“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar zukuaren bueltan eta sagarrondoz inguratutako lorategian elkartu gara. Hau ez da Hernani edo Astigarraga, baina nabaria da sagarrarekiko harremana eta kultura bizirik dagoela hemen ere. Harrotasunez —eta erdi bromaz, gipuzkoarrak pittin bat xaxatzeko gogoz— gogoratu dute EAEko lehendabiziko sagardo ekologikoa hemendik, Barrundiako herriburu den Ozaetatik atera zela 2003 inguruan. Bada zerbait.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Baina ez da sagardoa gaurko protagonista, sagar zukuaz hitz egitera etorri baikara Arabako udalerri honetara. Izan ere, duela hamar urte sortu zuten sagar zukua egiteko eraldaketa gune publikoa Ozaetako udal instalazioetan, eta geroztik, ehunka dira bertatik pasatu diren herritarrak. Ehunka herritar, milaka kilo sagar, eta milaka litro zuku. Proiektuaren ezinbesteko bultzatzaile izan da hamabost urte bete berri dituen OKT Barrundiako Kontsumitzaile Taldea eta Ekonomatoa.
Sagar zukua ekoizteko proiektuaren jatorria ezagutzeko, ordea, beharrezkoa da urte mordoxka atzera egitea. Duela 30 urte iritsi zen Koldo Lopez Borobia Ozaetara, sagardoa egiten hasteko asmoz, eta eskualdeak sagarrarekin iraganean eta orainean zuen harremana jaso nahi izan zuen beste kide batzuekin batera. “Patxi Segura izeneko gizon bat egon zen hemen, Larrea herrian, partzelaria egin baino lehen Arabako mintegi partikular bakarra zuen haren familiak. Mintegi horretatik ateratzen ziren Arabako toki askotara eta Barrundiako herrietara fruta-arbolak, eta Segura bera zen barietateak txertatzen zituena”, azaldu du.
Seguraren aitak ere bazuen mintegia, beraz, aspaldiko kontuak dira. 70 urte? 80? Ez dakite zehazki, baina 50 urtetik gora behintzat bai. Eta, bertako bezala har litezkeen hiru sagar barietate zabaldu zituzten mintegi hartatik: frantsesa, udare-sagarra eta bella de Boskoop. “Kirgizistangoa omen da jatorriz sagarra, beraz, hona ere beste nonbaitetik iritsia da, ‘bertako’ esatea agian ez da guztiz zuzena. Baina mintegietan oso ongi jabetzen ziren zeintzuk egokitzen ziren ongi eta horiek aukeratzen eta zabaltzen zituzten. Beraz, hona ongi egokitutako barietateak dira”, azaldu du Lopez Borobiak.
Sagarraren eskualdeko historian arakatzen, Ozaetako etxe batean zeuden ehun urtetik gorako sagarrondo batzuekin ere jo zuten
Sagarraren eskualdeko historian arakatzen, Ozaetako etxe batean zeuden ehun urtetik gorako sagarrondo batzuekin ere jo zuten. “Barietate horiek ez ditugu beste inon ikusten, ez Gipuzkoako barietateen artean, ezta Asturiaskoen artean ere. Tokiaren izenarekin jaso ditugu guk; sei sagarrondo dira, bada, azufi1, azufi2, azufi3… horrela izendatu ditugu”, dio. Ikerketa lanean ikusi zuten, halaber, Gipuzkoan bezala sagarretik bizi zen jenderik ez, ekoizpen handiegirik ez, baina sagarrarekin harremana beti egon dela eskualdean: sagarrondo sail txikiak daude, zaletasuna duen jendea, baratze guztietan ikusten da sagarrondoren bat edo beste, sagarrari lotutako toponimia presente dago…
“Beti egon da jendea lotura hori mantendu duena, hari fin bat izan da askotan, baina lerroa mantendu dute, eutsi diote. Eta ez da Ozaetan bakarrik egon kultura hori, Eturan, Larrean, Elgean… beste herrietan ere bai”, azpimarratu dute. Elgea herrian, esaterako, barrularu sagar barietatea topatu dute, eskualdean erreferente dena bertako sagar barietate bezala. “Bizpahiru tokitan zeuden barrularu horiek, Zirilo Mendazak aspaldi txertatuak. Barru-horia esan nahi du izenak, horixka delako fruitua barrutik”. Barietate horren jatorria Marieta herrian kokatzen da, 1930eko hamarkadan, 1936ko gerraren aurretik. Elgeako familia batek handik aldaxkak atera eta herriko garaiko bi baselizen ondoan txertatu zituzten. 1980ko hamarkadan, Mendazak Elgeatik aldaxkak jaso eta Ozaetan txertatu zituen. Barietate goiztiarra da barrularua, eta luze iraun dezake. Orain, Ekonomato atarian dute bat landatua, sinbolikoki eskualdean duen garrantziagatik.
Sagarrondo zaharrak eta sagar barietate desberdinak identifikatzeko lanarekin, Barrundiako sagarrondoen errolda osatu zuten 2014an proiektuko kideek. Ikerketa parte-hartzailea izan zen, boluntarioekin eta kontsumitzaile taldeko kideekin osatu zutena. “Bilatzen genituen sagar guztiak gure etxean jasotzea zen helburuetako bat, errolda hori egin eta banku moduko bat osatzeko”. 15-20 bat sagar mota jaso dituzte Lopez Borobiaren etxean, nahiz eta horietako zenbait galdu egin diren. “Esanguratsuenak mantentzea, behintzat, lortu dugu”, dio.
Behin eskualdeko sagarrondoen errolda eta identifikazio lana eginda, sagarrondo horiek mantentzeko eta babesteko zer egin zezaketen pentsatzen hasi ziren Ekonomatoan. “Ikusten genuen, sagarrondo horietako sagarren erdia baino gehiago lurrean gelditzen zela usteltzen. Batzuk jango zituzten, baina gehienak galdu egiten ziren”, dio Santi Txintxurretak. Bera zen garai hartan Ekonomatoko arduradun, eta berak eta beste zenbait kidek urteak zeramatzaten Aramaioko eraldaketa gunera sagarrak eraman eta zukua egiten. Hortik bururatu zitzaien Barrundiarako antzeko egitasmo bat aproposa izan zitekeela.
2014an, hain justu, Arabako Foru Aldundiak eta ASSE Arabako Sagar eta Sagardogileen Elkarteak sagar zukua egiteko ekipo mugikorra erosi zuten, Arabako zenbait herritatik pasatzeko. “Ekonomatora iritsi zitzaigun informazioa, eta herrira ekartzea erabaki genuen. Pedro Lizarralde aramaioarra ibiltzen zen karroarekin herriz herri, eta horrela hasi zen hemen jendea animatzen”, dio Txintxurretak. Ozaetara bitan eraman zuten sagar zukua egiteko karrotxoa, eta ongi funtzionatu zuela eta horrelako zerbait sortzea hain zaila ez zela ikusita, egitasmo propioa martxan jartzea pentsatu zuten. “Ekipo mugikorraren proiektuari segituz, Araban sortu zen hainbat tokitan makineria erosteko ideia. Hemen, gainera, ekonomatoaren eta udalaren babesa genuen, eta erostea erabaki zen”. 2015ean egin zuten lehen sasoia Barrundiako makineria propioarekin.
Ozaetako frontoiko harmailen azpian bazuen lokal txiki bat udalak, eta bertan muntatu zuten eraldaketa gunea. “Matxaka, prentsa eta pasteurizagailua, horiek dira behar diren makinak, ez da sekulako inbertsioa behar”, azaldu du Txintxurretak. Ekonomatotik kudeatu zituzten lehen urtean sagar zukua egiteko txandak, eta makineria erabiltzen laguntzeko langile bat kontratatu zuten sasoirako. “Jendea bere sagarrekin etortzen zen, instalazioak erabiltzen zituzten bertako langilearekin batera, zegokiena ordaintzen zuten eta etxera bueltatzen ziren sagar zuku botilekin”, diote. Arantza Arrien izan da urte askoan eraldaketa guneko langilea, eta bere inplikazioa eta egindako lana azpimarratu dute proiektuko kideek.
Herritarren arteko harremanak sustatzeko ere balio izan du aurtengo eredu autogestionatuak
Baina, eskala oso txikiko zerbait izango zela uste zutena, segituan hasi zen indarra hartzen eta zabaltzen. Astean txanda gutxi batzuk beteko zirela uste zuten bultzatzaileek hasieran, eta arratsaldetan soilik hasi ziren. Segituan ikusi zuten, ordea, goizetan ere egin beharko zirela txandak. “Sekulako boom-a izan zen lehen urtean, eta ahal bezala moldatu ginen. Bigarren urtean, berriz, bi langile kontratatu ziren hasieratik, eta txandak astelehenetik ostiralera goizetan eta arratsaldetan eta larunbat goizetan egiten ziren”, azaldu du Susana Lopez de Ullibarri proiektuko kideak eta ekonomatoko gaurko arduradunak. Txanda bakoitzean 200 kilo sagar eraldatzen dira, eta 100 litro zuku inguru ateratzen dituzte.
Lehen urteetan, batik bat Barrundiako herritarrak aritu ziren zukua egiten, baina egitasmoaren berri ahoz aho zabaltzen joan zen pixkanaka, eta urtetik urtera, talde gehiago animatzen ziren. “Hasierako helburua hemengo sagastiak aprobetxatzea zen, eta, gerora ere, lehentasuna hemengoek zuten, baina kanpotik ere geroz eta jende gehiago etortzen hasi zen”, azaldu dute. Kanpotik, nondik? Bada, Bizkaiko kostaldetik, Nafarroatik, Debagaraitik, Bergara aldetik, Burgostik… milaka sagar zuku litro, Ozaetatik mundura. “2015ean 12.000 litro atera ziren; 2016an 3.700; 2017an 11.000; 2018an 17.000…”. Urtetik urtera, gorakoa izan da joera.
Bultzatzaileen filosofia, hasieratik, proiektu honekin mundu guztiak irabaztea izan da: ekonomatoak, langileak, sagarrondoek, erabiltzaileak… “Sagar zuku botilaren balioa bi eurotan kalkulatu genuen: euro erdi inguru sagarraren balioa zen; beste euro erdi, langilearena; hirugarren euro erdia, jabearen lanarena; eta azken euro erdia botila, tapa eta gauza horiek ordaintzeko zen”, azaldu du Txintxurretak. Erabiltzaileek botilako euroa ordaintzen zuten, dena den, sagarraren balioa eta haien lanarena kentzen baitzitzaion prezioari. Eta, nahi zutenek, gainera, sagar zukutan ordain zezaketen zati bat, botila batzuk Ekonomatoko kontsumitzaile taldearentzat utziz.
Aurtengo sagar zuku kanpainan, ordea, funtzionamendu aldaketa nabarmen bat egon da: Barrundiako herritarretara mugatu da eraldaketa gunearen erabilera. “Iaz, betiko langileak utzi egin zuen, eta jende berri bat hartu genuen lanerako. Ongi joan zen kanpaina, baina, geroz eta zailagoa ari zitzaigun egiten lanerako jendea topatzea, oso intentsiboa baita”, azaldu du Lopez de Ullibarrik.
