Asteroko buletina
Negu bigunegiak, uda gogorregia.

Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen

Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta ikasketa handiak izan ditu. "Oso babestuta dauden ikasleak dira eta basoan aske uzteak asko lagundu die".

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2024ko irailaren 04a

Naturan hezi EHUren udako ikastaroan azaldutako esperientzia kontatzeko eskatu diogu Nahia Aguado Alvarezi. Haur Hezkuntzako irakaslea da, Irungo Toki Alai ikastetxean. 5 urteko haurrekin baso-eskolara joaten dira asteazkenero, ikastetxetik nahiko gertu dagoen natur eremu publiko batera; “xarma berezia duen basoa da, espezie ugari aurki daiteke”. Bertara iristeko, baina, malda handia igo beharra dago eta ez da samurra, batez ere haur txikientzat, eta zer esanik ez mugikortasun arazoren bat baldin badute.

5 urteko gelara igaroko ziren bi ikaslek mugikortasun arazoak zituztela-eta, galdera sortu zen eskolan: bai malda igotzeko, bai baso-eskolan eroso eta ongi aritzeko, zer egin eta nola jokatu? Umeetako bat moldatzen da ibiltzen, baina esertzeko, altxatzeko eta hainbat mugimendutarako zailtasunak ditu. Bestearen kasuan, trabak handiagoak dira: garuneko arazoen ondorioz, ibiltzeko zailtasunak ditu, baita esertzeko eta altxatzeko ere. “Jakina, ez genuen planteatu ere egin haur horiek basora joan gabe uztea”, dio Aguadok. Baso-eskolako kideekin harremanetan jarri ziren eta hasieran pentsatu zuten aulki egokitua erosi beharko zutela, bereziki mugikortasun arazo handienak dituen haurrarentzat, baina dirurik ez zutela kontatu du irakasleak. Eta hara non, Kemen Fundazioa deskubritu zuten.

"Gainerako ikaskideak bezala basoan zutik egon daitezen alboan etengabe heldu bat izatea da modua? Ala eskularruak eta belaun-babesak jantzi eta utzi egingo diegu nahieran aritu daitezen?"

Kemen Fundazioa desgaitasunen bat duten pertsonen kirol kluba da eta joëlette izenez ezagutzen den bizikleta egokitua utzi zieten, musutruk. Bi pertsonen artean eramaten da (batek aurretik tiratzen du, lera bailitzan; besteak atzetik egiten du indarra) eta haurra maldan gora basoraino eroso eramatea ahalbidetzen du. Fundazioko lehendakari Fernando Michelenaren hitzetan, baliabide eta material egokitu ugari dute eta mugikortasun arazoak dituen edonork eska ditzake, doan utziko diete mendira joan ahal izateko edo kirola egiteko. Are gehiago, zenbaitetan boluntarioak ere joaten dira, bizikletan edo bestelakoren batean haurra eramateko laguntza behar izanez gero.

Behin basoan, zer? Nola jokatu? “Haur horiek basoan gainerako ikaskideak bezala zutik egon daitezen alboan etengabe heldu bat izatea da modua? Ala eskularruak eta belaun-babesak jantzi eta utzi egingo diegu batzuetan zutik, bestetan lau hankatan, nahieran aritu daitezen?” gogoetatu zuten irakasleek, Nahia Aguadok azaldu duenez. “Hainbat muga gure buruan daudela konturatu ginen, baina haiek direla eroso sentitu behar dutenak, ez gu, eta beraz, eskularruak eta belaun-babesak erosi eta haurrei aukera eman genien nahi zuten moduan aritzeko, lurrean gusturen arituko ziren moldean”. Emaitza: “Ikusi dugu espazio berrira euren modura egokitu direla, helburua ez dela bilatzea nola iritsi daitezkeen besteak bezala, baizik eta nola ahalbidetu iritsi daitezen beraien modura”.

Eremu lau batetik basoko espazio irregularrera igarotzea, adarrak, harriak, zubiak, gora-beherak, zintzilikatzeko zuhaitzak… izatea entrenamendu handia da gorputzarentzat, dio Aguadok. Denontzat da onuragarria, baina haur hauek sarri gainerakoek baino aukera gutxiago izan ohi dute basora joateko: “Ebakuntza bat bestearen atzetik, zailtasunak eta bestelako lehentasunak dituzte, eta mugikortasun arazoekin basora joan ahal izatea beti ez dute erraza familiek”.

