Astelehenero 8:00etan zure epostan
Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan soiltzearen ondorioak. Halere, agronomo eta laborarien arteko elkarlanean oinarritutako tokiko ekimen batek egoera iraultzea lortu du, basamorturako bidean zihoazen lurrak emankorrak bihurturik.
Munduko lurren %40 idorrak dira, eta bereziki kezkagarria da azken hiru hamarkadotan %7,25 gehiago izan direla bazter berdeak izateari utzi dioten lurrrak, gaur egun lehorte iraunkorrean sarturik. Kopuru horiek irudikatzen laguntzeko, Kanadaren azalerakoak dira idortu berri diren lur guziak, Gorka Peñagarikanok ARGIAko Idorrak dira munduko lurren %40, eta lehortze bidea egin dute lurren %75ek iazko abenduko artikuluan azaltzen zuen bezala. Joera honek jarraitzen badu, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko lirateke lur idorretan. Bilakaera horren erru nagusia zein den jakiteak ez zaituzte harrituko: klima aldaketa. Baina horri askotan gehitzen zaizkio tokian tokiko ur baliabideen erabilera, oihangintza edo laborantza praktika desegokiak, arazoa arindu baino larritzen dutenak. Adibidez, euri eskasak laborantzako etekinak murriztu ondoren, etekinen jaitsiera konpentsatzeko laborantzako lurren azalera emendatu nahi izatea eta horretarako oihanak moztea. Edo, eurien ura gordetzeko urtegi handiagoak eraikitzea, ur hori inguruko ekosistemetatik kenduta eta beraz ingurua azkarrago lehortuta eta hauskortuta.
India erdialdeko Maharashtra estatuan lehorteari loturiko arazoak ez dira arrotz. Bere geografiarengatik, klima lehorra da nagusi, mendebaldeko Sahyadri mendiek itsasotik datozen hodeiak oztopatzen dituztelako. Horren ondorioz, estatu horretako Latur barrutian, adibidez, urtean 600 milimetro euri baino gutiago dute, martxotik ekainera maiz egunez 40 gradu inguru egon daitezkeelarik. Bertakoek ura nagusiki Manjira ibaitik hartu ohi dute, baina mendearen hasierako lurralde kudeaketa desegokiarengatik ibaiaren arroko urak zaluago isurtzen hasi ziren, bertako akuiferoa gutiago elikatuta eta ibaia bera lokaztuta. 2010ko hamarkadan, adibidez, ur edangarri krisi handia eragin zien egoerak. Hori nahiko zaila ez balitz, klima aldaketaren eraginez montzoien sasoiko euriak bortitzagoak bihurtu dira, uholdeak edota lur lehertzeak sorturik, eta ur baliabide arazoak areagoturik.
Ez da beharbada menturazkoa Latur barrutia hautatu zutela 2023an hidrologia eta laborantza ikerketa pilotu baterako, ICRISAT Nazioarteko Tropiko Erdi-lehorrentzako Labore Ikerketa Erakundeak eta GSDA Lurpeko Ur Jarraipen eta Garapen Agentziak. Matephal izeneko herri bateko 440 etxalde txikik parte hartu zuten, gehienak bat eta bi hektarea artekoak izanik. Interbentzio esanguratsuak eta eraginkorrak diseinatzeko, zehazki jakin behar zuten egoera zein zen; eta dimentsio anitzeko analisia burutu zuten, martxan zeuden laborantza praktiken jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ekologikoa aztertzeko. Aldi berean, lur baliabideen inbentario bat egin zuten, lur sail bakoitzaren ezaugarriak eta ahalezko erabilerak zerrendatzeko.Azterketa hidrologikoa zen hirugarren hanka, ur eskuragarritasuna, akuiferoen berrosatze potentziala eta zaurgarritasunak ezagutzeko asmoz. Hori dena ongi neurtu eta gero, ur baliabidea sendotzeko neurri aproposenak zehazten ahal zituzten, baita laborantza praktika hobetzeko konponbide holistikoak diseinatu ere. Komunitatearen parte-hartzea zabala zen proiektuan, eta garrantzitsua zen hainbat elementu ongi doitzeko: etxaldeetako sistemak, lurralde mailako konponbideak eta merkaturatze estrategiak, finean, diru sarrerak hobe bermatzeko.
Urari dagokionez, euri sasoian ura biltzeko teknikak garatu zituzten –putzuak etxe inguruetan edo soro bazterretan– baita etxeetako ura birziklatzekoak ere.Soroen hesietan lurrezko pareta apalak eraiki zituzten, eurite handietan higadura murrizteko eta urak bertan gordetzeko. ARGIAren 2.870 zenbakiko Ekialdeko Afrikan, oztopoak oztopo, eurite aldaketei egokitzeko ekimenak martxan erreportajean aipatzen genituen Balutxistaneko harrizko terraza moduko urtegi apalen antzekoa da teknika hori, baina maila txikiagoan. Laborantza praktikei dagokienez, lugorrian utzitako hainbat lursail berriz lantzen hasi ziren. Landare aniztasuna zabaldu zuten ere, uzta txarren arriskuak leuntzeko eta diru sarreren egonkortasuna laguntzeko. Bereziki, fruta-landareak sartu zituzten xede horiekin. Hainbat etxaldetan laborantza organikoa martxan jarri zuten, ongarri sintetikoen menpekotasuna murrizteko eta lurren emankortasuna hobetzeko. Laborari gehienek lekadunak, zituak, artatxikia eta barazkiak hazten zituzten, lurrazalaren erabilera optimizatzeko eta lurzoruko bioaniztasuna emendatzeko.
Lehorteari askotan gehitzen zaizkio tokian tokiko ur baliabideen erabilera, oihangintza edota laborantza praktika desegokiak
Horri gehitu zitzaion zientzialarien eskuko jarraipena: kalitate oneko hazien hornitzea, produktibitate eta germinazio tasa handiagoak dituztenak, eta lurzoru analisiak, eremu bakoitzeko nutriente behar zehatzak aztertzeko.
Emaitzak nahiko azkar ikusten hasi ziren: putzuetan eurien biltzea eta etxeetako uren birziklatzeak geruza freatikoa igoarazi zuten 500 hektareatan –hau da, piloto eremuaren erdia baino gehiagotan–. Maila freatikoa igo dela erranik, ez da zentimetro gutiko kontua, baizik eta lau metroko igoera, pilotu eremutik kanpoko lurrekin alderaturik. Lugorriak berriz lantzeak landutako azalera 30 hektareaz emendatu zuen. Laboreen etekina montzoi sasoian %30 igo zen, horrek etxalde bakoitzari batezbertzekoan 97.000 errupia inguru ekarri zizkiolarik –1.000 euro inguru, hots, emendio handia Indiako bizi-kostua kontuan harturik–. Gainera, Napier izeneko bazka belar bat agrosistemetan sarturik, abereen esne ekoizpena ere nabarmen igo zen.
Ekimen horren arrakastak ongi erakusten digu eremu tropikaleko laborari txikien bizimoduak hobetzeko ahala dutela metodo integratuek: agrosistema eta bazterren moldaketa, merkaturatze egokia eta klimaren aurreko erresilientzia uztartzen direlarik, jarraipen zientifiko aski zehatz batekin, elikadura ekoizpenaren jasangarritasuna eta sendotasuna nabarmen hobetzen dira. Klima aldaketaren aurkako borroka ez dela oraindik galdua erakusten digute Matephal herriko laborariek.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545