“Bertako sagarra aprobetxatzea, sagarrondoak eta lurra zaintzen jarraitzea… horiek ziren hastapeneko helburuak, eta sagar zukuarena horretarako motibazioa da, nolabait”
Izan ere, urtetik urtera kopuruak igotzen zihoazen bezala, dinamizazio eta antolakuntza lanetan ari ziren elkarteko kideen eta eraldaketa guneko langilearen presioa ere handitzen ari zen. “Tentsioa handia zen, zeren, hemengo herritarrak gure artean ezagutzen gara, eta jendeak uler dezake batzuetan arazoak egon daitezkeela, edo langilea gaixotu dela, edo botilak falta direla… hau ez baita enpresa bat. Baina kanpokoekin, batzuetan, zailagoa zen. Gutxitan gertatu da, baina gerta zitekeen, eta presioa izugarria zen”, gehitu du Txintxurretak.
Horregatik, proiektuaren jatorrira eta helburuetara jo dute berriz. “Bertako sagarra aprobetxatzea, sagarrondoak eta lurra zaintzen jarraitzea… horiek ziren hastapeneko helburuak, eta sagar zukuarena horretarako motibazioa da, nolabait”. Beraz, kanpotik zetozenei muga jarri behar izatearen penaz, baina ekoizpena Barrundiako herritarretara mugatzea erabaki dute. “Pena da, baina tira, agian beste herri batzuetan antzeko proiektuak martxan jartzeko aukera polita izan daiteke hau”, diote. Bertako herritarrekin 45 txanda bete dituzte aurten, Barrundiak 900 biztanle inguru dituela kontuan izanda, ez da zenbaki makala. “8.000 litro inguru atera dira, eta langilerik egon ez denez, txanda bakoitzaren ardura izan da tresneria behar bezala zaintzea eta gunea txukun eta garbi mantentzea”, gehitu dute.
Bultzatzaileek aipatu dutenez, herritarren arteko harremanak sustatzeko ere balio izan du aurtengo eredu autogestionatuak. Izan ere, txanden artean, behin baino gehiagotan gertatu da esperientzia luzea zutenak eta hasi berriak espontaneoki elkartzea. “Sagar zukuaren proiektuak hori ere egin du, harreman berriak eta udalerrian herritarren arteko lotura handiagoa izatea bultzatu baitu”, adierazi du ekonomatoko arduradunak. Zukua egiten duten herritar gehienak familiak direla nabarmendu dute. “Adineko jende asko hurbiltzen da, seme-alabekin eta ilobekin askotan”. Bestalde, herriko eskola txikiko ikasleek eta Gasteizko Itaka fundazioko kideek [azaleko argazkian haiek agertzen dira] ere erabiltzen dituzte Ozaetako instalazioak.
--------------------
Ekonomatoa denda bat baino askoz gehiago dela azpimarratzen dute kideek, bertatik hamaika proiektu eta egitasmo sortu baitira: formakuntzak, tailerrak, jarduerak, ekimenak… Sagarrari lotutako formakuntzari dagokionez, 2016an, sagastien inguruko ikastaroa antolatu zuten. Hiru saio egin zituzten: udaberrian, udan, eta udazkenean, sagarrondoen urte osoko prozesua ezagutzeko. 60 herritar baino gehiagok parte hartu zuen ikastaro hartan. Eta, aurrerago, 2019an, sagardogintzari lotutako beste ikastaro bat ere egin zuten, Jakoba Errekondorekin. “Bestetik, ez da formakuntza hain egituratua, baina gure artean txertaketak egiten ikasteko eta bestelako jakintzak partekatzeko espazioak ere sortzen ditugu maiz”, gehitu du Lopez Borobiak.
Barrundiako Udalaren lokal batean dago ekonomatoa gaur egun, eta ostiral goizeko jendearen joan-etorria eta mugimendua ikusita, nabaria da erosketak egiteko gune izateaz gain, herritarren topagune ere badela. Lopez de Ullibarrik azaldu du, gainera, euskaraz bizitzeko arnasgune bihurtu dela ekonomatoa, eskualdeko erreferente bat, hizkuntzaren alorrean ere.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545