Astelehenero 8:00etan zure epostan
Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?
Aldrebes has gaitezke argudiatzen, hau da, nori ez dio mesederik egiten? Ez dio mesederik egiten biodibertsitateari, landaguneetako herritarrei, landaguneei eta zientziak defendatzen duen aldaketa klimatikoari. Biodibertsitateari dagokionez, komunikabide gutxik aipatu dituzte erretako gune horietan, bereziki parke naturaletan, faunarengan izan duen eragina. Gauza bera gertatu da galdutako lurren eta hondatutako erreken inguruan. Horiek guztiek gure osasunari eta ekonomiari kalte egiten diete zuzenean; gauza jakina da, adibidez, suteek eragindako keak eta errautsek, gerora, hildako gehiago eragiten dituztela suak berak baino edota patologiak areagotzen dituztela arnastu dutenen artean, bereziki adinekoen eta umeen artean.
Landagune horietako biztanleak ere, askotan, bere bizibidea utzi beharrean aurkitzen dira, ezin baitiote buelta eman egoerari.
Zientzari ere kalte egiten dio, negazionistek behin eta berriro ukatzen dutelako aldaketa klimatikoaren eragina, interes politikoak direla medio.
MITECOren txosten baten datuetan zentratuko gara:
Suteen jatorriari buruz, %5 soilik izan dira naturalak, tximistek sortuak, alegia. %52 nahita eginak dira. Erkidego batzuetan, Asturiasen adibidez, %80ra iritsi da kopuru hori.
Espezieei dagokienez, halepensis eta pinaster pinuak dira gehien erre diren zuhaitzak, guztiaren %40, gero eukaliptoa, %12. Bien artean, beraz, %52 osatzen dute; falta den %48az ez dugu daturik lortu; suposa daiteke sastrakak, autoktonoak edota laboreetan eragindakoak izan daitezkeela.
Ikusten da, nagusiki, koniferen eta eukaliptoen monolaborantza izan dela erregai nagusiena seigarren mailako suteetan, ia kontrolaezinak bilakatzeraino, monolaborantza horren sukoitasuna dela eta, beste faktore batzuekin batera.
Monolaborantza sukoiaren datuak ez dira inoiz agertzen komunikabideetan, bai ordea abandonoa, zikinkeria eta sastrakak. Abandonoaren diskurtsoaren gainean eraikitzen ari da mendi garbiaren behar interesatua. Nora eramaten gaitu garbitasun artifizial, antinatural horrek? Berriro ere mendiaren extraktibismora, zeinetan interesatuta dagoen lobby forestalak biomasa delakoaren negozioarekin bonbardatzen gaituen etengabe. RTVEk 2022an plazaratutako Mas leña que la arde programan zera dio: "Biomasarekin, pelletarekin elikatutako estufak urtero %28ko igoera izaten ari dira. Suteek egiten dutena da egur gehiago eskura izatea eta, gainera merkeago. Errusia eta Bielorrusiaren gatazka hasi denetik ez dira bertatik 4 milioi tona pellet inportatzen 'egur konfliktiboa' delako". Espainiako biomasa elkartearen datuek diote exportazioa Europarantz gora doala.
Beste sektore inplikatua, halabeharrez, sua itzaltzeko enpresak dira. Horren harira zera esan beharra dago: 2025eko otsailaren 7an suteei dagozkien lehiaketa publikoak Espainia mailan banatzeko hitzarmena egon badagoela epaitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, lehen aldiz. Epaiak deskribatzen duenez, 1999tik 2018ra bitartean, suteak itzaltzeko aire-nabigazioaren sektoreko enpresaburu-talde batek, Espainia mailan lizitatutako lehiaketa publikoak geografikoki banatzeko ituna egin ondoren, legez kanpoko zenbait jokabide garatu zituzten ordezkatzen zituzten enpresa-taldeen eta sozietateen barruan, eta, kasu batzuetan, gai horretan eskumenak zituzten agintarien edo funtzionario publikoen laguntza izan zuten.
Eta bukatzeko beste bi sektore inplikatuak ganaduzaleena eta ehiztariena dira; inplikatuak diogu, ez eragileak, denak ezin baitira zaku berean sartu.
Asturiasko Ecologistas en Accion taldeak, 2025eko abuztuaren 20an plazaratutako berri batean zera dio, beste gauza askoren artean: Artzaintzarako mugaketa sistema lehengoratu behar da. Berriro diogu Asturias ez da erretzen, erre egiten dute. Sute gehienak gizakiaren esku-hartzean sortzen dira, kasuen % 80an larreak sortzeko eta sastrakak kentzeko. Asturiasko Printzerriak mugaketak ezabatu zituen 2017an, eta, ondorioz, suarekin irabazitako lurra aprobetxa daiteke. Asturiasen zazpi Biosfera erreserbetatik seitan eragina izan dute suteek.
Ehiztariei dagokienez Aliseda(Caceres)ko sutean frogatuta dago, adibidez, ehiztariek eragin dutela eta 4.000 ha. erre direla ehiza uxatu eta onura ekonomikoak lortzeko. Oso larria da.
Eta geurean zer? Ez dugu sute esanguratsurik izan aurten baina 1998an Berriatuatik Debaraino sekulako sutea izan zen eta 2022an Balmasedako 500 ha. erre ziren. Ez gaitezen inozoak izan, hemen ere ekaitz perfektua iristean, eta gero eta aukera gehiago daude horretarako, errepikatuko da; begiratu bestela aurten Asturiasen gertatutakoa.
Laburbilduz, jarri ditugun datuak, besteak beste, MITECOtik, Espainiako Biomasa elkartetik, Espainiako Auzitegi Nazionaletik, Asturiasko Ecologistas en Accionetik, RTVEtik eta El Mundo egunkaritik atera ditugu. Uste dugu zeresan ugari irekitzen direla eta bakoitzak bere ondorioak ateratzeko baliagarriak izan daitezkeela.
Ez da egurra soilik erretzen dena, denon etorkizuna baizik.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545