Asteroko buletina
Urtarrileko elur, burdinazko elur.

Jendez hustutako landa eremuetara basabizitza ez da uste bezala itzultzen

Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede globalak betetzeko bidean lagundu ote dezake joera masibo baina isil horrek? Kontua giza jardueraz harago doa.


2025eko otsailaren 03a

2022 bukaeran, bioaniztasunari buruzko COP15 goi bileraren karietara, hitzarmena adostu zuten: planetaren %30a giza jarduerarik gabe uzteko xedea finkatu zuten, ARGIAren 2.813. zenbakiko Bioaniztasuna ez da baitezpada babestuko planetaren %30 biztanlerik gabe utziz erreportajean aipatzen genuen bezala. Hitzarmen horrek autoktonoen eskubideen inguruko kezkak piztu zituen, hainbatetan eremu bat babesgune izendatuz gero autoktonokoak kanporatuak izaten direlako.

Gizakia eta bioaniztasunaren arteko harremanen inguruko bi ikusmolde nahiko bateraezin agertu ziren eztabaidetan: bata bioaniztasuna eta gizakiaren eragina –nahitaez bioaniztasunarentzat kaltegarria, neurri txiki edo handiagoan– kontrajartzen dituena, bertzea gizakiak bioaniztasuna zaindu eta zabaldu dezakeela dioena. Hainbat ikerketak erakutsi dute indigenak, munduko populakuntzaren %5 inguru baizik ez izanki, munduko bioaniztasunaren %80 inguru aterpetzen duten lurraldeetan –eremu tropikaletan nagusiki– bizi direla, eta haien bizimodu tradizionalek hainbat modutan bioaniztasuna babesten dutela.

Gugandik hurbilagoko sistemetan, adibidez Europako landa eremuan, nolakoa da gizakia eta bioaniztasunaren arteko harremana? Gai hori bero bilakatu zen azken hilabeteetako laborarien manifestaldietan

Erreportaje hartan Amazonia aipatzen genuen, baita Andaluziako Alpujarra mendikateko ubide sistemak ere, bertako lurzoruen hezetasuna eraldatuta ekosistema aberatsagoak sortarazi zituztenak. Baina adibide horiek urrun ditugu espazioan –Amazonia– edo denboran –industriaurreko ubideak mendietan–.

Gugandik hurbilagoko sistemetan, adibidez Europako landa eremuan, nolakoa da gizakia eta bioaniztasunaren arteko harremana? Gai hori bero bilakatu zen azken hilabeteetako laborarien manifestaldietan, eredu industrialaren sustatzaileen arabera oztopo gero eta gehiago bioaniztasuna babesteko arautegitik omen baitatoz, ARGIAren 2.859. zenbakian Laborantza ereduaren auzia dugu laborarien ongiezaren oinarrian erreportajean azaldu bezala. Frantziako Estatuan bereziki, Bioaniztasunaren Agentziak erasoak pairatu ditu: egoitza arpilatuak, agente mehatxatuak, eta berriki Lehen ministroak ere agente haien lana kritikatu du. Indigenen bizimodutik ezin urrunago, gure landa eremuan laborantza eredu hegemonikoak bioaniztasuna oztopotzat du.

Landa eremuak jendez husten direnean...

Ikuspegi horren arabera, laborariek bioaniztasuna soroetatik urrun nahiago dute. Eta soroen hesien bertzaldeko ikuspegitik, bioaniztasunaren defendatzaileek irudika lezakete gune batean laborantza geldituz gero bioaniztasuna itzuliko litzatekeela, pixkanaka jatorrizko ekosistema berrosatuta. Hala gertatzen ote da? Hori aztergai du Göttingengo Unibertsitateko Gergana Daskalova ikertzaileak. Bulgariako Tyurkmen herrian zuten etxea bere amonaitonek. Herri hori landa eremu periferikoen despopulazioaren muturreko adibidea da: azken ehun urteotan bere populakuntzaren %83 baino gehiago galdu du. 1990eko hamarkadako kolapso ekonomikoaren ondotik, bertan bizi ziren heldu gazte asko joan ziren lan bila hirietara edo mendebaldeko Europara, askotan haurrak amonaitonekin utzirik.