"Hasieran, heldu bati itsatsita egoten zen. Beldurrak gainditu ahala, bere kabuz moldatzen joan zen; sarri erortzen zen, baina berehala altxatzen zen, lasai asko"

Nola hasi zen, eta nola bukatu

Prozesua ederra izan dela kontatu du irakasleak, eta batak eta besteak izan duten garapena, sekulakoa. Mugikortasun zailtasun handienak zituen ikaslearen kasuan, basora bizikleta egokituan eramaten zuten hasieran, eta malda oinez igotzen bukatu zuen, lagunen eskutik helduta. “Pentsa zenbat gauza barnebiltzen dituen irudi horrek”. Bere garapen fisikorako, baso-eskola gimnasioan tope aritzearen modukoa izan dela dio Aguadok, eta asko hobetu duela.

Beste ikasleak masa muskularra irabazi du, baina batez ere beldurren aurrean eman dituen aurrerapausoak nabarmendu ditu irakasleak. Taka-taka erabiltzen zuen egunerokoan, baina basora ezin zuenez tramankulua eraman, beldur handiak zituen hasieran, negar egiteraino. Heldu bati itsatsita egoten zen. “Bere esperientzia da lurrera erortzean, hormigoira, mina hartzea, baina besteak beste ikusi zuen basoan lurrera erortzea ez dela hain mingarria. Beldurrak gainditzen joan zen, eta nahiz eta leku zailenetan helduaren laguntza eskatu edo lau hankatan mugitu, gehienetan bere kabuz oinez moldatzen zen; sarri erortzen zen, baina berehala altxatzen zen, lasai asko”. Hori ere erronka izan da irakasleentzat, “erortzen zela ikusi eta segituan atzetik ez joatea; ongi baldin bazegoen eta ez bazuen gure laguntza eskatzen, ez genuen zertan joan. Bizitza osoan oso babestuta egon diren ikasleak dira, basora joan ahal izan daitezen adibidez bakoitzari heldu bana esleitu behar zaio, bestela ezin dugu haiekin basora joan, eta beti pertsona nagusi bat baldin baduzu zure alboan, harenganako menpekotasuna sortzen zaizu. Basoan nahiko libre uzteak, heldurik gabe seguru sentitzen den eremu batean mugitzeak, independentzia eta autonomia eman die”.

Goiko argazkietan, ikasturte hasiera: ikasleetako bat bizikleta egokituan eramaten zuten baso-eskolara, eta bestea helduez lagunduta igotzen zen. Beheko argazkian, ikasturte amaieran, bi haurrak gainerako ikasleekin batera basora igotzen, beren kabuz.

Fisioterapeuta ere, basora

Fisioterapeutak rol garrantzitsua izan du honetan guztian. Basora irten ahal izateko helduen laguntza behar zutelako batetik, eta batez ere ikasle horiei eskola-orduetan dagokien fisioterapeutak bere jarduna basoan askoz hobeto aprobetxatu zezakeela sinetsita, proposatu zioten ikasle bakoitzarekin zituen saioak basoan egitea, eta Laxia Urresti fisioterapeutak baietz esan zuen. Urrestiren hitzetan, esperientzia zoragarria izan da, mugikortasuna lantzeko basoak eskaintzen dituen baliabide anitzengatik, baita basoan haur guztiekin batera egin dituelako saioak –ikastetxean haurra gelatik atera eta bakardadean jardun behar duzu, fisio saioan–. Lanketa ez da soilik fisikoa izan, ikasleek beldurrei aurre egitea eta beldurrak gainetik kentzea, eroriz gero berdin diola erakustea eta urratsez urrats aurrera egiten segitzea izan da bere lanaren zati garrantzitsuenetakoa.

Azken finean, baso-eskolan duten oinarrietako bat arriskuaren pedagogia dela adierazi du Nahia Aguadok, haurrak eurak izan daitezen dituzten mugak deskubritu eta beraien burua ezagutzen doazenak, noraino iritsi daitezkeen jakiteko, zuhaitzera igotzean, enbor baten gainetik oreka mantenduz ibiltzean, eremu gorabeheratsuetan lasterka aritzean… “Gaur egungo gizartean, bereziki hirietan bizi diren haurrek mugak dituzte eguneroko oztopo: kontuz autoekin, ez igo horra, ez ukitu hori, ez joan hain azkar, espaloitik ez atera, erne errepidea gurutzatzerakoan… Haurrak bizi dira kanpotik datozen etengabeko agindu eta mugez inguratuta, eta horrek nabarmen kaltetzen du beren burua behar bezala ezagutzea. Nola jakingo dut noraino heltzeko gai naizen?”.

Aipaturiko bi ikasleez gain, mugikortasun zailtasunik ez baina aniztasun funtzionala duen 4 urteko haur bat ere eraman zuten baso-eskolara. Adinagatik egokitzen ez zitzaion arren, hala erabaki zuten, aurrez izandako esperientziak aintzat hartuta. “Ikusi duzu zer nolako onura egiten dien aniztasun funtzionala duten ikasleei baso-eskolara joateak. Autismo Espektroko Nahasmendua duten ikasleen kasuan esaterako, ikastetxeetako akustika zaratatsuak eta argi ez naturalek estres handia sortu ohi diete, eta hori guztia erabat aldatzen da basoan, estres maila jaitsi eta bat-batean izugarrizko aurrerapausoak ikusi dizkiegu harremanetan, hizkuntzaren garapenean, jarreran…".

"Haurrak bizi dira kanpotik datozen agindu eta mugez inguratuta. Nola jakingo dut noraino heltzeko gai naizen?"

Eskola, jesarrita egoteko leku hori

Kontuak kontu, baso-eskola ikasle guztien ikasketa eta garapenarentzat da onuragarria, eta ikerketek hala frogatzen dutela jakitun, beharbada beste nonbait kokatu beharko genuke fokua: eskola barruan hainbeste orduz eserita egoteak ez ote die kalte egiten ikasleei? Irungo Toki Alai ikastetxean, beste eskola ugaritan egiten duten moduan, Haur Hezkuntzan mugimendu autonomoaren filosofia praktikatzen dutela eta haurrak gelaz gela mugitzen direla kontatu digu Aguadok, “baina nahiz eta eskura ditugun aukerak baliatzen ditugun, ukaezina da eskolak eremu itxiak eta patioak hormigoizko zoru lau hesituak direla. Arkitekto bati entzun niona errepikatuz, eskolak sortzeko planoak kartzelak sortzeko planoetatik ateratzen dira, zer pentsatua eman beharko liguke. Haurrak hainbeste babestu nahi horretan, neurriz kanpoko emaitzak ditugu”.

Luis Larrañaga Gorputz Hezkuntzako irakasleak argi utzi zuen, Non dago gorputza eskolan? mahai-inguruan (Larrun, 227): “Ikasleek mugimendu beharra ez dute aseta. Batzuek eskolaz kanpoko ekintzak egingo dituzte, baina egunero ikastetxean ordu ugari pasatzea eta ordu horietako gehienak eserita egotea ez da egokia. Gorputza berez prestatuta dago mugimendurako, ez orduak eta orduak eserita egoteko, eta horrek ondorioak ekartzen ditu”. Horregatik ere, ikasle guztientzat aberasgarria da baso-eskola, lau pareten artetik atera eta naturara salto egitea, eta Toki Alain frogatu dute mugikortasun zailtasunak ez direla oztopo, putzu, lokatz eta zuhaitz artean ikasteko.

"Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat"
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku... (+)
Valentziako presidentearen aurkako salaketa jarri dute, eta haren dimisioa eskatu
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa... (+)
Zaintza beharrean, kontrola lehenesten duen arkitektura dugu eskoletan
Ikastetxetako patioen eraldaketak ugaritzen ari diren arren, oraindik eraikin zaharkituak eta azpiegitura zurrunak dira nagusi hezkuntzan (barruko nahiz kanpoko espazioetan), gustura ikasi, mugitu eta harremanak... (+)
Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak
Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko... (+)
Zergatik ez gara arreta mantentzeko gai?
Langileen %80ak ez du ordubete irauten arreta galdu gabe eta %20 inguru hamar minuturo distraitzen da. Kontzentratzeko gaitasun falta ez da soilik mugikorren eta estimulu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora