Ekaina bustitu, gure nausia kexu

Ura erein daiteke, eta inkek bazekiten nola

Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura lurrean infiltratzen da eta horrek bizia ekartzen dio inguruari. Peruko Jauja eskualdean, Masajcancha komunitatean, César Dávila ingeniariak 25 urte daramatza zeregin horretan. Dávilak lortu du basamortua besterik ez zen lur puska batean bertako landaretza berreskuratzea eta labore zein larreak ugaritzea.  


2025eko martxoaren 05a
Andeetan antzinatik gizakiak egindako ur biltegiak dira qocha-k. Teknika horren bidez ura lurrean infiltratzen da pixkanaka, eta inguruko larre zein laboreei mesede egiten die urte osoan. Argazkia: Sierra Azul
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Jaka brodatuak eta kapelu koloretsuak soinean, jauzi eta brinko hasi dira dantzariak jostari. Ez da maskarada baten barrikada, ez dira Ilarduiako porreroak, baina erritualak badu zerikusirik natura esnatzearekin eta aldarrikapenarekin, inauteriek duten gisan. Perun, Andeetako glaziarren oinean, Yaku Raymi ospatzen dute urtero, “uraren festa”, kitxueraz. Guraize berezi batzuk eskuan dituztela, jantzi tradizionalak aireratzen dituzte hango txirula eta biolinen doinupean, eta Apu edo mendietako jainkoei opariak eskaintzen dizkiete, euria eta ura ekar dezaten. Egun horretan, gainera, herritarrek ubideak garbitzen dituzte auzolanean.

Halako festa bat antolatu dute martxoaren 21ean Peruko Jauja eskualdean dagoen Masajcanchako komunitatean, Uraren Nazioarteko Eguna dela eta. Kokapena ez da ausazkoa, Limatik ekialdera hainbat ziento kilometrora dagoen muino malkartsu horretan esperimentu arrakastatsu bat martxan baitago duela 25 urtetik hona: inken garaian eta haien aurretik existitzen ziren qocha aintzira naturalak berreskuratu dituzte presa xume batzuekin, biltegiratutako ura lurrean infiltratu eta urte osoan izan dezaten, nola nekazariek laboreetarako hala abereek bazkatzeko larreetarako.

La Cosecha del Futuro etxaldeko qochak, inguruan baso eta larreak dituela. Irudia: Musuc Pacha

Masajcanchan bertako basoz berdetu da ingurua, eta “txoritxoen soinua entzun daiteke orain”, dio pozik proiektuaren arima den César Dávila ingeniariak, sare sozialetan milaka jarraitzaile dituen Francisco Arangoa komunikatzaileak Musuc Pacha izeneko kanalean paratutako Milagro en los Andes (Miraria Andeetan) bideo-elkarrizketan. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote antzinako teknika horri, eta horregatik jarri diote han sorturiko etxaldeari La cosecha del futuro (Etorkizuneko uzta) izena. Ura, bizitza eta etorkizuna da Andeetako sinesmen zaharretan; ez alferrik duela bost mende Inken zibilizazioak azpiegitura hidrauliko konplexuak eraiki zituen Pachamama-rekin eta naturarekin sinbiosian.

Harrigarriena da, orain, zibilizazio oso baten jakinduria ezpatan pasa zuen pertsona bera laudatu dutela ahalkerik gabe Peruko hiriburuan. Limako alkate ultraeskuindar Rafael López Aliagaren iduriko, Francisco Pizarro espainiar konkistatzailea ez zen genozida bat izan, eta bere eskultura berrezarri du 2003an kendu zuten toki berean. Errekonkista hasi da. Horretarako gonbidatu hoberik ezin zuen aukeratu gainera: Isabel Díaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentea. “Gure historia konpartitua errespetatzeko beste urrats bat da honakoa”, esan zuen PPko agintariak berrezartze ekitaldian.

Isabel Díaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea, atzean Pizarroren estatua berrezarria duela. Argazkia: Madrilgo Erkidegoa

Mexikoko La Jornada egunkari ezkertiarrak editorial gogorra kaleratu zuen urtarrilaren 19ko zenbakian, Peru: de Pizarro a Ayuso (Peru: Pizarrotik Ayusora) izenburuarekin, konkistatzailearen –eta bere jarraitzaile ultren– itzuleraren harira: “Errebisionismo arrazistaren aurrean, beharrezkoa da behin eta berriz esatea ez dagoela historia konpartiturik, espainiarrek, jakindurien arteko elkarrizketa bat hasi beharrean, ehundaka kultura suntsitu zituztelako beraiena inposatzeko”, dio.

Horretaz guztiz konbentzituta ez dagoenak, hala ere, nahikoa du Éric Vuillard idazle frantziarraren Conquistadors eleberria irakurtzea –orain gaztelaniaz ere bai–, zeinean Pizarrok 1532an Cajamarcan Atahualpa nola harrapatu zuen deskribatzen duen, literatura nahiko gore bat erabilita: “Tronua bizkarrean zeramatenak Pizarroren oinetara jaurti ziren, eta ez ziren defendatu ezpatak euren haragian hondoratu zirenean...”, leitu daiteke.

Unibertsitate ikasketak amaitu zituenean, César Dávilak ikusi zuen Masajcanchako bere komunitatea pelean zebilela ondoko komunitateekin iturri batengatik. Eta gatazka horri aterabidea bilatu nahirik, konturatu zen Andeetako toki askotan oraindik antzinako teknologiak erabiltzen zituztela ura kontserbatzeko

Jakintza partekatzea

Zergatik aipatzen dugu Ayusoren kontu hori? Pizarroren eskultura txalotzeaz gain, ura kudeatzeko informatika sistema “aurreratu” bat esportatzera ere joan delako Madrilgo presidentea Limara. Beraz, orain metropolitik software baten bidez esango diete perutarrei nola edo zertan erabili behar duten ura; utikan milaka urtetan pilatutako bertako jakintza.

Dávilari ez diote ziri hori sartuko baina. Unibertsitate ikasketak amaitu zituenean, ikusi zuen Masajcanchako bere komunitatea pelean zebilela ondoko komunitateekin iturri batengatik. Eta gatazka horri aterabidea bilatu nahirik, konturatu zen Andeetako toki askotan oraindik antzinako teknologiak erabiltzen zituztela ura kontserbatzeko. Horrela ekin zion lehen "qochita" berreskuratzeari 1999an. Gaur egun bere etxaldean sei qocha dituzte, eta laku horien ingurumarian landaretza eta fauna anitza garatu da.

César Dávila ingeniaria, eskuan zuhaitz "ur ereile" baten hostoa duela. 25 urte daramatza inken teknika zaharrak eta modernoagoak ezartzen bere etxaldean. Irudia: Musuc Pacha

“Euria zerutik dator, eta ikusi behar da inkek nola biltegiratzen zuten ura. Gure arbasoek eraikitzen zituzten mikro-gordailu horiei esker, lehen ur tanta bat ez genuen tokian orain urte osoan daukagu”, azaldu dio Dávilak kameraren atzean dagoen elkarrizketatzaileari. Goi-ordokian dauden qocha horien ondoan bofedalak sortzen dira –urezko "koltxoi" antzeko batzuk dituzten ekosistemak– eta beherago dauden lurrak berehala hasten dira nabaritzen uraren infiltrazioaren onurak.

Jadanik bertako 105.000 zuhaixka eta landare espezie aldatu dituzte: “Horietako batzuek hostoetan iletxoak dituzte eta goizeko ihintza edo basura harrapatzen dute, horregatik ur ereileak ere deitzen zaie"

Baina teknika zaharrak berriagoekin ere uztartu ditu ingeniariak. Esaterako, labore desberdinak ondoan jarri eta errotatzea –agro-bioaniztasuna mantentzeko–, edo aintziraren bazterrak basoberritzea. Jadanik bertako 105.000 zuhaixka eta landare espezie aldatu dituzte: “Horietako batzuek hostoetan iletxoak dituzte eta goizeko ihintza edo basura harrapatzen dute, horregatik ur ereileak ere deitzen zaie". Dohain hori duten bost espezie soilik daudela dio gure lagunak: quinual (Polylepis), qolle (Buddleja coriacea), Andeetako haltza (Alnus acuminata), quishuar (Buddleja incana) eta chachacomo (Escallonia resinosa). Beste landare batzuek, berriz, lurpean den ura "deitu" eta garbitu egiten dute, putacca (Rumex peruvianus) edo “uraren landarea” kasu. Horietako batzuek esanahi berezia dute andetar kulturan, eta galzorian daude.

Masajcanchako esperientziak erakutsi du zer garrantzia duten uraren zikloa berreskuratzen duten ekimenek Andeetan, sikateen eta glaziarren urtzea medio, klima larrialdia munduan gehien eragiten ari den tokietako batean. “Politika publikoek halakoak sustatu beharko lituzkete, inbertitzen eta komunitateak antolatzen”, dio Dávilak irmo.

'Sierra Azul', Peruko Gobernuaren programako ur mikro-gordailua sortzeko obrak. La oso xumeek bidez ura urte osorako izateko eta bioaniztasuna hobetzeko teknika antzinakoak erabili dituzte. Argazkia: Peruko Gobernua

Hain justu, lorratz orri jarraituta, Peruko Gobernuaren Nekazaritza Garapenerako Ministerioak Sierra Azul programa jarri du abian, eta diru-funts baten bidez 220 qocha baino gehiago berreskuratu dituzte jadanik Ayacucho, Puno, Huancavelica eta Lambayeque eskualdeetan. Hori bai da historia eta jakintza partekatzea.

Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari
2025-04-09 | Urko Apaolaza Avila
Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional... (+)
Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua
2025-03-20 | Urko Apaolaza Avila
Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten... (+)
Nola eragingo die AEBen eta Europaren arteko norgehiagokak Euskal Herriko produktuei?
2025-03-13 | Urko Apaolaza Avila
Europako Batzordeak 26.000 milioi euroren inportazioak zergapetuko ditu apirilaren 1etik aurrera, Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga-zergei erantzunez. Enbido-komertzialek jarraitzen badute, Euskal Herrian lehen... (+)
"Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko"
2025-03-02 | Urko Apaolaza Avila
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen... (+)
Repsolek beretzat nahi ditu Urumeako mendiak, Euskal Herriko zentral eoliko handiena jartzeko
2025-02-20 | Urko Apaolaza Avila
Josu Jon Imazen konpainiak helegitea jarri du Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Endesari “iruzurra” egitea egotzita. Adarra eta Mandoegi mendien artean 15 aerosorgailu, 28 kilometroko bidea eta... (+)
gora