialdetarik 18tan, herritarren %80k edo gehiagok bat egiten dute 2050erako finkatutako karbono neutraltasunaren helburuarekin. Duela bi urte, parte-hartzaileen %77ak uste zuen klima aldaketa arrisku global larria zela, gaur egun, aldiz, %85ak. Herritarren %77ak deritzo klima aldaketak sorturiko kalteen kostuek karbono-neutraltasunerako trantsizioaren kostuak gainditzen dituztela. %75ak dio erregai fosilen inportazioen menpekotasuna murrizteak Europako energia seguritatea eta ekonomia indartuko lituzkeela, eta teknologia garbiagoetan Europaren lehiakortasuna bultzatzeko xedea %84ak du babesten. Laburbildurik: klimari dagokionez gizarteak nagusiki bat egiten du zientziarekin, eta horretaz bederen poztu gaitezke.

Halako emaitzek errealitate kezkagarri bat erakusten digute: klimari dagokionez –eta kutsadura arazoei dagokionez berdin erran genezake– europarlamentuaren eta Europako hainbat estatutako parlamentuen erabakiek ez dituzte populazioaren kezkak eta iritziak islatzen. Bruselan interes pribatuetako 25.000 lobby inguru daude, araudi legal hertsagarririk gabe eta GKE edota sindikatuek baino finantza baliabide askoz gehiagorekin. Halere, hori ez da berria, lobbyak beraien betiko lanean ari dira. Gauza da azken hauteskunde europarrez geroztik haizea alde dutela, ekologismoaren aurkako narratiben haizea, alegia. Narratiba horiek nola irauli, hor dago koska. 

Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte
2025-07-06 | Nicolas Goñi
Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira... (+)
Banku handiek klima aldaketan inbertitzen dute, baina ez da konponbidea sustatzeko
2025-05-25 | Nicolas Goñi
Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri ... (+)
India erdialdean, idortze globalari aurre egiteko laborarien eta ikertzaileen elkarlana
2025-05-04 | Nicolas Goñi
Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra... (+)
Angolan lehorteak 2,3 milioi pertsona mehatxatzen ditu, baina nori axola zaio?
2025-04-06 | Nicolas Goñi
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean... (+)
Mozambiken kontratatu zituen militarren torturak isilpean gorde ditu Total multinazionalak
2025-02-23 | Nicolas Goñi
Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu... (+)
gora