Bulgariako Tyurkmen herrian zuten etxea bere amonaitonek. Herri hori landa eremu periferikoen despopulazioaren muturreko adibidea da: azken ehun urteotan bere populakuntzaren %83 baino gehiago galdu du

Bulgaria ez da halere mundu mailan anomalia landa eremuak husteari dagokionez: mundua gero eta gehiago urbanizatzen ari da, gaur egun populakuntzaren erdia hirian bizi da, eta mende erdian %70 inguru izan daitezke urbanoak. Honek hainbat eskualdetan laborantza eredu industriala indartzen du –etxalde handiagoak, hektareako laborari gutiagorekin–, baina gune periferikoenetan –menditsuak edo lurzoru emangaitzekoak, hirietatik urrun kokatuak– laborantza desagerpena dakar.
1950eko hamarkadatik hona, 4 milioi kilometro koadro laborantza lur –ia Europar Batasunaren azalera– bertan behera utzi dira mundu mailan, horren laurdena baino gehiago Sobietar Batasun ohian dela.

Abandonatze faktore berri bat gehituko zaie orain arteko arrazoi ekonomikoei: klima aldaketa –batez ere jarduera gero eta gehiago ezin badira aseguratu–. Neurri handiko fenomeno horrek oso arreta guti piztu ohi du, eta guti dira Daskalova bezala hori aztertzen dutenak. Zehazki, Bulgarian abandonatze maila ezberdineko 30 herri periferikotan deskribatzen ditu oihanen, landarediaren eta txori populazioen bilakaera, bertzeak bertze.

... bioaniztasuna ez da baitezpada denetan zabaltzen

Bere aurkikuntza nagusietariko bat da paisaien eta ekosistemen bilakaera oso aldakorra dela, eta abandonatzearen aurreko jardueren arabera ezberdina dela. Orokorrean, oihanak egoera gehienetan zabaltzen dira, baita oihanei loturiko txori eta ornogabe populazioak ere. Interesgarriki, bioaniztasuna gehien emendatzen da aurretik eredu industrialeko eta aniztasun gutiko laborantza egin ohi zen eremuetan. Aldiz, kasu batzuetan abandonatzearen ondotik bioaniztasuna behera doa. Hori gertatzen da bereziki “paisaia kulturaletan” –hau da, giza jarduerek ingurunearekin batera sorturiko paisaietan– eta “autokontsumorako laborantza ezaugarri nagusitzat daukaten sistema sozioekologiko trinkoetan”, Daskalovaren hitzetan. Gehitzen du: “Bazter horien eta beren jendeen ko-eboluzioaren historia luzeak habitaten heterogeneitate handia sortu du, abandonatzearen ondorioz desagertu daitekeena, horrek tokian tokiko espezie urrien desagerpena eta bioaniztasunaren homogeneizazioa eragin ditzakeelarik”. Hain zuzen, batzuetan laborantza uztearen ondotik espezie bat oso hegemonikoa bilakatu daiteke, adibidez, Solidago canadensis Polonian, laborantzako lur utzien azaleraren hiru laurdenak estaltzen dituena. Bertan intsektu polinizatzaileen biomasak %60-%70 jaitsi dira eta txori kopurua %50.

Orokorrean, oihanak egoera gehienetan zabaltzen dira, baita oihanei loturiko txori eta ornogabe populazioak ere. Interesgarriki, bioaniztasuna gehien emendatzen da aurretik eredu industrialeko eta aniztasun gutiko laborantza egin ohi zen eremuetan. Aldiz, kasu batzuetan abandonatzearen ondotik bioaniztasuna behera doa

Daskalovak aztergai duen Bulgarian, ailantoa (Ailanthus altissima) da gailentzen eremu handitan, inbaditzailea den zuhaitz horrek bertze espezieei toki guti utzirik. Aipatzen dituen sistema sozioekologikoetan, aldiz, bazka larreek bioaniztasun gehiago aterpetu dezakete, bioaniztasuna aterpetzeko zehazki landutako larreek baino.

Kontua ez da, beraz, gune batean giza jarduerarik egotea ala ez, baizik eta heterogeneitatea eta aniztasuna. Halakorik aurkitu dezakegu ukitu gabeko oihan zahar batean, baita iraupeneko laborantzako “paisaia kultural” batean ere. Eta espezie guti duten eremu homogenoak daude hilero mozturiko soropil urbano batean, baita landare inbaditzailez estalduriko soro ohi batean ere.

Mozambiken kontratatu zituen militarren torturak isilpean gorde ditu Total multinazionalak
2025-02-23 | Nicolas Goñi
Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu... (+)
Nola bihurtu lurzoruak klimaren laguntzaile?
2025-01-12 | Nicolas Goñi
Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen... (+)
Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak arazoa kudeaezin bihurtu dezake
2024-12-15 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu,... (+)
Betirako urpetutako lurrez ordaintzen dute klima aldaketa Hego Sudanen
2024-11-24 | Nicolas Goñi
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat... (+)
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat
2024-11-03 | Nicolas Goñi
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora