Astelehenero 8:00etan zure epostan
Azken urteotako uda bukaera guzietan bezala, Ipar hemisferioko suteen kalteak zenbatzen ari gara, eta zenbakiak ikusi arren, oraino zaila zaigu arazoaren munta eta horri loturiko arriskuaren ezaugarriak ulertzea. Halere premiazkoa da, horren arabera lurraldeak prestatu beharko baititugu.
Sute historikoak dira aurtengo udakoak, hainbat hamarkadatan ikusi gabeko azalera erre dutenak. Lengadòc aldeko Corbièras mendialdean 17.000 hektarea kiskalirik, duela 50 urte baino gehiagotik sute handiena izan da Frantziako estatuan. Portugaleko Serra de Estrela mendialdean dabilena, oraingoz 60.000 hektarea erre ditu, eta erretzen darrai zutabe hau idazten ari naizelarik. Berdin Molezuelas udalerrian Gaztela eta Leongo eskualdean 37.000 hektarea erre dituena. Horri Espainiako bertze suteak gehituz, 400.000 hektarea dira kiskaliak (errex idazten da), penintsulako sekulako sute azalera handiena eginik.
(Ez)ohiko sute erraldoiak
Iaz eta 2023an Grezia izan zen gogorki kolpatua, eta gaurtik ikusia urrun dirudien 2022 hain idorrean, Nafarroan Gares eta Orbaibarreko oihanak ari ziren erretzen, eta Landen iparreko bi sutek 32.000 hektarea pinudi erre zituzten, hura ere zenbaki historikoa zelarik.
Europa hegoaldea udan beroz zanpatua izateak, eta bertan suteak handiagoak izateak eta maizago gertatzeak, ezin gaitu ezustekoan harrapatu: klimatologoek, duela 30 urte baino gehiago, deus eginen ez bagenu hamarkada honetan halakorik gertatuko zela modelizatu eta aurreikusi zuten. Alde horretatik harridurarik ez, baina informazio hori aspaldikoa izanik ere, harrigarria izaten jarraitzen du erakundeen prestutasun maila eskasak. Jean-Pierre Dupuy-k 2002an jadanik zioen bezala, dakitena sinestera ez dira iristen (eta 23 urte geroago, hain guti).
Oihanei bertzelako kalteak
Sute handiak dira oihainei bero uhinek eginiko (edo bultzaturiko) kalte larrienak noski, baina ez kalte bakarrak. Gehiegizko estres termikoa eta estres hidrologikoa ere oso zalu zabaltzen ari dira. Hots, Europa hego-mendebaldeko hainbat oihanek jasan dezaketen berotasun edo lurzoruen lehortasun maila gainditua da, hainbat lekukotasunen arabera, baita satelite irudien arabera ere: hostozabaleko zuhaitz askoren hostoak erre edo kizkurtu eta pixkanaka erori, berdeak marroinari tokia utzirik orbelen sasoia baino hiru hilabete lehenago. Han hemenka ere zuhaitz gazteak guziz idortzen dira, lehenik lurzoru meheetan eta hegora begira diren maldetan, baina gero eta toki gehiagotan. Hiltzen ez diren aleek nekadura fisiologikoa pairatzen dute: gutiago handituko dira, eta gaitz edo parasitoen aitzinean zaurgarriagoak bihurtzen dira, baita estres termiko edo hidrologiko gehiagoren aitzinean ere. Uda hezea behar duten espezieak dira kaltetuenak eta lehenbizi desagertzen direnak: jadaneko Landak ez dira urkiaren hedapenaren parte. Suitzako Jura mendietan pagoa eta izei gorria hiltzen ari dira. Noiz arte biziraunen dute Irati eta Urbasako pagoek?
Egokitzapen eskasa
Muturreko eguraldi horietan, klima beroago eta idorragoan hazitako zuhaitzak dira hobekien moldatzen direnak(1) , baina gure ekosistemen egokitzapenerako halakoen baliatzeko, hobe litzateke duela 30 urte hasi izan bagina. Zoritxarrez, gure eskualdeetako oihangintzan oso ahalegin guti egin dira ekosistema heldu diren hamarkadetako eguraldiei buru egin ahal izatera prestatzeko. Alde batetik, monolandaketak egin ohi dituztenak ekosistemaz guti arduratzen dira, zuhaitzak landatu eta moztu bitarteko epe laburrak baitituzte (eukaliptoa landatu eta 15 urteren buruan mozteko xedea duenak, klimaz axola guti). Bertzaldetik, oihan kontserbazioan adituek tokian hazitako bertako espezieen landareak erabiltzea lehenetsi ohi dute, hain zuzen, ekosistema ez aldatzeko asmoz. Honek bioaniztasuna babesten laguntzen du, baina epe luzean klima aldaketarik gabeko mundu batean baizik ezinen luke funtzionatu, ez berotzen ari den gure mundu honetan.
Prebentzioa beti gerorako
Prebentzioa (oihanen moldatzea) berant dabil, baina berant dabiltza ere larrialdiko neurriak (suteak laster itzaltzeko baliabideak). Adibidez Frantziako suhiltzaile zerbitzuek 12 Canadair hegazkin baizik ez dituzte, horien batezbertzeko adina 30 urte delarik. Hots, 30 urtetan ez da inbertsio seriorik egin oihan suteen kontrolatzeko, sute horiek maizago gertatuko eta handiagoak izanen zirelako informazioa aspaldidanik izan arren.
Nahiko argi da noizbait suteen kalteek suteak kontrolatzeko baliabideek baino askoz gehiago kostatuko zutela, bai finantzei baita ekosistemei eta laborantzari egindako kalteei dagokienez. Baina prebentzioaren kostu gainditze une hori oso berant gertatuko balitz bezala jokatu zuten erakunde gehienek, eta horrela neurriak atzeratu. Joera hori hedabide gehiegik elikatzen dute ere, muturreko eguraldi gertakari bati buruzko erreportaietan gertakaria anomalia gisan aurkezturik, eta horren ondotik normaltasun batera itzultzeko itxaropena aipaturik bururapenean. Erreportaiak doinu baikorrago batekin bukatu nahia ulergarria izanik ere, faltsuzko itxaropenak zabaltzeak ez dio inori mesederik egiten, ez baitu laguntzen egoera eta horrek eskatzen dituen prebentzio neurrien premia ulertarazten. 1.5°ko beroketa langa gainditzen ari den mundu honetan, normaltasunera itzultzeko 1.5°ko hoztea beharko genuke. Nik ere hori halako hoztea nahi dut, nire haurtzaroko klimaren eta airearen usainen nostalgia dut, baina gaur egun espero dezakegun norabide baikorrena 2°ko beroketa langa ez gainditzea da. Norabide oso baikorra litzateke, eta hain baikorra izanik ere, sute (eta lehorte, uholde, ekaitz…) arrisku handiagoa dakar.
Muturreko arriskuen ulermen eskasa
1.5°ko beroketa langa gainditzen ari den mundu honetan, arriskuak bertzelakoak dira eta aseguruek gero eta zailtasun gehiago topatzen dute jarduera ekonomikoak eta etxebizitzak aseguratzeko. Duela guti Probable Futures webgunean argitaratu den artikulu batek(2) arazo potolo hori ongi laburbiltzen du. Asegura daitezkeen arriskuak “doituak” izan behar dira: ez handiegiak ezta ttikiegiak ere, ezagunak eta ez segurenik gerta daitezkeenak eta elkarren arteko korrelaziorik gabekoak. Ezaugarri horiek betetzen dituzten arriskuak aseguragarriak dira, aldiz betetzen ez dituztenak aseguraezinak. Uholdeen aurkako aseguruak adibidetzat harturik, hau diote: uholde mota batzuk jadanik maizegi gertatzen dira aseguratu ahal izateko, eta muturreko uholdeak lehen baino okerragoak dira. Adibidez, iraganean, “mendean behineko” ekaitz batek toki jakin batean 15 zentimetro botatzen zituen eta “bortz mendetan behinekoak” 23 zentimetro. Egurats beroagoan 15 zentimetro botatzen dituena 5 aldiz maizago gertatzen da, mendean behinekoak 20 zentimetro botatzen ditu, eta bortz mendetan behinekoak 30 zentimetro. Bertzela erranik, muturreko gertakariak maizago pairatzen ditugu eta mutur berriak urrunago daude, orain arte kaltetugabeko eremuak kaltetuz. Baldintza horietan aseguruak garestiagoak eta lortzeko zailagoak dira. Adibide honetan uholdeei dagokiena berdin balio du bertzelako eguraldi kalteei dagokienez.
Gure lurraldeetako burujabetza konkretuak eraikitzeko, halako arriskuen ezaugarriak ulertzea funtsezkoa dela erran gabe doa. Bai berant ibilki gare, baina egoera ez dugu galdutzat jo behar, bertzela ondorioak are larriagoak izanen lirateke.
Klima aldaketarekin nahaspilaturiko faktoreak
Klima aldaketak ekartzen dituen probabilitate eta munta ezberdineko arriskuak gizarteek zabalduriko bertzelako arriskuekin nahaspilatzen dira. Portugalen adibidez, Mediapart hedabideko Mikael Correiak dioskunez, babes zibila estatu mailan antolatua da, tokiko ezaugarriak askoz hobeki ezagutzen dituzten udalerrien mailan antolatu baino. Ez dago ere oihan plangintzarik, nahiz eta 2017ko megasuteek horren premia azpimarratu. Horrez gain, landa eremuaren bilakaera sozioekonomikoak arriskua emendatu du: alde batetik etxalde ttikiko laborantza desagertzen joan da, batez ere mendialdean, eta hainbat tokitan sasiek lehengo larreen tokia hartu dute. Etxalde ttikiak desagerraraziko zituen bilakaera ekonomiko hori indartu zuen diktadurak, baita hainbat lur komunal pribatizatu eta pinu monolandaketaz estali ere. Koktel arriskutsuenaren osagai guziak bilduak ziren Portugaleko mendialdean. Gurean osagai horiek guziak ez badira berdin elkartzen ere, banaka ezagunak zaizkigu.
Deus egiten ez badugu, zuhaitz hilkortasuna zabalduko da, sutez edo bero eta idorte jasanezinez. Badakigu zer egin heldu diren belaunaldiei oihan biziak eta bazter berdeak transmititzeko. Eta egin beharreko lehen gauzetarikoa da arrisku berriak ulertzea, eta horien arabera gure lurraldeak prestatu eta sendotzea.
(1) Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat. Argia 2891, 2024/10/31
(2) Spencer Glendon, Carolyn Kousky & Barney Schauble: “Is The Future Insurable? Global climate change is shrinking the range of insurability”
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545