Martxo kaldartxo, ez ardi eta ez artantxo. (urteko ardia)

Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte

Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta praktikan lehentasun talka batzuk egon. Baina zorpeturiko gobernuaren aukerak murriztuak dira nazioarteko merkataritzan, horrek erregai fosilen menpekotasuna iraunarazten duelarik. Bertze hainbat herrialde zorpeturen gisara, erregai fosilak beren lurzoruan egonez gero, horiek ustiatzera behartuak dira, finantza egiturek hala agindurik. Hortik, ezinbertzeko energia trantsizioa oztopatzen diete, klima larrialdian eta zorretan are gehiago sarturik utzita.


2025eko uztailaren 03a
Klima justizia ez da bakarrik nahi bat, aukera bat, eztabaida bat edo hobespen politiko bat... IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak argi dio "ezinbertzekoa" dela. Argazkian, "pagatu zure zor klimatikoa" mezua zabaltzen dabil herritar bat klimaren aldeko protesta batean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Pakistan aktualitate betean egon zen 2022an, Indiarekin batera, bertan inoizko bero uhina pairatu zutelako, 50 gradu arteko tenperaturekin eta horien ondorio latzekin: fisikoki edo sozialki ahulenak direnen heriotzak, aire kutsadura, ur gabezia, elektrizitate eteteak, zabortegietan eta oihanetan suteak, aintzira glaziarren gainezkatzeek eragindako uholdeak, uztak erdiz murriztuak eta beroz edo egarriz hildako abereak... Aski latza ez balitz, bero honek ezohizko intentsitateko montzoia sortu zuen, uholde erraldoiak eraginda eta horiek, berriz, heriotza gehiago, uzta suntsituak, azpiegitura andeatuak, eta berriz elektrizitate eteteak.

Herrialde honetan elekrizitatea ez da kontu makala, gaur egun oraindik pakistandarren %8ak ez baitu batere argindarrik, bertze %15ak ez du hornidura fidagarririk eta 2021etik elektrizitatearen prezioa %155 emendatu da; gizartean haserrea areagotu du horrek. Muturreko eguraldiek eragindako kalteek agerian utzi diete bai elektrizitate ekoizpena baita banatze sarea ere jasangarri bilakatu behar direla. Iazko Munduko Ekonomia Foroan, Energia Trantsizio Indizearen inguruan aztertutako 120 herrialderen artean Pakistan 113. sailkatu zuten, oraindik betebeharrean urrun dagoela erakutsirik.

Halere, ekimenak martxan daude, eta Pakistango Gobernuak energia trantsiziorako inbertsio plana iragarri zuen aurtengo martxoan, NBEk antolaturiko “Energia jasangarria denentzat” izeneko foroan. Bertan, bere bide-orria aurkeztu zuen Pakistango Gobernuak, lau arlo biltzen dituena: bat, energia sistema garbiago eta erresilienteago baterako epe luzeko inbertsio plana; bi, prezio aldakorreko erregai fosilen menpekotasuna murriztuko duten energia berriztagarriekilako konponbideak identifikatu, eta horren bidez, energia segurtasuna bermatu; hiru, bidezko trantsizioa sostengatu, lanpostu berdeak sortuta eta “deskarbonizatzen” dabilen munduan lehiakortasun industriala babestuta; eta lau, finantza-bideragarritasuna indartu, energia azpiegituretan inbertsioak erakarrita eta eraginkortasun arazo sistemikoak konponduta.

Oztopoak bidean

Halere, energia trantsizio xede horien lortzeko bidean oztopoak daude: Pakistan barnean, lehentasun desegokiak eta nazioartean, AEBek ezarritako merkataritza aduana zergak. Barneko lehentasun desegokiei dagokienez, gobernuak 2GW esleitu die bitcoin kriptotxanponarentzako meatzeari eta adimen artifizialeko datu zentro proiektuei.

Pakistanen dagoeneko, 40 milioi “kriptotxanpon zorro” daude izena emanda, eta kriptotxanponen sektorera mundu mailako inbertsioak ekarri nahi ditu finantza ministroak. Ekimen horrek kezkak eta kritikak piztu ditu, eta ez bakarrik Pakistanen: maiatzean Nazioarteko Diru Funtsak gobernuari premiazko azalpenak eskatu zizkion asmo horren inguruan, kontuan harturik Pakistan NDFarekiko negoziaketa prozesu batean dagoela bere aurrekontuei dagokienez. NDFaren kezka nagusia kriptotxanponen inguruko marko legalari buruzkoa da. Hau da, gaizki zehazturiko marko legal baten barruko proiektuetara elektrizitate gehiegi bideratua izatea, eta hori, populazio osoak egunerokoan argindar nahiko lortzen ez duelarik. 

Trantsizioak nazioartean duen oztopoa AEBetatik dator: oinarrizko %10eko zergaz gain, Pakistandik inportatutakoari %29 gehiago ezarri nahi zion Etxe Zuriko errentariak apirilean, 90 eguneko etenaldia iragarri aurretik. Esportazioak kaltetuko lituzkeen tasa hori saihesteko gisan, petrolioa AEBtatik inportatzen hastea mahaigaineratu du Pakistanek. Horrez gain, gobernuak AEBetatik bertzelako gaiak inporta ditzake, adibidez, doitasunezko aparatuak, soja, altzairua edota burdina. Erabaki hori Pakistanen bertan kritikatua da, ez baitu estatuaren finantza oreka lagunduko, ezta energia trantsizioa ere. Erregai fosilen menpekotasuna iraunaraziko du, eta alta, teorian, hori saihestea da Pakistango energia trantsizioaren bide orriaren bigarren arloa.

Zorraren eta erregai fosilen iruzurra

Finantza publiko arazoak dituzten eta erregai fosilen menpekotasunean atxikiak diren herrialdeen artean ez da bakarra Pakistan. Horren harira, Erresuma Batuko Debt Justice fundazioak duela bi urte The debt-fossil fuel trap (Zorraren eta erregai fosilen iruzurra) izeneko txostena argitaratu zuen. Aztertu dutenez, zor maila altuak neurri handiko oztopoak dira erregai fosilak baztertzeko bidean Hego globaleko herrialde askorentzat. Fundazioko Tess Woolfendenek dioenez, zorraren ordaintzeko diru sarrerak sortzeko, erregai fosilak ustiatzera behartuak dira herrialde asko. Kontua da, erregai fosildun proiektuek maiz ez dituztela igurikaturiko diru sarrerak ematen, eta horrela emendatzen dela are gehiago zorra. Halako egoeran dago Mozambike, ARGIAren 2906 zenbakiko Mozambiken kontratatu zituen militarren isilpean gorde ditu Total multinazionalak erreportajean azaldu bezala. Hango Justiça Ambiental taldeko Daniel Ribeiro programa koordinatzaileak dio herrialdearen zorra bikoiztu zela 2013an. Urte hartan egin zutena zera izan zen: gas ustiaketaren etorkizuneko irabazi estimatuetan –edo kalkulatuetan– oinarrituta, maileguak hartu, legebiltzarraren baimenik gabe. Ondoko hiru urteetan gasaren prezioa asko apaldu zen, eta finantza-egoera kaskartu orduko, berriro hartu behar izan zituzten maileguak. Mailegu horiek zertan oinarritu ziren? Bertze behin, etorkizuneko balizko gas ustiaketaren balizko irabazietan.

"Erregai fosilengatik dugun zorra erregai fosilek ordaindu dezaten egituratzen dute, horrek gurpil zoro bat sortzen duelarik: norabide horretara behartuak gara eta ukatuz gero, ondorio latzak pairatzen ditugu", dio Ribeirok. Gurpil zoro hori gurpil handiago batean kokatzen da: klima aldaketak eragindako kalteek Hego globaleko herri askoren finantza egoera larritzen dute; eta zorpetuz gero, erregai fosilen ustiaketara behartuak dira, baina horrek are gehiago larritzen die klima aldaketa. Horregatik ere litzateke herri guzien etorkizunarentzat mesedegarria Hego globaleko herrien zorraren ezabatzea. 

Banku handiek klima aldaketan inbertitzen dute, baina ez da konponbidea sustatzeko
2025-05-25 | Nicolas Goñi
Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri ... (+)
India erdialdean, idortze globalari aurre egiteko laborarien eta ikertzaileen elkarlana
2025-05-04 | Nicolas Goñi
Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra... (+)
Angolan lehorteak 2,3 milioi pertsona mehatxatzen ditu, baina nori axola zaio?
2025-04-06 | Nicolas Goñi
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean... (+)
Mozambiken kontratatu zituen militarren torturak isilpean gorde ditu Total multinazionalak
2025-02-23 | Nicolas Goñi
Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu... (+)
Jendez hustutako landa eremuetara basabizitza ez da uste bezala itzultzen
2025-02-02 | Nicolas Goñi
Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima... (+)
gora